4
Giro sargoritsua, hogeita hamabi gradu kaleko markagailu batean. Bero sapak burua kiskaltzen dio Joxani. Mailu etengabea gaurko beroa. Bisera ekarri behar zuen. Ile motzak ez dio asko lagunduko. Izerdiak laban egiten dio burutik behera, samara. Niki horia itsatsi egiten zaio bizkarrean, bigarren larruazal moduan. Noizean behin betaurreko ilunak kendu eta zapi batez sikatzen ditu bekokia eta begitarteak.
Taberna batean pintxo bat jaten hasi da goizean. Ezin izan du. Coruñako portuko txatarra guztia jan izan balu bezala zeukan sabela. Barreneko egonezinak korapilatu egiten dizkio tripak, eta jateko gogoa kendu dio. Ez, ordea, erretzekoa eta edatekoa. Beroak zerbait freskoa eskatzen dio: garagardo apartsu bat; gorrotoak zerbait gogorragoa: Ourenseko oruxoa, portuko whiskeya... besterik ez bada gintonika izotz mordoaz. Berdin dio zer. Betaurreko ilunak kendu eta berriro zapiaz sikatu du bekokia. Gehiegizko argiak begiak itxiarazi dizkio. Ezpainak mihiaz bustitzen saiatu da, baina likatsua da adurra. Gintonika eta taberna baten gerizpea izango dira laguntza bakarra eguzki kabroi honen azpian. Anjelen tabernara abiatu da. Zubia igaro eta hortxe bertan dago, gertu. Urteroko bisita zor dio, eta aurten ez da oraindik izan.
Aspaldiko laguna du Anjel, gaztetako parrandetan Joxanekin ibilitakoa, baita hau boxeo munduan hasi zenetik borroka guztietara joandakoa ere. Orain, Joxan Coruñan bizi denetik, urtean behin egiten dio bisita Bilbotik pasatzean. Gutxi da, halaxe uste dute biek. Bistan da distantziak lehengo harremana zailtzen duela. Hori badakite, baina euren artekoari eusten diote noizbehinkako bisitetan.
Ez dago trafiko handirik ordu honetan. Autobus urbano pare bat eta kotxe batzuk. Jende gutxi espaloietan ere. Badirudi kale arteko gerizpeetatik ez duela inork irten nahi, labe-kaleotan ez duela inork ibili nahi. Bero honek basamortu bihurtu behar du hiria.
Zubitik pasatzean Bomba ikusi du ondoko taberna batetik irteten. Bomba, Jesus Mentxakaren ezizena 50etako boxeo munduan. Gehienek ezizen bat erabili ohi zuten borroka haietan aritzeko, denetarikoak, baita ingelesezkoak ere. Arerioari beldurra sortzen ziela uste zuten batzuek, ikara batean jarriko zirela kontrakoak. Mundu eta garai hartako estetika kontua zen, Europako zein Ameriketako izenei begirako moda, beste barik. Bomba ezizenak ez zion zorte onik ekarri Jesus Mentxakari. Bigarren eta hirugarren mailako boxeolarien artean ibili zen beti. Patu txarra berea. Kolpe larregi jaso zituen, jasan ahal zituenak baino gehiago, eta haietako batzuek erdi tontotuta utzi zuten, beste askori gertatu bezala. Bombak ez zuen inoiz osperik ezagutu, ezta begirunerik ere. Kolpe zakua, horixe bihurtu zuten. Lau txakur txikiren truke igotzen zen ring gainera, kolpe oldearen esperoan. Boxeoa utzi zuenean ez zeukan ezta pisu bat alokatzeko beste. Arreba gaztearen etxean bizi da ordutik. Bombita esaten diote, «pesos gallo» mailan aritzen zelako, gorputz meharra zeukalako, ukabilen indarra ezerezaren parekoa zuelako, bere erasoak barregarriak izaten ei zirelako. Eta batez ere, ez ziotelako eta ez diotelako begirunerik. Are begirune gutxiago mandatuak egiteaz bizi denez gero. Erriberako azokako dendari batzuek hara eta hona bidaltzen dute enkarguekin.
Hi, Bombita, eroan egik legatz pare hau jatetxe horretara.
Bombita, barbarin hauek Zeferen tabernara, agudo!
Bombita, atarakostazak honek kaja honek kanpora?
Horrela goiz osoan, mando baten moduan lau txakur txikiren truke. Dendariak dira begirunez tratatzen duten bakarrak, ez kalean topatzen dituen beste sasioilar horiek bezala. Eta lau txakur txiki horiekin ordaintzen ditu bizioak, denak merkeak, jakina, ardoa, pattarra eta ezpainetan etengabe eramaten duen ducadosa. Arratsetan, inguruko tabernetan gordetzen da, azkonar zahar baten moduan, eta egun horretan ateratako sosak xahutzen ditu bihotza laztantzen dioten pattarretan. Gaua heldu aurretik mozkor eginda egoten da, tabernetakoei zein kalean topatzen dituenei istorio zaharrak kontatzen. Alkoholak koipeztu egiten dio mihia. Oroitzapenen kajoia zabaltzen zaio, eta garai bateko kontuak eta gertaerak ekartzen ditu, berriro biziko balitu bezala... alkoholak barran bertan lokartzen duen arte. Gaur bai eta bihar berriro, arrebaren etxera eramaten dute lagunek.
Bomba ikustean Jose Luis Agirre etorri zaio gogora Joxani, orain urte nahikotxo harekin izandako liskar batean esandakoa. Igande eguerdia zen, Joxan herriko tabernan zegoen Txerrarekin. Baserriko beharretan jardun ostean, tabernan zerbeza pare baten txanda. Han sartu zen Agirre, jelkide harroa, alderdiak negozio beltzetarako ipinitako jauntxoa. Berehala zuzendu zitzaion Joxan.
Agirre, aitak baserriarena kontatu zidak.
Ez entzunarena egin zuen. Agirrek beste batzuekin berbetan jarraitu zuen.
Agirre! ozenago deitu zion, gure baserriarena azaldu behar didak.
Te, te, te!... Uriarte txiki, niri oihurik ez, aditu? Lagun batzuekin nagok, ez duk ikusten ala? Ez duk inoiz errespetuz berba egiten ikasiko. Zer jakin gura duk ba?
Baserriarena.
Eta zer esan dik aitak?
Baserria botatzeko asmoa daukaala, eta soro guztiak hartu hire negozio baterako.
Ondo dakik hire aita baserriaren maizterra dela, eta, beraz, ez dela zuena...
Berdin ziok, belaunaldiz belaunaldi eduki diagu, eta ondoko soroak ere bai. Gurasoak zaharrak dituk, zaharregiak inora joateko, ondo dakik hori.
Ez zidak ardura, txikito, Bilbo Handiko magaletan golf zelaia egiteko proiektua zagok. Ezin zioagu bazter egin. Bizkaiko Aldundiak interes handia zaukak; badakik, Bilboren aurrerapena eta hori guztia, hiri handi bateko zerbitzuak, jendearen aisialdia...
Zeuek daukazue interes handia eten zion Txerrak, jauntxo berriek, jauntxo zerriek. Zuen kontu korronteak zelan loditzen diren besterik ez dizue ardura.
Hi, hago isilik, oilartxo sasi iraultzailea! Ondo ezagutzen haut hi ere, zer uste duk? Ez hadi sartu beste korta bateko kontuetan!
Ez diat halakorik egiten utziko esan zion Joxanek. Horren guztiaren jabe legala izanda ere, ez daukak eskubiderik.
Epaitegietako bidea frogatu gura duk?
Erosi egingo diagu.
Ez daukazue nahikoa diru. Eta edukita ere, proiektu hori urte pare batean gauzatu egingo diagu. Beraz, amaitu duk eztabaida eta lagun artera itzultzekoa egin zuen Agirrek, ezer gertatu ez balitz bezala.
Joxanek sendo oratu zion besotik.
Ez duk putakeria hori egingo! Aditu duk?
Boxeo borroketarako gorde beharko hituzke indarrak erantzun zion Agirrek Joxanen eskua besotik kenduz. Eta egon isilik, osterantzean boxeoaren zirkuituak moztuko ditiat, eta Bombita horren moduan ibiliko haiz, sudurra apurtuta, besteen morroi, egunero atxurtuta... egunen batean itsasadarreko uretara jausi arte. Hori gura duk? Bombita bezalako giza hondar bihurtu? Adi egon, Uriarte txiki, boxeoaren zirkuituak moztuko ditiat, eta damutuko zaik.
Ez deitu Uriarte txiki, edo txikitu egingo haut...
Barre eragiten didak, benetan. Hala ere... begira, hire arreba horrek, mokor zabaleko behor horrek gozotzen banaik, ba... akaso atzeratu egin genezakek hau guztia. Gustura estaliko nikek behor hori...
Atzera begiratu zuen Agirrek, lagunek grazia zelan barre egiten zioten ikustearren. Basoa zurrutada batez hustu eta Joxanen belarrira hurreratu zen.
Hire arrebak gozo-gozo jango lidakek aldaba.
Putakume alua!
Joxanen eskutzarrak samatik oratu zion, atzera bultzaka. Berehala etorri zitzaizkion gainera Agirreren taldeko morrosko bi, ertzain ezagunak. Barraren kontra ipini zuten Joxan, zezen zoro baten moduan bazegoen ere. Txerra saiatu zen Joxanen alde, baina ondoko aulki batzuen kontra bota zuten kolpez.
Bakea!, bakea! erregutu zien tabernariak.
Ez nauk ukitu ere egingo! oihu egin zion Agirrek. Ondo aditu duk? Hondoratu egingo haut, lupetzan bertan itotzeraino! Ukitu eta damutu egingo zaik, eta hire gurasoei ere bai.
Eta Txerrari zuzendu zitzaion gero, tabernatik irten aurretik.
Kaka ere non egiten duan bazakiagu. Zaindu egik hire ipurdi mehe hori. Nork zakik, igoal halako batean mokordoren bat lehertu egingo zaik...
Orduko akorduak odola irakiten jarri dio Joxani. Bombak izkina batetik San Francisco kalean gora alde egin du, beste taberna batera, zelan ez. Eguzkia badoa mendebaldera Bilbo Zaharreko teilatuen gainetik, Malaespera meategi abandonatuaren gainetik. Harantz doa bere bihotza ere, mendebaldera, Fisterra urrun aldera, Bibiren altzo epelera.
Anjelen taberna parean da Joxan. Izerdia sikatu eta beste zigarro bat isiotu du.
Eguzki putakume hau!, dio bere kabutan.