Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

13

 

Ondo doaz arratsaldeko ordu ezin beroago hauek, lagunok? Leihoan daukagun termometroan oraindik 33 gradu, eguzkia teilatuen gainetik aspaldi ezkutatu bada ere. Hau da hau laztan sargoria! Itsasadarrean gora, honaino, gure pare-pareraino, marrazo tropikalak sartu direla esaten badiguzue sinetsi egingo dugu, birritan pentsatu barik... edo, zergatik ez, Martzaako mollatik musker erraldoi eta geldo horiek paseoan dabiltzala esanez gero. Bero sapa honekin horiek eta bost sinetsiko genituzke. Basamortuan bezala, bero ikaragarri honek eragiten dituen aluzinazioak eta hamaika gehiago gustura irentsiko genituzke. Edozer gauza eguneroko ohikeriatik alde egiteko, ez duzue uste?

        Izerdi lametan gaude. Eskerrak noizean behin beheko tabernatik garagardo hotz batzuk ekartzen dizkiguten, osterantzean sikatu egingo ginateke gela itxi honen barruan, bakailao bihurtuta. Baina bakailao dantzaria, aizue, pil-pilean reggae, Ferminen disko berriak mokorrak dantzan ipintzen dizkigun moduan. Entzuten duzue lagunok?

 

                Feel this music in your body

                This rhythm will catch us and take us to another dimension

                Hey! The roar of the shock

                between The Basque Country and Jamaica

                will make the earth vibrate

                Hasieran izan zen scratch bat

                Gero etorri zen big bang-a

                Leherketa erraldoia

                Zulo beltzetik su bola

                Euskal Planeta espazioan

                Eta Reggae Boyz-en baloia

                Bi herrien arteko talka

                Sustraietatik helduta

                62an gu laster batean

                Independentzia. MORE FIRE!

                Euskal Herria Jamaika Clash!!!

 

        Pil-pilean eta dantzan jartzen gaituzte cd barruko liburuxkan agertzen diren irudiek ere... Malcom X eta Txabi Etxebarrieta, Joe Strummer, gitarran «This machine kills fascists» idatzita daukan Woodie Guthrie, Intifadaren gazteak, Pantera Beltzak... Zer gehiago?

 

                Euskal Herria Jamaika Clash

                Kingston ere bai Nafarroa baita

                Euskal Herria Jamaika Clash

                Sakanako panterak, Maroon lehoiak!

 

        Bolumena apalduko dugu apur bat... dei bat daukagu, lagunok, telefonoaren argi gorria piztu da gure ondoan.

        — Bai? Nor daukagu bestaldean?

        — Julian Sangroniz, Juliantxu, nahi baduzue, halaxe esaten didate lagunek...

        — Ederto, Juliantxu. Nondik deitu duzu?

        — Montecaramelotik... badakizu non dagoen?

        — Bai, hantxe Basurtu gainean, aldapa malkartsu ederrean.

        — Bai, jauna, balkoi itzela da gure auzoa... Non dagoen galdetu dizut jendeak ez dakielako hau existitzen denik ere. Gran Via, Guggenheim eta Euskalduna jauregia Bilboko leku bakarrak direla uste dute gehienek... Badakizu zelan saltzen duten Bilbo berri hau.

        — Ahotsagatik, eta ez egizu txarto hartu, ni baino nagusiagoa zara, ezta? Alegia, nik baino askoz hobeto ezagutuko duzu Bilbo.

        — Ezagutuko ez dut, ba! Urteak dira erretiroa hartu nuela, bai. Laurogei urteen bueltan nago, eta mundura etorri nintzenetik Botxoan bueltaka, Zazpi kaleetan ezkondu arte, eta handik aurrera hemen, hiri gaineko balkoi honetan...

        — Ederto, Juliantxu... Zer dela-eta zure deia?

        — Alabak irratia piztu eta hona ekarri dit, etxe aurreko gerizpe honetara... ondo nago hemen...

        — Haize leun apurtxo bat izango duzue goialde horretan... Baina zer esan behar zenigun?

        — Ba, begira, irratitik entzun dizuet ibaian zelan agertzen ziren hilotzak, bai?

        — Bai, hala da, beste dei batetik jaso dugu informazio hori...

        — Hemen, itsasadarrean halakoak agertzen ziren gu umeak ginela, bazenekien?

        — Ideiarik ez.

        — Ba, bai, jauna, hilotzak itsasadarrean gora eta behera, eta dena Krone zirkuaren erruagatik...

        — Krone zirkua? Ez dut inoiz entzun...

        — Gaztea zarelako. Zirku hura Bilbora etortzen zen orain urte asko, La Campa de los Ingleses izeneko lekura. Gaur egun Guggenheim eta La Salve zubi arteko eremu horretan ipintzen zuten karpa erraldoia.

        — Izen hori...?

        — Izen hori han zegoelako ingelesen hilerri bat. Uste dut azken karlistadan hildako ingelesentzat propio egina, orduan irlatxo bat osatzen zuen eremu batean...

        — Juliantxu, uste dut kontatzen ari zaren istorioan galtzen ari naizela... Hilotzak aipatu dituzu, ezta?

        — Bai, banoa harira. Krone zirkua erraldoia zen, garai hartarako oso ikusgarria. Piztia ugari ekartzen zuten: lehoiak, tigreak eta halakoak... denak beldurgarriak.

        — Oraindik ez dut hilotzen kontua ulertzen...

        — Garai hartan miseria handia zegoen hirian, pobrezia ikaragarria. Jendeak edozer gauza asmatzen zuen aurrera egiteko, diru apur bat lortzeko, badakizu...

        — Horrek krimen tasari eragiten zion, beraz.

        — Ez, ez, kontua da Krone zirkuko piztiek jan egin behar zutela, eta asko gainera, eta astoak eta mandoak garraio lanetarako alokatzen zirenez, ba, pentsa egizu zer gertatzen zen...

        — Barkatuko didazu, baina ezin dut zer gertatzen zen asmatu.

        — Ene, inozo halakoa! Asto eta mando haiek, alokatu ostean, saldu egiten zizkietela zirkukoei, piztien bazka bihurtzeko.

        — Astoak eta mandoak piztien jana...

        — Bai, eta hondarrak, alegia sobera geratzen zena, buruak, hanka zati batzuk, hezurdurak eta larruak itsasadarrera botatzen zituzten... Eta hortik mareak gora eta behera eraman eta ekarritako hilotzak.

        — Juliantxu...

        — Hark haserre handia piztu zuen haiek alokatzen zituzten negozioetan, argi eta garbi dagoenez, eta...

        — Juliantxu, entzun...

        — Gauza bera itsasadarraren ondoan bizi ziren auzokoen artean. Ez da txantxetako kontua, ez duzu uste? Batzuk zera apuntatu zuten prentsan, hura guztia sekta deabruzale baten kontua zela, eta bai Elizak bai Poliziak neurriak hartu behar zituztela gertakarien gainean...

        — Begira, Julian, aurreko deian aipatutako hilotzak bestelakoak ziren, giza hilotzak, eta ez zuk diozun...

        — Eta kaleetako txakurrak eta katuak eta halakoak ere hara eramaten zituzten zirkukoei saltzeko. Aizu!, gose handia zegoen urte haietan, gose larria... Baten batek amaginarreba bera ere salduko zien ahal izanez gero, zer uste duzu!

        — Uste dut txarto ulertze bat izan duzula hilotzen inguruan, eta...

        — Gose handia, aizu, gaur egun irudika ezin daitekeen gosea. Eta hala ere, orduko kontuak gogora ekartzeak barregura ematen dit... ja, ja, ja! Mandoak eta astoak hara eramanda, Belenera joango balira bezala, eta bildotsen ordez txakurrak eta katuak... tragikoa, bai, baina umore handiz gogoratzen dut...

        — Bueno...

        — Bai, hori izan da dena, pentsatu dut zuek jarritako gaiari ondo zetorkiola, gurean ere halakoak gertatu direlako... zer uste zenuten, ba? Tira, utzi egingo zaituztet, larregi egin dut berba eta nekatu samar sentitzen naiz. Aurrera, eta agur.

        — Aurrera eta agur, Julian. Eskerrik asko.

        — Ez horregatik, agur.

        Tira, inkomunikazio eredu xelebre honen ostean, eta halakoak noizean behin izan bitez... ba... aurreko berri triste hura dela-eta, zera esan behar dizuet, Santurtziko gertakariez gauza gutxi dakigula. Emakume haurduna ez dutela oraindik topatu, nahiz eta Poliziaren zodiak batzuk hara eta hona ibili hango bazterretan. Atxilotutako etorkinak komisaldegira eramanak izan dira Sea Eagleko kapitainarekin eta besteren batekin batera. Latza izan behar du halako egoera batean egotea, are latzagoa emakume haurdun horren bizia arriskuan egonda. Hauxe duzue gure Europaren politika, hirugarren mundu delako horretako gizon-emakumeekiko elkartasuna. Mugak ixtea inolako gizatasunik gabe eta Europa gotorleku bihurtzea. Zer egin Europa gotorleku honen aurrean? Harresiak txikitu, birrindu, apurtu... Horixe duzue hurrengo kantak aldarrikatzen duena, Europa gotorlekuko harresiak apurtu, harresiak apurtu arte kolpeka, gelditu barik kolpeka... Asian Dub Foundation, Europe Fortress kantaren doinuaren indarra.

 

                ...segi kolpeka Europa gotorlekuko harresietan

                segi kolpeka

                segi kolpeka Europa gotorlekuko harresietan

                hauxe duzu 21. mendearen exodoa!

                hauxe duzu 21. mendearen exodoa!

                eskubidea daukate,

                ez entzun beldurra zabaldu nahi duenari

                nork ez du hanka egiten goseak akabatzen dagoenean?

                Jendea burokraziaren paperen amesgaiztoetan harrapatuta

                Ihes egizue atxiloketa zentroetatik

                Ebaki burdin sareak eta txikitu kupoiak,

                Zaudete prest, lagunok, bada esnatzeko garaia...

                Bota itzazue Europa gotorlekuko harresiak!