ARESTI-DUCHAMP
XAKE PARTIDA
Aresti:
Hire txanda, Marcel.
Duchamp:
Ez zagok presarik.
Xakea marraztea bezala duk.
Buruan marrazten dituk mugimenduak
eta gero taulan.
Onena duk xake-taula ez dela koadro bat,
behin bukatu eta hilik geratzen dena.
Bizia duk, Calder bat bezalakoa.
Ez zagok presarik. Mugimendu on batek,
lan on batek bezala,
bere denbora eskatzen dik.
Aresti:
Halako zerbait gertatu zitzaioan
margolari txinatar hari ere.
Enperadoreak karramarro baten marrazkia eskatu
ziolarik, margolariak jauregia eta
hamabi zerbitzari galdegin zizkioan trukean.
Eta bost urteko epea.
Bost urte igarota artean hasi gabe zegoelako
beste bost urteko epea eskatu zioan
enperadoreari. Hark eman.
Azkenik, pintzela hartu eta istant batean
marraztu zian karramarroa,
denik eta karramarrorik perfektuena.
(Duchampek zupada eman dio puruari eta dorrea jan)
Duchamp:
Dena den, aukera guztiak zitian
besoa moztu edo urkamendian bukatzeko.
Lana ez bukatzea zen litekeena.
Atera kontuak, neuk ere hamar urte
igaro nitian «Beira handia» egiten.
Aspaldi utzi nioan pintatzeari,
hogeita bost urte besterik ez nituela.
Ezertxo ere egiten ez nuela uste zitean.
Neurri batean egia zuan, bizitza bilakatu zuan
garai batean nire artelanik behinena.
Baina tarteka ekiten nioan proiektu eskerga horri.
Zorigaitzaren kontuak, azkenik
bukatu gabe zegoela saldu nian,
diru gabe eta gogaiturik.
Aresti:
Zakurrek egiten ditek dantza diruagatik.
Duchamp:
Gasturik ezean ez duk dirurik behar.
Zenbat eta gauza gehiago nahi
orduan eta zor handiagoa.
Ezer gutxi izatea duk onena.
(Arestik bi pieza jan dizkio mugimendu bakar batean)
Aresti:
Ezer gabe geratuko haiz
horrela jokatzen baduk.
Ez duk batere defentsa onik.
Duchamp:
Soldaduska ez egitearren izango duk.
Aresti:
Nik neuk ere ez nian luzaroan egin.
Soldaduei idazten eta nagusiei
ingelesa irakasten niean.
Etxetik arra bete bidera.
Duchamp:
Abokatuak eta medikuak
hobe moldatzen zituan gurean.
Eta baita arte langileak ere.
Grabatuak egiten zitian aitonak.
Neu ere grabatugilea nintzela
agindu niean erroldakoei.
Jakina, ez nian ideiarik.
Hala ere, ganbara miatu,
aitonaren xafla zaharrak hartu
eta horrelaxe agertu ninduan tribunalera.
Oso-osorik sinetsi zitean.
Aresti:
Gaztetan ere plazagizon.
Duchamp:
Ez zagok arterik entzulerik gabe.
Picasso eta Metzinger zatozkidak burura.
Kubismoa famako egin aurretik
Metzinger zegoan ahominean.
Azaldu egiten zian hark kubismoa.
Gero konturatu gintuan ez zela azalpenik behar.
Picasso agertu eta bandera bilakatu zuan berehala.
Jendeak ez zian besterik nahi.
Metzinger gaixoa ahaztu egin zitean.
Aresti:
Poesiak ere ez dik esplikaziorik behar.
Lizardi konprenitu egiten duk,
heldu egiten duk.
Isiltasunak inguratzen dik hitza.
Isiltasun horretan zabaldu behar dituk leihoak.
Pentsa, Amazoniako indiarrek
zuloak zabaltzen ditiztek oihanean.
Lurra landatu eta urte beteren buruan
berriz luzatzen dituk zuhaitzak.
Oihanean zuloak egin behar ditiztek hitzek.
Soilik behar beharrezkoak diren zuloak,
oihan guztia biluztu gabe.
Baina arrazoi duk,
idazle batentzat inportanteena
irakurria izatea duk.
(Duchampek pieza mugitu du pentsakor)
Duchamp:
Zer botatzen duk gehien faltan?
Aresti:
Etxekoak, lagunak, oinak lurrean izatea.
Beti flotean ibili behar honek
nekatzen naik. Nork esango
hilondoan flotatzen egongo ginela denok
hodeiak bezala, lantzean-lantzean
norbaitekin elkartuz, dela erromatarra,
dela bikingoen garaikoa,
dela Etxeberri Sarakoa.
Onena elkarrizketak dituk,
hainbeste jenderekin gertatzea.
Duchamp:
Nik ez nian honelakorik espero.
Infernuko ideiak ere tentatu egiten nindian.
Halako errepublika libre bat izateak,
inolako araurik gabea.
Nik uste Cravanek ere
halako zerbait espero zuela
Mexikon desagertu zelarik.
Lagun guztiei deitu, portuan agurtu
eta txalupa batean alde egin zian bakarrik,
ur handietara.
Oraindik ez diat harekin topo egin.
Aresti:
Bilbon izan nahiko nikek nik,
berriro errioan bainatu
eta Abadiñoko harriak ikusi,
dozena bat antigoaleko harri
biribilean jarririk, batzarrak egiteko.
Duchamp:
Ez zituan ba margolariak batzeko izango?
Aresti:
Ez, gizona.
Duchamp:
Idazleak?
Aresti:
Ezta ere. Baina gogoan diat
behin batean bi idazlek
nortasun txartelak trukatu zituztela
literatur kongresu batean:
Oihenartek Miranderen argazkia paparrean
eta Mirandek Oihenartena.
Barregarria izan zuan.
(Arestik patrikatik errekarri txiki bat atera du)
Aresti:
Harriak botatzen ditiat faltan.
Duchamp:
Hik harriak eta nik beira.
Ez diagu bikote txarra egiten.
Beirak ezkutukoa uzten dik agerian,
beirazkoak dituk leihoak,
beirazkoak godaletak,
beirazkoak hareazko erlojuak.
(Harrizko dorrea mugitzeko keinua egin du Arestik)
Aresti:
Ez zaiguk jokatzeko pieza asko geratzen...
Duchamp:
Nik ez diat gogoko partidak bukatzea.
Badakik liburu bat idatzi nuela
oso gutxitan gertatzen den
xake mugimendu bati buruz.
Mugimendu horretan
ezin ziok batek besteari irabazi.
Oso gutxitan gertatzen duk;
gu biok elkar topatzeko bezain
aukera gutxi zaudek,
planeta guztiak lerroan jartzea bezain.
Onena beste kasualitate baterako
ixtea izango duk.
Mendeak eta mendeak ditiagu
aurretik, Gabriel.
Aresti:
Ados.
(Duchampek eskua luzatu dio Arestiri)
Duchamp:
Plazer bat izan duk.
Aresti:
Laster arte.
(Trapezistak balira bezala elkarri tira egin eta bat alde batera eta bestea bestera joan dira, geldo, hodeien gisara).