ARROTZA
Ez dakit noiztik izan zen, ezin dizut esan.
Duela hilabete bat jabetu nintzen eta
gauero gertatu zen geroztik.
Kontu handiz egiten nituen egiteko denak,
autoa ohiko toki seguruan utzi,
ateak ondo itxita zeudela ziurtatu. Baina alferrik.
Biharamunean zabalik aurkituko nuen.
Hasieran autoa beste auzo batzuetan
uztea deliberatu nuen. Alferrik.
Zabalik aurkitzen nuen. Agi denean,
norbaitek lo egiten zuen barruan.
Eta haren usainarekin joaten nintzen lanera.
Gero pentsatu nuen, lo besterik egiten ez bazuen
ez zela hainbesterako. Azken batean,
ez zuen autoa lapurtzen. Areago,
atsegin zitzaidan urruneko lurrin hura.
Nongoa ote zen galdetzen nion neure buruari,
nolakoa, beltza ala ezti kolorekoa.
Lore bat utzi nion behin. Hartu egin zuen.
Hurrengo egunean, mezu bat utzi nion.
Alferrik. Ez da geroztik agertu.