Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

8

 

Toots and The Maytals-en Broadway Jungle Dub kanta zaharraren bolumena jaitsi egingo dut apurka-apurka. Erritmo horiek galdu barik nahi dugu heldu zaigun berri bat entzutea...

 

                Broadway jungle, jungle, jungle!

                C'mon, girls!

                C'mon, boys!

                Let me tell you

                about Broadway jungle!

 

        Txirene irratiko entzuleok, berri beltza orain pare bat minutu Santurtzitik heldu zaiguna. Hango portuan, Zipreko bandera duen merkatalontzi batera poliziak sartu eta zazpi etorkin atxilotu dituzte, Estatu espainiarrera modu ilegalean sartu nahi zutelako aitzakiaz. Zortzigarren batek uretara salto egin omen du. Atxilotutako etorkinek esandakoaren arabera, salto egin duena emakume bat da, haurdun dagoen emakumea. Poliziaren sarekada ikusi duen lekuko batek eman digu albistea. Poliziaren zodiak bat portu inguruko ur bazterrak miatzen ari dela esan digu, txakurradaren mugimendu larregi dabilela portu aldean.

 

                Broadway jungle, jungle, jungle!

                C'mon, girls!

                C'mon, boys!

                Let me tell you

                about Broadway jungle!

 

        Sea Eagle izeneko merkatalontziak eguerdi aldean atrakatu du Santurtziko portuan, arazorik gabe, antza, baina ezin izan du tripulazioa lehorreratzeko baimena lortu. Lehorreratzeko atzerapena portuko Poliziak agindu du, ontziak zekarren zama ateratzeko beharrezko ei diren bestelako baimen batzuen aitzakiaz. Eta horrelaxe, zain, ontziaren tripulazioak karelean zein kubertan ordu bi inguru eman ditu, lehorreratzeko baimenen zain. Bitartean, ordu bi horietan, polizia gehiago bildu da inguruan, eta horren ostean, lekuko honek esanda, dozena bat polizia igo da ontzira, brankatik txopara sakabanatu dira eta kubertara atera dituzte etorkinak, eskuburdinak jarrita. Furgoietara jaitsi dituzte, banan-banan, atxilotuta, ontziko kapitainarekin batera. Orduan, Poliziaren operazioa amaitzen ari zela zirudienean, beste etorkin bat agertu ei da kubertan, arineketan, ontziaren bestaldeko karela gainditu eta uretara egin du salto. Hortik aurrera nahaste-borraste handia izan da. Poliziak hara eta hona, furgoiak joan eta etorri, sirenotsak portuan zehar... eta handik gutxira zodiak bat portuko uretan bueltaka...

        Hori da momentuz dakiguna: uretara salto egin duena emakume haurdun bat dela, atxilotuak bezala jatorri afrikarrekoa... Kontu hau argituz doan neurrian informazioa helaraziko dizuegu.

 

                The way cannot be but blood

                The song

                of mud caught up in the blood, dying

                holding on too life

                but dying all the same, yet livin' out the pain

                The end cannot be but sweet, final

 

        33 graduak ez dira termometrotik jaitsi, eta, dirudienez, jaisteko gogorik ez. Toots and The Maytals-en erritmoekin jarraituko dugu bitartean, The Right And The Wrong Way kantarekin. Nik ere zerbait freskoa edan behar dut, txirenetarrok... dagoeneko musker azalaren antzera igartzen dut eztarria, eta tripa barruak zazpi kaleko denda zahar horretan saltzen duten bakailao sikua baino sikuago... Astuna da leihotik sartzen zaigun airea, Sefanitroko gasa ematen du, benetan, erre egiten du azala. Nork esan du Euskadi tropikal hura desagertua zela? Etor bedi labe bihurtutako Bilbo honetara. Gaur ez da parrillarik behar txitxarroak erretzeko, ezta ikatzik ere; erretiluan utzi eta berez egingo dira.

        Larregi luzatzen ari naiz txapa hau, lagunok. Isildu eta garagardo fresko horren bila noa... Hortxe daukazue Toots and The Maytals-en The Right And The Wrong Way... goza egizueeeee!