Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

HERRIMINARI GERRA

 

Gure etxeko balkoitik ederto ikusten ziren

aduanetako puerto franco hartan

atrakatutako itsasontzien banderak,

hormatzar haren gainetik

txapelokerren gorroto begiraden artetik

itsasadarraren altzo gazi eta lohitsuan.

 

Kolore guztietako banderen artean

CCCP hizki handien gaineko gorria

gustukoena genuen,

are gustukoago

haizeak olgetan ipintzen zuenean,

eta uste genuen, gizajook,

iraultza bera zekartela

merkatalontzi haien deposituetan,

edozein momentutan lehertuko liratekeen

11.000 kilo dinamita bezala.

 

Baina ez,

merkatalontzi haien barrutik

hirunaka edo launakako taldetxoetan banatzen ziren

marinelak baino ez ziren lehorreratzen,

burumakur,

begirada zerua bezain goibel,

isilik.

Aurreneko botikara jotzen zuten,

96 graduko alkohol botila batzuk erosi eta

edozein likore arrunt bezala edaten zituzten

Elorrietako bihurgunean,

itsasadarreko bazterrean jesarrita

kanalari begira,

kanaleko ur koipeztu, lohi eta hilei begira,

berba gutxi ezpainetan,

zurrutada luzeak ezpainetan,

alkohol dinamitero hura ezpainetan.

 

Gibelari gerra.

Herriminari gerra.