Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

12

 

Ginebrak laztandu egiten ditu izotz puskak. Hauen artetik laban egin eta basoaren ipurdian batzen da. Ondoren tonika osoa. Limoi zati bati zukua atera eta basoaren ezpainak igurtzi ditu Anjelek. Eskuak amantalean garbitu eta aurrera hurbildu dio Joxani. Honek winstonarekin ke urdinezko zirimolak eginez eraman du ahora.

        — Dozena bat edango nitizkek...

        Anjel baso batzuk trapuaz sikatzen ari da.

        — Ez zekiat zergatik, baina ematen dik badaukaala beste zerbait buruan bueltaka...

        Asun sukaldetik irten eta Joxanen ondoan gelditu da.

        — Banoa, Joxan... Gustatuko zitzaidan zurekin berbetan apur bat egotea... Lagun batekin geratua naiz eta lehenago gauza pare bat egin behar dut... Ondo segi.

        Elkarri begira geratu dira biak, isilik, garai hartakoaz berba egitea merezi ote duen asmatu nahian-edo.

        Asunek keinu batez agurtu ditu biak, Joxan eta neba. Kalean gora abiatu da, bero sapa honen pean.

        — Zerbait daukak buruan bueltaka...

        Anjelen berbek barrara itzuli dute Joxanen arreta. Gintonikaren izotzekin olgetan hasi da.

        — Arrebak kontu bitxi bat esan zidaan orain aste batzuk —diotso Joxanek, zigarroari kalada luze bat hartu eta hodei bat jaurtita—, Txerraren heriotzaren gainean.

        — Aspaldiko kontua duk hori... Lehergailua esku artean zartatu zitzaioan, eta akabo!

        — Bai, hala duk, lehergailua esku artean zartatu zitzaioan, bai, baina, antza —eta ahotsa nahita apalduz— segada baten ondorioz.

        — Segada bat? —burua makurtu eta musutik zentimetro gutxira egin dio galdera, inork ez entzutea nahi balu bezala.

        — Ondo aditu duk: segada.

        — Txakurrek egindakoa...

        — Jakina. Baina beste batek antolatua!

        — Zeinek ba?

        — Ezin diat oraindik ziurtatu, baina, agian, gaur bertan jakingo diat.

        Anjel, basoak sikatzeari utzi barik, mutu geratu da. Aspaldiko zauri bat ireki da.

        — Nondik atera duk hori? Urte asko pasa dituk...

        — Informazioa, gorpuak ez bezala, ez duk usteltzen. Hori bai, halakoak gutxitan azalera daitezkek... Eta Txerraren kontuari dagokionez, ba, begira, arrebak arrasto batean ipini nindian...

        — Eta berak zelan...

        — Horrek ez dik ardura, Anjel. Segada batek bidali zuela kanposantura, horrek dik garrantzia.

        — Zeozer dakianean esango didak?

        Hiru ardo eskatu dituen bezeroarengana joan da Anjel.

        — Bai... edo ez. Ez zakiat merezi duen... —esan du Joxanek, Anjelek aditu ote dion ardura barik.

        Hik potroak dauzkak, Joxan, erabiltzen jakin beharko huke... Txerraren berbak etorri zaizkio akordura. Hik potroak dauzkak, Joxan, erabiltzen jakin beharko huke... Horiexek esaten zizkion noizbehinka. Gintoniketik beste trago bat jo eta zigarro bat isiotu du. Eta Txerrarekin batera Playabarriko txabola-biltegia etorri zaio gogora. Jendearen begiradetatik kanpoko leku bat behar diat, Joxan, gauza batzuk gordetzeko leku ezkutu bat, besterik ez. Ez diat gehiago eskatuko. Halakorik errazten badidak nahikoa egin duk, benetan.

        Joxanek oraindik gogoratzen ditu bariku gau urrin batean Txerrak esandako berbak. Gau hartan, zerbeza batzuen inguruan, ez zion zertarako galdetu. Ondo zekien ez ziola egiarik erantzungo, edo zehatzago esanda, ez ziola ezertxo ere erantzungo. Eskaera haren nondik norakoa ordurako igartzen zuen. Galderek ez zeukaten lekurik. Lortzeko ahaleginetan zetzan hurrengo pausoa. Kito. Handik minutu erdira Athleticen azken partidua ekarri zuen Txerrak hizpidera, lehenago esandakoa haien arteko girotik desagertu nahi izan balu bezala. Hala ere, argi zegoen eskaera hura buruan bueltaka edukiko zuela Joxanek, eta lehenago edo geroxeago erantzun egingo ziola. Handik astebetera giltza bat eman zion Txerrari, Playabarriko txabola-biltegikoa. Garai hartan, Joxanek, boxeorako entrenamendu gisa, etxetik lanera egiten zuen korrika. Ganguren aldetik, Egirleta eta Artxanda igaro, eta Enekuritik, Fatimaren elizaren ostetik aldapan behera, lanera, Lutxanako tailerretara. Hantxe eranzten zuen txandal izerditua, eta laneko buzoa jantzi. Halako egun batean, Enekuritik Lutxanara jaistean, sasi arteko bidezidorrean gelditu eta handik goitik ikusten zen paisajeari begira geratu zen, arnasa berreskuratu nahian. Kadagua eta Asua ibai zikinek kolore ilun askotako ur kutsatuak isurtzen zituzten itsasadar are kutsatuagoan, opari gisa. Metalezko ortzadar azidoa hedatzen zen Lutxana bien arteko ur astunetan. Sefanitroko tximiniek eta gasek Barakaldo ezkutatzen zuten, eta ur bazterren gainetik mota guztietako txatarra, kargak eta garabiak paraje haien jabe bihurtzen ziren. Desolazio ukitua oro har. Eskuma aldera begiratu ostean baserri solte batzuk industria astunaren eremu baten erdian. Orduantxe ikusi zuen txabola-biltegia, berak lan egiten zuen tailer erraldoi haien osteko Playabarri auzo txikian. Hantxe gordetzen zituzten trenetan ordurako balio ez zuten hamaika pieza: motorretakoak, bagoietakoak... edo bestelakoak. Eurak, Joxan eta beste lankide pare bat, oso gutxitan joaten ziren hara. Eta joan behar zutenean di-da bateko kontua izaten zen. Joan, pieza utzi eta ahaztu, besterik ez. Bost urtean behin-edo, txatarra biltzaileari deitu eta hark hustuketa egiten zuen kanposantu industrial txiki hartan. Txatarra biltzailea aurreko urtean pasatutakoa zen, beraz, leku segurua iritzi zion txabola-biltegiari.

        — Zer duk, kopia bat? —galdetu zion Txerrak.

        — Bai, baina lasai joan haiteke. Beste pare bat eta hirurok baino ez gaituk joaten. Hori eguerdia baino lehenago izaten duk, beraz, hortik aurrera, arratsaldean zein gauean arazo barik joan haiteke.

        — Ez duk arriskutsua...

        — Ez. Hemendik aurrera, gainera, ni neu arduratuko nauk txabolara piezak eramateaz. Lasai egon hadi. Hik topatu egik han, atzealdeko txatarra artean lekutxo bat eta ziur egon ez diala inork trabarik egingo.

        — Hala izan dadila... osterantzean...

        Giltza eman ostean hurrengo zapaturako geratu ziren, Asua aldetik joanda, bertaratu eta erakusteko. Erreka pasa ostean, txabola-biltegira eraman zuen Joxanek. Txerra bakarrik sartu zen barrura. Hogei minuturen buruan bueltan zeuden erreka osteko errepide nagusian, eta, kontuari garrantzia kendu nahian, lehengo tren zaharrez berbetan joan ziren Lutxanako taberna batera.

        — Hemendik aurrera kontua nirea duk —esan zion Txerrak.

        Zerbeza pare bat hartu eta kanpora irten ziren, itsasadar gaineko petrilean jesartzera.

        — Halako baten modukoa haiz hi —esan zion Txerrak, haien aurrean ur zikina ebakitzen ari zen atoiontzi bati begira—, ez lar handia, baina indar sendoa motorrean...

        Txerraren berbak gogoratzeak irribarrea marraztu dio Joxani musuan, eta orduan konturatu da zigarro osoa erre zaiola ahoratu barik. Indar sendoa motorrean, bai, pentsatu du errautsa barratik zorura bota bitartean, begira, Txerra, zertan erabili dudan indar sendoa.

        — Beste bat?

        Joxanek ezer erantzun aurretik beste baso bat ipini dio Anjelek. Di-da batean izotz puskak bota eta beste di-da batean ginebra eta tonika.

        — Atxurtu egin gura nauk?

        — Ikusita hemendik zenbat bider agertzen haizen, ba... zaindu egin behar haut, ea horrela maizago egiten didaan bisita.

        Segi kolpeka Europa gotorlekuko harresietan, horrela entzun dio irratiko esatariari, segi kolpeka Europa gotorlekuko harresietan, edonon, edonoiz. Eta ostean kanta gogor baten doinua barreiatu da tabernan. Zapia atera eta berriro sikatu du samatik jausten zaion izerdia. Etsaia borrokatu, berbak bueltaka hasi zaizkio buruan, bihotzean, zainetan... Ondo gordeko du esanahia.