Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
 

 

EZIN ESAN

 

Ezin da esan Libertatea, ezin da esan Berdintasuna,

ezin da esan Anaitasuna, ezin esan.

Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz.

Ahaztu egin da antzinako legea.

 

Uholak eraman du hitzen eta gauzen arteko zubia.

Ezin zaio esan tiranoak erabaki irizten dionari heriotza.

Ezin da esan norbait falta dugunean,

oroitzapen txikienak odolusten gaituenean.

 

Inperfektua da hizkuntza, higatu egin dira zeinuak

errotarri zaharrak bezala, ibiliaren ibiliz. Horregatik,

 

ezin da esan Maitasuna, ezin da esan Edertasuna,

ezin da esan Elkartasuna, ezin esan.

Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz.

Ahaztu egin da antzinako legea.

 

Alabaina «ene maitea» zure ahotik entzutean

aitor dut zirrara eragiten didala,

dela egia, dela gezurra.