Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

3 KOÑAK UNDERGROUND

 

Tabernako leihotik itsasadarra ikusten da suge ilun baten antzera. Halaxe begitandu zaio Gabriel Arestiri zeru goibeleko arratsaldean, zirimiriak ur uherrok zelan laztantzen dituen begira, zirimiriak Bilbao zahar hau zelan bustitzen duen begira, ezpainetara kafesne koñakatua daraman bitartean. Tabernako atea zabaldu, barrura sartu eta Gabrielen ondora jesarri da Bukowski.

        Zer behar duk, Charley?

        Koñaka, doblea eta berotua.

        Non ibili haiz, ba? —galdetu dio Arestik.

        Han eta hemen, norabiderik gabe. Jende larregi nonahi, badakik.

        Amerikanoak Guggenheimera joaten dituk —diotso Arestik irribarre maltzurrez—, euren sukurtsal bat baino ez garela pentsatzen ditek.

        Guggenheim izenak Estatu Batuetako bekadun koipemaile eta adurzaleak ekartzen zizkidak gogora —dio Bukowskik, koñak doblea eta berotua ekarri duen neskaren ipurdiari begira—, esateko ganorazko ezer ez daukan sasi-intelektual jendea, baina Guggen errapetik bizi dena. Ez nauk handik pasako. Nahiago ditiat hemendik gertu San Francisco kalean ikusi ditudan musulman eta beltz horien begiradak; poema ederrak isur litezkek horien begietatik... Noren zain gaudek?

        Haren zain —diotso.

        Eta Celso Emilio Ferreiro sartu da, panazko txamarra bustia goraino lotuta. Barran koñaka eskatu eta Gabriel eta Charleyren ondoan jesarri da.

        Faltan zeukaat Kaliforniako eguzkia —dio Charleyk, kristaletik bestaldera begira; dena gris, dena langarra.

        Nondik hator? —galdetu dio Gabrielek Celso Emiliori.

        Sestao eta Barakaldoko itsasadar bazterretan ibili nauk, txatarra meta eta garabi ugertuen artean lasai paseatzen. Bart amets egin nian Lois Pereirorekin, bere poema zati honekin:

 

Que a vida non me sorprenda xamais

desprevenido calado e neutral

e que un segundo antes de renderme

vaia tamén comigo a imaxe do que fun cando era outro

Fumes de Barakaldo Rentería Sestao

invernías nos corpos desde dentro e ferro húmido

nos aceiros da Ría do Nervión co Ruhr cruzado...

 

        Kobetasmendi, Monte Caramelo eta inguru horietan galdua hintzela uste nian, hargin galego zaharren baten bila, euren hizkeraren sekretuak argitzearren, hargina «arxina» eta beste bitxi hori «gitxi a gitxi, pouco a pouco...».

        Ez, Gabriel, ez nauk gure itsaso barreneko konexioaren bila ibili. Berbak ez naik inorekin anaitzen. Ukabilkadaren norabideari erreparatzen zioat. Hortik Loisen poema.

        Hilda zegok Lois —diotso Gabrielek.

        Gu bezain hilik, gu bezala harrek janda, lurrarekin berdinduta.

        Horixe duk bakerik berdaderoena —dio Charleyk—, besterik bilatzea lan antzua duk. Nik orain gustura ikusiko nitizkek zaldiak trostan, hortxe, itsasadarreko ur gainean, trostan, adurra muturretan... itsasaldera...

        Hemendik gutxira —esan du Gabrielek barre artean— Bilbao Ria 2000 delakoak igoal aterako dik halako bideo joko bat.

        Tira, hori harriak baino hotzagoa duk —iruditu zaio Ferreirori—, hotzagoa eta hilagoa.

        Hori guztia ustela duk, lagunok. Beraz, jarrai dezagun koñakarekin, horrexek eramango naik agian zaldien paradisura —dio Charleyk, eta hurbiltzeko keinua egin dio barran ari den neskari.

        Bere ipurdi ederrarekin konformatu beharko duk bitartean —ziria sartu dio Gabrielek.

        Bai, beharko. Urte larregi eman nian halakorik gabe. Ez ipurdi ederrik ez arrakastarik. Editoreek behin eta berriro itzultzen zizkidatean bidalitako poemak eta narrazioak, literatur baliorik ez zeukatela esanez. Hala ere, nire idazmakina zaharretik zeozer benetakoa, zeozer potentea ateratzen zela sentitzen nian, sua zegoela lerro zikin haietan.

        Ezaguna egiten zaidak hori.

        Eta lurpean hagoenean aitortzen ditek lanaren balioa.

        Baina bost axola euren errekonozimendua, gurea...

        Gurea underground, lagunok —eten dio Charleyk.

        Lurpean gaudelako?

        Lurpean bageunde bezala idatzi genian, eta benetan lurpean gaudela bostekoa eman nahi zigutek. Barregarria.

        Underground, beraz, gurea.

        Hiru koñak eskatuko zizkioat ipurdi ederreko andereñoari. Itsasadar gaineko zaldiak gertu ikusten ditiat.

        Gertu ikusi nahi duana ipurdi eder hori duk, Charley.

        Ipurdia, zaldiak, koñaka, zuek... Gertu, bizitza ikusi nahi diat.