BIDAIA KAIERA: ASILAH
Asilah-ko talapean itsasoa.
Harkaitzetan oinotsak.
Itzal artegak harat-honat.
Hainbat gizon-emakume fardelak aldean.
Lipar batean desagertu egin dira,
sugandila ikaratiak balira bezala, ihesi.
Saidek hautsi du isiltasuna:
«Hegoaldeko nekazariak dira.
Europara iritsi direla uste dute.
Horregatik dabiltza horren isilean.
Tarifa edo Kanariar irletako kostatik
hurbil daudela esaten diete bateletako lemazainek,
itsasoan bira eta bira ibili ondoren.
Lehorrekoak izaki ez dira konturatzen
Marokoko uretatik atera ere ez direla egin,
ez dakite abiatu diren lur berberera iritsi direla,
atzera».