Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

5

 

Hogei bat metrora Ertzaintzaren kotxe bat gelditu da, bigarren lerroan, kontainerren parean. Ertzain bi atera dira, lasai, presa barik. Gaurko sargoriak astiro mugiarazten du hiriko bizitza, antza. Batek txapela jantzi eta gerrikoan sartu du porra. Besteak alkandoraren goiko botoiak lotu eta ondoko bi kontainerren artera jo du. Hantxe, harrapatuta, jonki bat, kontainerraren kontra bermatuta, burua jaso ezinik. Ertzainak haren arropak eta poltsikoak arakatzen hasi dira. Jonkiak ezin die ertzainen galderei erantzun, edo hori iruditu zaio Joxani. Aldi berean, kalean behera abiadura handiz tunning kotxe zaratatsu bat agertu da Joxanen aurrean. Bi gazte barruan, musikaren bolumena ezin ozenago. Apur bat aurrerago, kristalak banatzen dituen furgoneta handi baten traba dela eta, gelditu egin behar izan dute.

        — Hi, jipi, atera egik bourbon kubata pare bat! —oihukatu diote leihatilatik Anjelen taberna aurrean jesarrita dagoen agure etxegabeari.

        — Non daukak Harley zaharra? —esan dio besteak trufaka.

        Kristalen furgoneta bazter batera jarri denean alde egin dute. Gurpilak asfalto beroan harramazka. Tuboeskapetik uzkerka. Musika Miravillatik entzuteko moduan. Joan dira, eta ertzainak, aldiz, beste mundu batean baleude bezala. Egoera ezaguna egin zaio Joxani. Taberna aldera begira jarri da. Hantxe agurea, bizar urdina, motxila zarpaildu bat, poltsa bi eta bera bezain zaharra dirudien txakur bat. Agurea ere Joxani begira geratu da. Kotxearenak ez dio ardura izan, nonbait. Ohikoak ditu mespretxua eta burla. Coruñara heldu eta gutxira antzeko gertaera bat ikusi zuen Joxanek. Hilabete-edo zeraman hirian, berak erabakitako erbeste hartan.

        Txerrari gertatutako ezbeharraren biharamunean Outeiriñok argi eta garbi esan zion:

        — Begira, hemen, Bilbo aldean, lasai ez bahabil, nik emango diat Coruñako helbide bat —eta basoak sikatzeari utzi eta paper puska batean apuntatu zuen gimnasio baten izena.

        Egun hartan ezohiko orduan agertu zen Outeiriñorenera. Musika eta telebista amatatuta, ixteko puntuan zeukan taberna, azken bezero zurruteroei azken kopak atera ostean. Joxan barrako muturrean jarri zen, goibel.

        — Hemen daukak —Outeiriñok zerbeza ondoan ipini zion paper puska—, Gimnasio Neira, A Coruña. Bertan idatzi diat behar duan guztia: helbidea, telefonoa eta nire lagunmin baten izena. Gimnasioa ez duk berea, baina berak eramaten dik alde teknikoa... entrenatu, borrokak lortu eta hori guztia. Nire partetik hoala esan eta ziur nagok lekua egingo diala. Horrela, behintzat, lehen aipatutakoa beteko duk... denboraldi baterako hemendik alde egin eta...

        — Eskerrik asko, Oute, estimatzen diat.

        — Txerra hire lagunaren heriotzak zerikusia zeukak honetan, ezta? —galdetu zion amantala gerritik askatu bitartean.

        Joxanek ez zion erantzun.

        — Berdin zaidak... Hi nire laguna haiz... eta kito. Gura duk gaur gauean hemen geratu?

        Baiezko keinua egin zion Joxanek.

        Azken zurruteroek alde egin ostean, Outeiriñok gauza pare bat jaso, argiak amatatu eta joan egin zen.

        — Bueno, hi, larregi atxurtu barik, bai? —eta giltzaz itxi zuen tabernako atea.

        Hurrengo egunean, etxeko arropa apur batekin Coruñara abiatu zen Joxan. Gurasoak arduratuta utzi zituen, alde egite haren arrazoiak ulertu barik. Joxanen azalpenek, boxeo munduan beste bide batzuez aukera onak zeuzkala argudiatuz, inor gutxi konbentzituko zuketen, baina, tira, semearen aukera horiek errespetatu behar. Arrebak isilik entzun zituen, sinetsi barik.

        — Zaindu zaitez, bai?

        Hori besterik ez zion esan. Luze besarkatu zuen, inoiz berriro ikusiko ez zuelakoan.

        Egun pare baten buruan Outeiriñoren lagunaren aurrean zegoen. Honek berehala probatu zuen. Joxanek erakutsi zion bere indarra, bere erasoa. Inoiz baino indartsuago zegoen orduan. Berez zeukan indarrari azken egunetako gertaerek eragindako amorrua gehitzen zitzaion barrenetan. Txerraren heriotza, Euskal Herritik alde egitea, etxea uztea... Aurreneko aste haietan, Coruñan bertan zein inguruko beste herri batzuetan, basurde zauritu baten moduan aritu zen boxeo borroketan, bizia jokoan baleuka bezala.

        Portugaldar handi baten aurka izandako borrokaren ostean, dutxatu, orbain batean puntuak josi, tirita zabal pare bat jarri eta gimnasiokoak agurtuta, bakarrik joan zen kalera. Handik gertu, gizon zahar bat zelan jipoitzen ari ziren ikusi zuen. Gazte batzuk gogotik egurtzen ari ziren gizona, kalean bizi den horietako bat. Haren poltsa zaharrak sakabanatuta zeuden kantoiko espaloian, kontainer bat lurrera bota izan balute bezala. Kolpe hotsak sikuak ziren, astunak, eta bazirudien hamaika puskatan birrindu behar zutela.

        — Ze ostia pasatzen da? —oihu egin zien Joxanek.

        Gazteetako bat Joxanengana hurreratu zen, eta, hark jo aurretik, Joxanek ukabila sartu zion saihetsetan, gibeleraino. Eta hurrengoa matrailan. Belauniko geratu zen hormaren kontra. Haietako beste bat arineketan etorri eta Joxani buruaz jotzen saiatu zen; Joxanek atzera egin eta uppercut bat zuzendu zion mutur aldera. Sudurraren hezurra zelan kraskatu zion entzun zuen. Odola zeriola laga zuen etzanda. Atzean, gizon jipoituaren ondoan zeuden gainerakoek hanka egin zuten.

        Etxegabeari poltsak jasotzen lagundu eta taxi batean sartu zuen.

        — Gurutze Gorrira —esan zion txoferrari ordaindu ostean.

        Hauxe duk indarra ondo erabili duan lehen aldia, pentsatu zuen urruntzen ari zen taxiari begira. Gau ilunean aldameneko kale batetik langile batzuen berbaroa zetorren. Odol zipriztinak igarri zituen hormako kartel batean: Rebajas en Modas Villar. Merke baino, doan etortzen duk bizitza honen kabroiena, pentsatu zuen.

        Txamarraren kremailera igo eta ostatura jo zuen.