Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

GINEBRAREN BESOETAN

 

Goizeko hamaikak aldera Amaiaren tabernara

ahal bezala heldu

ahal bezala sartu

ahal bezala barrara hurreratu da Lete,

eskuak praketako poltsikoetan

dantzan jartzen dituen dardarizoa ezkutatu nahian,

ilea busti berri eta txarto orraztua,

begiak apur bat bilduta

eta musu inguruan

aurpegia desitxuratzen dion oinaze keinua.

 

Badirudi

Herioak

bere azkazal luze, zorrotz eta pozoitsuak

iltzatu dizkiola

erruki gabe

etengabe

hezur-mamietaraino,

bihotzeraino.

 

Eta Letek,

MG botilari begira,

Amaiari begiratu barik,

baso bat ginebra eskatu dio,

baso zabalean.

 

Eskua agudo eta dardaraka doa

ginebra baso atera berrira,

une honetan

bizitza bera jokoan baleuka bezala,

eta jokoan dauka, antza,

eta arnasa hartu barik

zurrutada bitan

hustu egin du basoa.

 

Isilik gaude

Amaia, Lete eta hirurok,

azkazal luze, zorrotz eta pozoitsuak

iltzatu dizkion Herioa bezala.

 

Begien keinu batez

basoa berriro betetzeko adierazi du Letek.

Amaiak, bigarrena etorriko zela jakitun,

ez du ginebra bueltatu botilen artera,

eta bigarren laztan etilikoa zerbitzatu dio,

eta Letek, aurrekoan bezala,

zurrutada bitan hustu du basoa,

zurrutada mantsoago bitan,

eta igarri egin da

haren mihiak

zelan igeri egin duen ginebran

plazer betean,

zelan eztarriratu duen

begiak bilduta,

zelan baretu duen egonezina.

 

Orain ez dago Herioaren oinaze arrastorik,

ez dago Leteren larruazalean iltzatutako azkazalik.

Ginebra erreginak,

su koloreko adatsak, gerezi zaporeko ezpainak,

gozo besarkatu du

eta musukatu

eta miazkatu

 

Letek, oraindik begiak bilduta,

zera diotson bitartean:

Maite zaitut!