Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

20

 

Kalean gora, Abaroa tabernara bidean, kolore guztietako larruazalak gurutzatu dira Joxanekin. Beltzak eta magrebiarrak taldeka dabiltza izkinetan, eta ijitoak eta putak hara eta hona. Deigarriak egin zaizkio beltzen hagin zuriak... eta urrezko eraztunak, eta biserak, eta musika aparailuak lokalen barrutik kalera aterata. Ezezaguna egin zaio giroa Bilbo berri honetan. Afrikar eraz gertatutako janarien usain sarkorra. Hango emakumeen soineko koloretsuak, eta orrazkerak. Ertzaintzaren furgona bi izkina batean aparkatuta, espaloi gainean. Ertzainak kanpoan, txapel barik, kalean gora eta behera doazen guztiei arretaz begira. Giro horretan heldu da Abaroa tabernara.

        Tabernan dozena t'erdi bezero. Denak gizonak, gehienak hirurogei urte ingurukoak. Telebistan futbol partidu baten irudiak. Barrako batzuk haiei begira, esku batean zigarroa, tragoa barra gainean. Komunaren ondotik berba ozen batzuk entzuten dira. Berbetan dagoena ezagutu du Joxanek, Jesus Mentxaka, Bomba. Mozkortuta, antza, berbetan zelan dabilen ikusita, baso ardo bat zelan hustu duen inguruan dituenen barreen aurrean. Bombak ondoko mahai gainean basoa utzi eta boxeo kolpeak antzezten hasi da, baina mozkorrak oreka galarazi dio eta lurrera jausi da aurrean dituenen burla algaratsuak sortuz. Ahal bezala jarri da zutik, eta berriro lotu zaio lehengo boxeo kolpeen dantza barregarriari.

        — Hauxe duzue nik erabiltzen nuen uppercut sendoa —entzun dio Joxanek oraindik ate aldetik begira—, eta beste hau orain urte asko erraz ikusten zen krotxeta. Begiraiozue, ergelok, nire swing honi, Bilbo osoan garai batean ezaguna...

        Barrako beste muturrean Andres Fano ikusi du, tabernariarekin lasai berbetan, Bombak martxan daukan espektakuluari kasurik egin barik.

        — Andres, aspaldikoa —diotso Joxanek haren bizkarrean eskua jarriz.

        Hasieran kostatu egin zaio Joxan ezagutzea. Begira jarri zaio, isilik, lanean berarekin batera ibiltzen zen gazte hura berriro ikusi nahi balu bezala.

        — Aldatuta ikusten nauzu, ezta?

        — Nor ez duk aldatu? Eta zahartu!

        Joxanek eskainitako bostekoari berehala heldu dio Andresek.

        — Zer hartu nahi duk? —galdetu dio Andresek.

        — Zerbeza bat.

        Andresek zerbeza eta beste kopa bat koñak eskatu dizkio tabernariari. Telebistari begiratzeari utzi barik, zerbeza ateratzen hasi da.

        — Bueno, bueno, zenbat urte, ezta, Joxan?

        — Batzuk bai... Ondo ikusten zaitut.

        — Dagoeneko ez gaituk lehengoak. Urteek faktura pasatzen ditek erruki barik. Hi, berriz, gizonduta ikusten haut.

        — Gizonduta ala gizenduta?

        Andresek barre egin du.

        — Normalean gizontzeak gizentzea ekartzen dik. Eta?, zelan bestela? Arreba batzuetan ikusten diat, baina hi tailerrean henbilenetik ikusi barik... eta hori, ondo dakik, aspaldiko kontua duk.

        — Tailerra utzi nuenetik nahikotxo aldatu zait bizitza, bai... Gainera orain gutxi aita hil zaigu...

        — Ez nekian... Sentitzen diat, benetan. Egia esan, apenas ezagutu nian. Hiruzpalau aldiz egon ninduan berarekin, Tomasen tabernan, trago pare baten bueltan, baina oso aspaldian...

        — Denoi amaituko zaigu inoiz-edo bidea...

        — Zalantzarik ez, baina hik, nik ez bezala, oraindik bide luzea daukak.

        Telebistari begira daudenak oihu batean hasi dira baliogabetutako gol baten kontura. Irain ere bai batzuk. Komun ondoan Bombaren kolpe imintzioak eta kontu zahar eta zoroak nagusi.

        — Pentsatzen dut jakingo duzula zergatik deitu nizun atzo gaurko geratzeko —diotso Joxanek.

        — Uste diat... —ducados bat isiotu du— Txerra, hire lagun haren inguruko kontuarengatik, ezta?

        — Tailer atzealdeko biltegi zaharrean zartatu zitzaion lehergailuak hil egin zuen...

        — Akordatzen nauk... entzun ere egin nuen danbada hura.

        — Han inguruan egongo zinen?

        — Bai, egun hartan motorren arduradunak, Roblesek zera esan zidaan, bizpahiru ordu gehiago sartzeko, hurrengo egunerako tren bat prest egon behar zelako, eta nik baietz, ez zidala larregi inporta. Aparteko dirutxo bat jasoko nian haren kontura... eta, bueno, hartan ibili ninduan, nirekin batera Lopategi eta Pelucos. Halako batean, pieza berezi bat behar genian, eta tailerrean ez zegoela ikusita, ba, txatarra biltegi hartara joatea erabaki nian, haren moduko zaharren bat topatuko nuelakoan. Gaua zuan, baina badakik itsu ere joan gintezkeela lasai asko handik... Eta orduan, ilargiaren argitan, ertzain saldoa ikusi nian biltegi inguruetan, ezkutatuta, zelatan, basurderen bat harrapatu beharko balute bezala.

        — Hori guztia danbada entzun aurretik?

        — Bai, bai... Eta giro hura ikusita, ba... ez hurbiltzea erabaki nian, euren operazio bereziren bat izango zelakoan, ez nioan garrantzirik eman. Geroago bueltatuko ninduan, haiek joandakoan. Ez nian arazorik nahi, ze, badakik, halako baten erdian sartu eta gatxa duk zelan irten...

        Andresek ahora eraman du koñaka, eta luze gozatu du koñakaren laztana, eztarriratu aurretik.

        — Giro eskasa igarri nian biltegi inguruan... Ertzainak sasien artean eta biltegiko izkina pare batean, erasoan hasteko moduan, eta, halakoetan, badakik, bala batek ez dik zer edo nor daukan aurrean begiratzen. Berdin ziok hiri propio zuzendua den ala patuak eskatu barik oparitzen dian... Bueno, ba, ertzain mordo haien atzetik, erreka aldean, ertzainen nagusiak ikusi nitian, operazio hura bideratzen ari zirenak, eta haien artean Agirre, hik garai hartan hainbat aldiz madarikatutako jeltzale negoziante ezagun hura, operazioaren kontuei adi-adi...

        — Eta gero?

        — Tailerrera bueltatu ninduan, ez nian uste han segitzeak ezer onik ekarriko zidanik.

        — Tirorik ez?

        — Ez, bat ere ez, danbada sendoa... Tailer barrutik ederto entzun genian.

        Barra gainera aldatu du Joxanek begirada, baina ezer ikusiko ez balu bezala. Andresen aldetik entzun behar zuena entzun du jadanik.

        — Segada puta bat...

        — Zelan? —galdetu dio Andresek.

        — Segada puta batean hil zutela...

        Gau hartan Agirre han zegoela esana zion arrebak telefonoz, Andresek kontatuta. Baina honen ahotik entzun nahi zuen hura, edozein zalantza erabat argitzeko. Agirrek haraino zuzendu zituela ertzainak, txakurrek ehiztaria eramaten duten moduan. Andresen ahotik entzun nahi zuen hura. Kontua garbi uzteko betiko.

        Komun paretik ozenago entzuten da Bombaren ahots adurtia, haserre bizian bezala.

        — Baina zer uste duzue, babo halakook? Zeri egiten diozue barre? Ukabil hauek oparitutako uppercutak Bilbok eduki duen ring zoragarrienean ikusiak izan dira —Bombak ukabil itxi eta gogortuak ipini dizkie aurrean burlaka ari zaizkionei—, hantxe, gabarra haietan ibilitakoa nauzue, oilo bustiok! Zuek ez duzue inoiz ezagutu halako zirrararik, halako odol berotzerik... Hantxe, kolpe eta zaurien odol arrastoak jausten ziren ur horietara, gorroekin eta izerdiarekin nahastuta, eta bertoko lazunak zaletu egin ziren odolarekin, bai, zaletu, eta zaletze hartatik odolaren beharrean hazi zirela... Orduko anguleroek esango zizueten, nik baino hobeto, lazun haiek anguleroen eskuei haginka egiteko kapazak zirela, uretatik salto eginda, amorratuta, zoro, odolez gosetuta... eta izugarri handitu ziren, eta odolez zikinduta zeukaten musu likitsua, ardiei eraso egindako otsoek bezala... Marrazoak ere etorri ziren odolaren usainak erakarrita, eta ur hauetara jausitako txakurrak edo katuak janak ziren minutu pare batean, pirañek egiten duten moduan... Antza, marrazo larregi urotan, eta huraxe izan ei zen gabarren gaineko borrokak kentzeko arrazoia, bestelakorik esaten badute ere... Ur hauek... laster ez dira ikusiko horrenbeste zubi sasielegante eta modernoekin, itsasadar hau hiri honen motorra izan dela ikusi ez dutenek propio jarriak... Gauza bera egin zuten Pagasarri aldetik jaisten ziren errekatxoekin, denak estali, euren presentziaz lotsatuko balira bezala. Erreka horietako bat Helgera zen... edo da, zeharo estalia egoteak erreka izaerarik kendu ote dion ez dakidalako orain. Tira, Helgeraren ur gorriak Iturrigorritik hasi, Bilbo erdi osoa zeharkatu eta Olabeagan nahasten dira itsasadarreko ilun eta zikinekin, hantxe, halako hodi zabal eta zahar batetik kanporatu ostean... Hodi haren ondoan, emakume eder batek ilea behin eta berriro orrazten ematen zuen denbora guztia, antzinakoan agertzen ziren lamia haien gisan, orraztu eta orraztu... Inork ez zekien nondik etorria zen, baina hantxe egoten zen, orraztu eta orraztu, inguruko mutil batekin maitemindu zen arte... Honek txakolindegi batera eramaten zuen, Sarriko atzean zegoen batera, eta hantxe ematen zituzten arratsaldeak, eta gau parteak udan... Mutilak, urte luzez marinela izandakoak, itsaso guztietako istorioak kontatzen zizkion txakolinaren konpainiaz... erabat mozkortzen ziren arte. Zeinek ez zuen txakolin freskoaren laguntzaz amets egiten? Ekarridazue txakolina! Txakolin fresko eta gozoa! Hiri honen benetako odola den txakolina! Ekarridazue txakolina eta Bilbo ezezagunaren istorioa kontatuko dizuet... merke aterako zaizue, ipurtzuriok!!!

        Txerrarena argitu ostean tailerreko beste lankideak izan dituzte hizpide. Honek aurrejubilazioa eskatu zuela, bestea hil egin zela, hura tailer berrietara bidali zutela... Hainbat pasarte gogoratuz une alaia igaro dute. Zelan aldatu diren gauzak! Eta horretan Joxanek bostekoa luzatu dio Andresi, eskertzeko eta agurtzeko keinua aldi berean. Dena esana dago. Dena entzuna. Andresentzat beste kopa bat eta Bombarentzat botila bat txakolin ordainduta utzi ditu. Zergatik ez. Alkoholak laztandu egiten ditu minak. Zauriak miazkatzen dituen txakurraren adurra bezala.

        Tabernako atea zeharkatu aurretik atzera begiratu du, Bombaren mozkor oihuen oihartzunera... Epela da gaurko gaua. Beroa Joxanen odola.