Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

16

 

Honela eman dugu azken ordu betea, Txirenetarrok, Ezkerraldetik etorri zaigun fanzine berri honi buruz... narrazioak, poemak, entrebista pare bat eta bestelako gehigarri batzuk aletzen. Eskertzekoa da fanzine berri bat izatea gure artean, Sestaotik Santurtzira bitarteko kontuak ekarriz lagun hauek kaleratutako honen modukoa: freskoa, mamitsua, umore onekoa eta ironia handikoa. Espero dugu bizitza luzea eduki dezan.

        Eta fanzine berriaren nondik norakoak zabaldu ondoren beste gai bati helduko diogu... baina lehenago... Fun Da Mental taldearen kanta, A Lesson In Love, Listen! Gerra, gerra nonahi, gerra! Halaxe datozkigu kanta honen erritmoak...

 

                War! War!

                Too much war!

                Angola, Mozambique, South Africa!

                War! Everywhere!

                War! War!

 

        Gerra larregi, gerra nonahi! Ez dago kanta honen indarra azaldu beharrik, lagunok; bateriak erritmo guztia markatzen du bonbardaketa baten leherketen antzera... bateria sendoa, eta ahots are sendoagoa doinu arabiar ukitu horien artetik... gerrek dakartzaten minak errepikatzen... halako klimax odoltsu baten bila abiatuko balitz bezala...

 

                War! Everywhere!

                War! War!

 

        Telefonoaren argi gorria piztu zaigu berriro. Eman diezaiogun bidea...

        — Nor daukagu bestaldean?

        — Maribi... Astrabudutik deitzen dizuet.

        — Eta zer daukazu Astrabudutik kontatzeko?

        — Astrabuduko gasolindegian nago, Astrabuduko behealdekoan, badakizue, itsasadar parean dagoena, Erandio eta Udondo artean, eta... bueno, kontua da gasolina behar nuela, eta hemen gelditu naiz, eta orduan konturatu naiz hemendik hogei bat metrora DYAko furgona bat zegoela errepideaz bestaldean, uretara doazen eskailera zaharren ondoan, Ertzaintzaren beste furgona pare batekin... Eta uretatik gorpu bat ateratzen ikusi ditut.

        — Hilik zegoela esan nahi duzu?

        — Hurbildu egin naiz, baina bertara joandako poliziek, inguratu diren beste batzuei bezala, atzera egiteko agindu badidate ere, DYAkoek esan digute etorkinaren gorpua dela, emakume haurdun baten gorpua, gaur irratiok zabaldu duzuen Santurtziko kasukoa...

        — Merkatalontzi horretatik uretara egin duen emakume horren gorpua?

        — Bai, bai, halaxe esan digute DYAkoek. Denok ikusi dugu larru beltzeko emakume baten gorpua zela, emakume haurdun batena. DYAkoek argi eta garbi utzi dute uretara botatako emakumea dela, dauzkaten datuen arabera...

        — Agertu da, beraz, zoritxarrez espero zena...

        — DYAkoek komentatu dute orain ordu erdi-edo eman dietela horren berri, alegia, baten batek deitu diela esanez pertsona baten gorpua zegoela ur azalean, errepidetik gertu, antza, mareagorak honaino ekarria. Abisuaren ondorioz Ertzaintzaren zodiak pare bat agertu da, furgona hauekin batera, eta uretan dauden burdinazko buia handi horietako baten ondotik atera dute Axpeko erriberako molla zaharrera.

        — Latza izango zen ikusitakoa...

        — Bai, ezin duzue imajinatu, halako emakume bat, haurdun, eta hilda... izugarria... Negargura daukat, benetan, negargura itzela... Begira patuak noraino ekarri duen emakume hori.

        — Maribi, eskertzen dizugu deia. Tamalez espero zitekeen okerrena gertatu da. Kontrako albistea eman nahi genuen... nonbaiten bizirik agertuko zela...

        — Aizu... entzuten didazu?... Badoaz... orain badoaz...

        — Zarata artean entzuten dizugu...

        — Badoazela!, gorpua DYAkoan sartu eta alde egiten ari dira...

        — Eskerrik asko, Maribi, mila esker. Nahiko nuke beste batean zuk berriro deitzea. Ea hurrengoan berri pozgarri bat kontatzeko aukerarik baden...

        — Hala nahiko nuke, jakina. Deituko dizuet, bai.

        — Hurrengora arte.

        Maribiren deiaren ostean, entzuleok, ez dakit zer esan, zer edo zer esateak zentzurik ote duen, ez bada zirrikitu guztietatik halako laguntza eta elkartasuna eskaini behar dizkiegula egoera larri horietatik ihes egiten dutenei... Europa bihozgabe honen harresiak zulatu beharko genituzke zelan edo halan, munduko beste harresi guztiak bezala. Eta gaur bertan, eta bihar bertan ere, gure oroimenetik sekula ezabatu barik, emakume honen hilketa salatu behar dugu, argi eta garbi, istripu bat izan dela ukatuz. Ez dut panfletorik egin nahi, ezta behar ere.

        Armagideon Time / Kick It Over, The Clash-en reggae dub indartsu hura ekarriko dugu Txireneko uhinetara. Salaketa kanta bat, euren izaera politiko eta musikala ederto islatzen zuena... halako egoera latzen aurrean jarri beharrekoa. Entzun ezazue! Joe Strummer-en ahotsa eta Mikey Dread-en dub efektuak... Remember to kick it over! Injustiziari aurre egin behar diozula gogoratu!

 

                Stay around, don't play around

                This old town and all

                Seems like I got to travel on

 

                A lot of people won't get no supper tonight

                A lot of people won't get no justice tonight

                The battle is gettin hotter

                In this iration, armagideon time

 

                A lot of people runnin and a hiding tonight

                A lot of people won't get no justice tonight

                Remember to kick it over

                No one will guide you - armagideon time