Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

22

 

Erlojuari begiratu dio berriro Joxanek. Afrikar giroko San Franciscotik buelta pare bat eman ostean, magrebiar, beltz, ijito eta puten artetik ibili ostean, nor bere txokoan, jakina, La Merced zubira abiatu da aldapan behera. Orain urte batzuk, Galiziako aurreneko urteetan, boxeo borrokak iragartzen zituzten kartel batzuetan bere izena agertzen zen, Jose Antonio Uriarte, o boi vasco, eta beherago, hizki handiz, GRAN VELADA. Berba horiek etorri zaizkio Joxani, gaur izan daitekeelako bere «gran velada», azkena, boxeoan lortutako sariak eta diruak baino plazer handiagoa emango diona... Txerraren heriotzak eragindako mina arinduko duena.

        Galizian ikasi du zelatan egoten, sasipean ibiltzen, joan-etorrien ordutegiak kalkulatzen, ibilbideak zehazten... basurde ehizan balego bezala. Eta badaki gaur Agirrek afaria daukala Barrenkale barrena ondoko soziedadean, ostiral gehienetan bezala, eta berandutu barik La Merced zubitik pasatuko dela, gorago dagoen putetxe batera joateko, afari osteko koadrila giroan.

        Handik hamar bat minutura zubia zeharkatu eta ondoko barandan bermatuta, zigarro bat isiotu du, itsasadarraz bestaldeko arkupeetan hara eta hona dabiltzan jonkiei begira. Lazunen arrastorik ez ur orain ilunagoetan. Bikoteren bat edo beste azaldu da gerritik helduta. Noizean behin Ertzaintzaren furgona batzuk ere agertu dira erriberako kale horretatik, astiro, sirenak eta argi urdinak amatatuta. Dena kontrolpean, antza.

        Hirugarren zigarroa isiotzearekin batera berbaroa entzun du atzean. Zortzi gizoneko koadrila bat. Kalea zeharkatu dutenean zubira bidean, Agirre ezagutu du.

        Joxanek, dagoen lekutik, deitu egin dio.

        Agirre, bere izena entzutean, gelditu egin da.

        Gelditu eta begira geratu da, baina ez du Joxan berehala ezagutu. Jarraitzeko esan die koadrilakoei, segituan elkartuko dela eurekin.

        Joxan, aurpegia ez erakustearren, uretara begira jarri da. Eta Agirrek, metro batera dagoela, harengana bueltatu du begirada.

        Erabat harrituta, izena baino ezin izan du ahoskatu:

        — Joxan Uriarte...

        — Ez huen ni berriro ikusterik espero, ezta?

        — Banekian Galizia aldean bizi hintzela, eta...

        — Eta ez huela nirekin berriro topo egingo.

        — Bueno, nork bere bizimodua egiten dik —Agirreren ahotsari beldur ukitua igarri zaio, enkontru honek ezer onik ekarriko ez diolakoan—. Eta? Ondo bizi haiz hango parajeetan?

        — Ezin kexatu, egia esan... Aitaren heriotzak ekarri naik oraingoan...

        — Ez nekian hire aitarena...

        — Berdin ziok... Hirekin egoteak ere ekarri naik Bilbora.

        — Nik dakidanez, ez diagu berba egitekorik...

        — Gogoratzen duk Txerra? Txerra Zarate, nire lagun hura?

        Agirrek gogoratzen ez duelako keinua egin du musuan.

        — Utz nazak bakean, Uriarte, ez zakiat zertara datorren hau guztia... Ez zaukaat hirekin denbora galtzeko gogorik.

        Joxanek alkandoraren samatik gogor oratu eta, ia arrastaka, uretara doazen harrizko mailetara jaitsi du. Agirreren zigarroa eskutik jausi da ur ilunetara. Ikaratu egin da Joxanen bortizkeriarekin.

        — Baina zer nahi duk? Honekin arazoak baino ez dituk topatuko...—diotso Agirrek harro plantak egiten ahaleginduz—. Arazoak beti, hemen eta han... Bazakiat Galizia aldean ez haizela kontu garbietan ibili, eta boxeoaren lupetzan murgildu hintzela, hemen egin huenaren ispilua besterik ez...

        — Nire biografia batzen ari haiz?

        — ... eta puta beltz batekin bizi haizela... Hi beti lupetzan...

        — Lupetzan hik amaituko duk, Txerrari egin hion moduan... Akordatzen haiz zelan esan huen aspaldi batean nire arrebak aldaba jatea gustatuko zitzaiala? Ba, orain edukiko duk aukera... baina ez nire arrebak eginda, ez, lazunek jango diate aldaba...

        Ezker eskuaz Agirre helduta daukala, labana atera du patrikatik. Modu automatikoaz sakatu eta aho zorrotz eta distiratsua ipini du haren saman. Eta gorrotoz begiratzeari utzi barik ebaki luze eta sakona egin dio. Astiro eta amorruz. Borborka atera da odola. Orro ustel eta zakar bat atera da Agirreren aho orain desitxuratutik.

        — Lazunek jango diate aldaba, putakume hori! —esan dio Joxanek uretara astiro labain eginez doan Agirreren gorputzari.

        Harmaila batean jesarri da Joxan, nekeak irentsita, gertatu denak barreneko indar osoa xurgatu izan balio bezala. Hutsik. Luze hartu du arnasa.

        Begirada harrizko maila odolez zikindutik jaso eta, aurreko mollako barandan, La Najako arkupeetatik gertu, Bomba ikusi du, apur bat makurtuta, itsasadarreko ur ilunei begira. Besoak inarrosi ditu boxeolari ohiak, baten batekin eztabaidatzen ariko balitz bezala. Bombari begira garbitu du labanaren ahoa, astiro, inolako presa barik, patrikatik ateratako paperezko musuzapi batez. Odolaren gorriak ez dio dardararik eragin. Eta lasaitasunez uretara bota du musuzapi odolez zikindua, zigarroaren txustarra botako lukeen sosegu berberaz. Zarata handi batzuek hautsi dute isiltasun gorri hori. Erribera kaletik datoz zaratak eta oihuak. La Merced zubiaren paretik San Anton zubiraino, kalean zeharka eta gurutzatuta, kontainerretatik sua eta kea. Segundo gutxitan kale baketsua istilu gune bihurtu da. Farolen argiari suarena gehitu zaio. Erre usaina erribera osoan barrena zabaltzen doa. Eta gazte talde batzuk oihuka, Jon Bengoa aldarrikatuz, eta Sokhna gogoratuz. Gazte askok, musua estalita hara eta hona dabiltzan bitartean, hainbat tokitan moztu dute kalea... Eta handik gutxira, oso gutxira, Poliziaren sirena hotsak, ke pote eta pilotakaden danbada sikuak, etengabe jiraka ari diren argi urdinen aurrean...

        Lasterketak, harriak, koktelak, oihuak... dena irakiten jarri da. Minutu gutxitan infernu bihurtu da erribera.

        Oraindik ere odolaren gorria igartzen dut zure kostaldean... hauxe zara zu, gorri iluna... bat-batean Urbano Lugrisen berbak etorri zaizkio gogora, une egokian itzartzeko agindua baleukate bezala. Eta berba horiekin batera Bizkaiko itsasoaren irudi ikaragarri hura, beldurra eta mina margotu zituen irudi izugarri hura.

        Eguna beroa izan da, sargoritsua, baina are beroago etorri da gaua.

        Eta Jon Bengoa eta Sokhna, istiluetan ezin ozenago entzuten diren izenak.

        Zatoz, meu coraçao, irakurri du mobilak iragarri dion mezu berrian.