Aurkibidea
HAIKU MAIKU
Poeta miope hau
parke ondoko kafetegi batean jesarri
eta haiku bat idazten saiatzen da,
leihotik zuhaitzei begira,
haiku bat, haiku eder bat,
bost zazpi bost,
zuhaitzei begira.
Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala
Irribarre egin du,
kafesnea ahora daramala,
libretan idatzitakoa irakurtzen duen bitartean.
Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala
Ezkietara itzuli du begirada,
euren azpian etzanda dagoen gizon beltz bat
cd-z betetako poltsa zarpailtsu pare bat
ikusi barik.
Inork ez daki
gizon beltz hori
bizirik ala hilda dagoen
zeru itsaso zikin honen azpian.
Hala ere
poeta miopeak
ederto bete du etxeko lana
idazleen akademiarako...
bost zazpi bost.