AMESGAIZTOA
Haurrekin amets egin dut gaur ere,
gerrako haurrekin.
Automobil batean zihoazen
muga zeharkatzeko asmoz, nagusirik gabe,
bakarrik, gidatzen ere doi-doi zekitela.
Gurasoek, etsiturik,
nahiago zuten haurrak auto-istripuz hiltzea
egunero bonbek urratzen duten hirian baino.
Ihesi zihoazen, halabeharrak utzitako
azken aukera profitatu nahian.
Esnatzeko eginahalak egin, baina
behin eta berriz hondoratzen nintzen
amesgaizto hartan.
Beti amets bera.
Haurrekin egin dut amets. Gerrako haurrekin.
Neu ere haurra nintzen. Eta ihes egiten genuen,
mugarantz, kantari:
«Nora goaz? Ez dakit!
Nora goaz? Gu pozik!».