Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
 

 

AUTOBUSEAN

 

Mugarantz naraman autobusean

entzun dut atzeko bikotearen solasa:

 

— Maite zaitut —dio mutilak.

— Zergatik? —neskak.

— Ez dakit... polita zarelako, agian.

— Horregatik bakarrik maite nauzu?

— Ez, beste zerbaitegatik ere izango da.

— Zergatik orduan?

— Ez dakit. Orain ez zait ezer bururatzen.

— Beraz, ez nauzu maite.

— Ba ez, ez zaitut maite —dio mutilak.

— Zergatik? —neskak.

 

Veronan Trentora lanera doazen

puta nigeriar lirainak igo dira;

kantari egin dute ordubeteko bidea.

Adornoren liburua hartu dut berriro:

«Alemanez, boterea eta indarkeria hitz bera dira».

 

Munichera narama autobusak.