HALINA
Aurpegi alaia zuen Mirenek, atsegina berbaldia,
zauriak sendatu uste dituenarena,
zerotik hasi berriarena.
Ez nuen aspaldian ikusi.
Gure etxe barrukoa zen eta haurtzaroan
bi familiok gertatu izan ginen igandeetan.
Miren urteak helduagoa zen ni baino.
Gazte ezkondu zela banekien,
eta banuen bere banaketaren berri.
Harritu ninduen berarekin hard-core
kontzertu batean topo egiteak.
Ondoan zuen lagun bat, eszenatokira begira.
Lantzean behin kirika egiten zion
eskuartean nahasten ari zen kostoari.
«Tadek izena du, poloniarra da.
Kartzelatik atera berritan ezagutu nuen
pasa den astean. Elkarrekin bizi gara etxean.
Larrua jotzen dugu etengabe, eta erre eta erre.
Ez diot ezer ulertzen. Polonieraz eta
errusieraz mintzo da soilik. Egia esan,
hitz bakarra ateratzen da bere ahotik,
emakume baten izena: Halina.
Ez du beste berbarik».
Tadekek eten egin zuen gure jarduna.
«Halina» hots egin zion
kanutoa egina zela gaztigatzeko:
«Halina, Halina».