Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

10

 

Igande hartan berandu jaiki zen. Komuneko ispilu aurrean ur hotzaz garbitu zituen bekarrak, aho ertzetako adur sikua eta haginak. Bart lanean ibilia zen Susorekin... lanean eta lanaren osteko tragoetan. Handik zetozkion aho zuloko hats nazkagarria eta burua zigortzen zioten mailukadak. Eskuak ur txorrotaren azpian sartu eta soina igurtzi zuen behin eta berriro. Leihotik eguzkiaren presentzia ezohikoa Coruñan. Sukaldetik kafe egin berriaren usaina, Bibiren ahots epelarekin batera.

        — Bizirik zaude?

        Joxanek ez zion erantzun. Ur tantek laban egiten zioten burutik behera, hiriko teilatuen gainetik ikusten zen itsasoari begira zegoela. Bizirik, bai, pentsatu zuen, bizirik nago, bart portuko zaindari batek egindako tiro biak saihestu ostean.

        — Kontu erraza duk, Joxan —esan zion Susok—. Pabiloi horretako giltzarrapoa hautsi eta paketeak furgoian sartu, besterik ez. Dena tabakoa, Winston dotorea.

        Eta halaxe egin zuten Joxanek eta Lalin izeneko beste batek. Berrogei bat paketetzar guztira, ez pisu handikoak, ez, baina bai lana eman zutenak. Lau bat edo falta zirenean zaindarien oihuak, alto! alto!, eta Lalinek eta Joxanek ziztu bizian furgoiko atzeko ateak itxi eta ihes egin zuten. Furgoi barrura sartu baino segundo bat arinago tiro bi igarri zituen Joxanek metro batera, bolantearen azpira makurtzen ari zela. Tiro bi, aurreko kontainer batean hozka egin zutenak. Hots metalikoak gauaren ilunean. Hots metalikoak, furgoiaren motorreko zarata burrunbatsua gero, eta gurpilak txistuka asfalto bustian ondoren. Argiak itzalita gidatu zuen Joxanek Susok agindutako biltegiraino, dardara batean.

        — Ostia, Suso, gutxi falta izan dut bizkarrean beste sudur bat izateko, zulo biko opari beroa etxera ekartzeko...

        — Trankil, boi, «lasaigarri» batzuk hartuko ditiagu Tabeiron Brancon. Hi bezalako gizontzar batek barre egin beharko liekek halako berunezko liztorrei —eta barre batean hasi zen Suso, nikotinaz zikindutako haginak agerian.

        Sorbaldatik helduta kotxean sartu eta Tabeironera abiatu ziren.

        — Zer dituk berun puskatxo horiek boi vasco batentzat! —ziotson Susok kotxe barruan, kasetetik Amalia Rodriguesen fado gozo eta triste bat entzuten zela.

        Hurrengo hiru orduetan Tabeironeko «lasaigarrien» alkoholak baretu egin zuen Joxanen dardarizoa, portukoa ahantzarazi, barre algarak sortu... eta goizean, esnatzean, kaskarreko mina.

        — Ondo bizirik nago —esan zion Bibiri.

        Berriro ura eskuetan hartu eta burura eraman zuen. Atzerantz busti zuen ilea, eta ispiluan Bibi ikusi zuen, katilu bat kafe berorekin.

        Gelokatil bat sartu zion ahoan, eta kafeaz lagunduta irentsi zuen pilula Joxanek.

        — Hau zaintza ederra...

        — Goiz honetako zaintza ez da oraindik amaitu, meu coraçao...

        Eta ispiluan ikusi zuen, ahoan kafe beroaren zaporea zebilkiola, Bibik zelan erantzi eta jausten uzten zuen kamisoi zuri fina. Ispiluan ikusi zuen zelan pausatu zituen ezpain haragitsu moreak bere saman, ezpain potolo haiek zelan hasi zitzaizkion olgetan. Inoiz eta inon ikusitako Klimt-en koadro bat ekarri zuen gogora. Eta begiak bildu zituen, eta kafearen zaporea dastatzen segi. Bibiren adats kirrutsuak igarri zituen lepoan, bere jainkosaren laztan kilimak. Eta haiekin batera titimutur harrotuen kontaktua larruazal bustian. Astiro baizik ezin zuen arnasa hartu. Kolpeka bezala. Bibiren eskuek Joxanen bularra laztandu zuten, meu coraçao... eta astiro egin zuten laban bularretik gerrira, eta astiroago oraindik gerritik sabelpeko kirruetara, presa barik. Titimutur gogortuak bizkarrean iltzatuta, mihia goitik behera eta behetik gora, desertuan egarriz bezala, eta eskuak, Bibiren esku ilunak haren hankartean, atzamar itsuek aztertzen duten eran. Arnasestuka ari zen Joxan, o boi vasco, konbate amaiezin bateko hamalaugarren roundean bezala. Atzera bidali zuen eskumako eskua, itsu, zentzu guztietan, Bibiren frutaren bila. Honek bidea eman zion, hankartea apur bat irekiz. Eta hark berehala topatu zuen, meloi heldu ireki berrien antzera urtsua, bustia, gozoa. Meu coraçao... entzun zuen haren ahotik, meu coraçao... Orduantxe ulertu zuen Joxanek, neure bixotza... hiri arrotz hartan hainbat urte eman osteko benetako altxorra.

        — Meu coraçao...

        — Bixotza...

        Izaren artean eman zuten eguna, Joxanen arrebak deitu arte... Arratsaldeko zortziak-edo izango ziren Joxanek telefonoaren hotsa entzun zuenean. Betiko galderak gurutzatu zituzten hasieran, zelan zaude, zelan aita eta ama, zelan Coruñan eta halakoak. Haien ostean isiltasuna nagusi Joxanen ezpainetan. Adi arrebak esandakoari.

        Bibik, zigarro pare bat ateratzen ari zela, telefonoa berriro mahai gainean zelan uzten zuen entzun zuen. Zigarro biak isiotzean, kristal baten apurketak ekarri zion zarata.

        — Akabatu egingo diat!

        Joxanen oihuak burua bueltarazi zion Bibiri. Eta begien aurrean Joxan esku batez horman bermatuta. Beste eskua odoletan, zintzilik bezala. Eta sukaldeko atearen kristala hamaika puskatan kraskatuta.

        — Akabatu egingo diat! —errepikatu zuen Joxanek, samako zaina hanpatuta.

        — Joxan —Bibi ohetik altxatu eta toalla bat ekarri zuen komunetik—. Zer gertatu da, laztana?

        Zigarro isiotu bat eskaini eta esku odoldua toallan bildu zuen odoljarioa gelditu nahian.

        — Zer gertatu da? —errepikatu zuen.

        — Txerra...

        — Txerra? Nor da Txerra hori? Laguna duzu?

        — Nuen... laguna nuen... Hil egin zen ni hona etorri aurretik. Hil egin zuten, esan beharko dut hemendik aurrera. Segada batean hil zuten... bai.

        — Horretan egiten duk lan? —diotso Anjelek.

        Anjelen galderak oroitzapenetatik ekarri du Joxan, Txerra segada batean hil ziotela jakin zuen arratsalde hartatik.

        — Gimnasio Neira, horretan egiten duk lan? —errepikatu dio galdera, beste zerbeza botila bi basoetara ateratzen ari dela.

        — Bai... —diotso Joxanek, goiko ezpainean geratu zaion aparra mihiaz garbitu ostean.

        — Agirreren esku luzea ibili zuan baita ere hi boxeo zirkuituetatik botatzeko, ez duk?

        — Jakina. Zer ez zian hark kontrolatzen! Dena zaukatek kontrolpean putakume hauek, dena! Hasieran ezin zian nirekin, badakik. Hainbat aldiz aurre egin nioan, eta hori ezin barkatu. Ondo dakik hik ere, edo eurek gura dutena egiten duk edo kale bazterrera hoa, horrela, beste barik.

        Joxanek zigarro pare bat isiotu du.

        — Akordatzen haiz zein izan zuan ni hemengo boxeotik botatzeko erabili zian aitzakia?

        — Tongo batean sartu hintzelako, ezta?

        — Bai, baina ez berak esan zian moduan, ez. Hemen Bilbon antolatu zuten konbate batera deitu zidatean, eta hara heldu eta badakik zer ikusi nian? Aurreko egunean KOz galdutako morroi koipezaku bat ipini zidatean aurrean. Lutxana aldeko morroi bat, Roke izeneko bat, boxeorako zahartu xamarra. Ba... horixe, nire kontra aritu behar zuena gaixorik ei zegoan, gripeak jota edo zer zakiat nik. Eta konbate hura bertan behera ez uztearren koipezaku hura ipini zidatean aurrean. Bezperako zauriak eta beltzuneak zeuzkaan oraindik... eta nekea, zer esanik ez.

        — Baliogabetzeko eskatuko huen!

        — Ez zidatean onartu. Hura etikoki ez zela legala esan niean, morroi hura ez zegoela borrokatzeko baldintzetan, oso arriskutsua izango zela berarentzat...

        — Baina Agirreren eskua handik ibiliko zuan...

        — Horixe, antolatzaileak putakume horren ipurtzuloan miazka ari zituan. Borrokan egiteko, osterantzean ondorio latzak etorriko zitzaizkidala.

        — Eta borrokatu egin huen hala ere...

        — Bai, baina hasi baino lehen esan nioan ez zegoela borrokatzeko moduan, arrisku handian jarriko zuela bere burua.

        — Ez zian atzera egin?

        — Ezingo zian! Antzezlana egingo genuela xuxurlatu nioan belarrira, indar gabeko kolpe handi batzuk emango nizkiola, eta berak hirugarren roundean lurrera botako zuela bere burua... eta, jakina, handik ez altxatzeko. KO antzeztua, eta kito.

        — Baina dena pikutara joan zuan.

        — Ez zitean sinetsi eta Federaziotik bota ninditean... Tongoa egin izanaren akusaziopean bota ninditean. Huraxe nire agurra ring gaineko hamabi sokei. Oraindik gogoratzen diat Agirre putakumearen irribarre maltzurra, epaileek tongoa egin nuela erabaki zutenean. Bertan erabaki eta bertan sinatu... Agirrek planifikatutako amarrua izan zuan!

        — Kolpe gogorra hiretzat, bai, ondo akordatzen nauk. Eta zelan orain Galiziako gimnasioan?

        — Ezin kexatu...

        Anjelek beste koadrila bat zerbitzatzera joan behar izan du.

        Zelan orain Galiziako borrokak... Anjelen azken berbak bueltan etorri zaizkio Joxani burura, halako oihartzun lauso batez, eta ezin izan du ezpainetan irribarrea eragotzi. Susoren barre algarak, portuan eta kostaldeko zulo ezkutuetan egindako ilunpeko negozioak, ukabilen dantza... hori guztia etorri zaio Anjelen berbekin.

        Pattar botilen ondoko irratian musikaren bolumena jaitsiz doa esatariaren ahotsa sartzen den neurrian. Santurtzi aipatu dute, eta hango uretara jausitako etorkin baten zoritxarreko patua.

        Izerdia tantaka jausten zaio galtzarbeetatik, bizkarrezurretik... Eskuaz sikatu du bekokia. Zerbeza larregi halako egun sargoritsu baterako, pentsatu du, edandakoa agudo iragazten da larruazaletik Gimnasio Neira iragartzen duen niki horira.

        Gintonika, erabaki du beste winston bat isiotzean, horixe eskatuko diat hurrena, gintonik zoragarri bat.