Aurkibidea
AMODIOA ETA TXAKOLINA
Arbolagañako txakolindegian
elkartzen ziren maiteminduak
iraileko arratsaldeetan.
Masustak more, txakolina fresko;
eta itsasadarrean,
behi-adar erraldoiez joak bezala,
ontzi arribatu berrien sirenak.
Ondoko trenbideak pasata,
pikondoen gerizpean,
maiteminduek astiro-astiro
botoiak askatzen zizkioten elkarri.
Hura guztia
Arbolagañako txakolindegian,
botila pare bat hustutakoan.