Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

KONDOIAREN ZAPOREA

 

Lasai, astiro hurbilduko zaizu,

irribarre batez jantzita,

pega-pega eginda daraman soineko baten barruan,

eta berbetan hasiko zaizu

betiko lagunak,

betiko maitaleak bazinete bezala,

putetxeko ilunpe horretan.

 

Hurbil-hurbil egingo dizu berba,

bere hatsa senti dezazun,

eta igarriko duzu

bere eskuak zelan bidaiatuko duen

zure bularretik, astiro,

zure hankarteraino, astiroago,

gerri aldean dantza gozoan jarri arte.

 

Ederto jakingo du

ez zarela orduan pentsatzeko gauza,

ez zaizula burmuinera odola iristen,

ezta bihotzera ere,

odol guztia

hankartera bonbeatzen ari zaizula.

 

Prostitutaren ezpainetan

kondoiaren zaporea igarriko duzu

musukatzen zaituenean,

eta ez duzu arrazoia jakingo.

 

Kondoia jantziko dizu

zakil harrotuan

eta hura miazkatzen hasiko da.

Orduan ulertuko duzu

bere ezpainen zaporea,

orduan ulertuko duzu

miseria hau guztia.

 

Baina berandu izango da.