Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
 

 

MAHMUD

 

Aipa nezake lehenik ama, Assia arreba gaztea,

eta Aita, besamotza eta edadetua, etxeko patioan.

Aipa nitzake zerurik zabalenak, albaraka lurrina,

laranja urez bustitako eskuak.

 

Aipa nezake Kotimo, lagunik minena,

handia eta umoretsua.

Nola ikusten genuen telebista elkarrekin,

nola egiten genuen eskolatik ihesi

Tangerko molletara joateko,

nola imajinatzen genituen Londres,

Amsterdam edo New York,

portuko urazalaren gasolina orbanetan.

 

Bada behin eta berriz entzun dudan kontakizun bat.

Aitak kontatzen zigun txikitan.

Toledo izeneko hiri bat aipatzen zuen,

bazela hiri hartan dorre bat,

eta dorrean ate bat hogeita lau giltzarrapoz kondenatua.

Kontatzen zigun errege bat hil bakoitzean

beste giltzarrapo bat jartzen zuela errege berriak,

aurrekoen ohiturari jarraituz.

 

Hogeita bosgarren erregeari jakinminak gehiago egin zion,

eta erreinuko jakintsuen esanei muzin eginez

giltzarrapoak banan-banan kendu eta

atea zabaltzeko agindu zuen.

Mundu guztiaren harridurarako,

dorre barruan margo batzuk besterik ez zituzten aurkitu.

Horixe zen hango altxor guztia.

Margoek soldadu arabeak irudikatzen zituzten,

zaldiak, gameluak.

Eta azken margoan gaztigu hau:

ate hau zabaltzean soldadu arabeek hartuko dute hiria.

 

Ilundu orduko sartu zen Tariq b. Ziyad Toledoko hirian,

eta berehala hil zuen bertako erregea,

jakinminak gehiago egin zion errege hura.

 

Aitaren kontakizuna nuen gogoan

Tangertik Cadizerako bidean.

Europako gerra batean galdu zuen besoa aitak.

Esaten zuen ez zegoela ezer itsasoaz bestalde,

kentzeko asmo horiek burutik, zahar sentitzen zela,

laguntza behar zutela etxea gobernatzeko.

 

Aipa nezake gauez atera ginela Tangertik,

hogeita lau ordu luze behar izan genituela

Cadizera heltzeko.

Aipa nezake ehun eta berrogeita hamar mila

kobratu zigula patroiak bidaiaren truke.

Eta berrogei gehiago, poliziak ikusi gabe

hondartzatik aterako gintuela agindu zigun alproja hark,

dirua hartu baina gure bila agertu ez zen berak.

Gero etorri ziren Madril, Bartzelona, Bordele, Bilbo.

Eraikinak, denda handiak, galsoro lehorrak.

Baita gaua eta alkohola ere

eta pikuak bezala urtzen ziren gorputz lirainak.

 

Bada behin eta berriz burura datorkidan amesgaizto bat,

amesgaiztorik latzena.

Benetan jazoriko horiek baitira latzenak.

Ezin ahantz dezaket Kotimo, liskar batean hila

hondartzako alproja harekin topo egin ondoren.

Zorigaitzaren kontuak.

Ezin ahantz, berrogei mila horiengatik

egin zutela bat komun hartan odolak eta elurrak.

 

Patioan utzi ditut lagunak. Galerietarantz egin dut.

Urrun da albaraka lurrina,

urrun laranja-urez bustiriko eskuak.

Burdinazko ateak zeharkatzen ari da

labanderiako gurditxoa.

Begira egoten naiz horrelakoetan.

Barrote artetik kaleko atea ere ikusten dut suerterik bada.

Ongi zenbatuak ditut hemendik kalera dauden ateak.

 

Hogeita lau giltzarrapo besterik ez dira.