Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

7

 

Joxan, kabroi hori, garestiak dituk hire bisitak!

        Taberna barrutik datorren diosala entzun du Joxanek. Hantxe dago Anjel, barra atzean.

        — Oso guapa zaude —diotso Asuni, eta honi begira sartu da tabernan.

        — Urtebete bai, edo gehiago, agertu ere egin ez haizela! —bostekoa eman dio Anjelek.

        Bosteko luzea halako indar lehia bihurtu da, lagunen artekoa. Anjelek amorru aurpegia jarri badu ere, txantxetan ari da.

        — Hi boxealaria izango haiz, baina Anjel honek idi pare baten indarra zaukak oraindik —estuago tinkatu dio eskua—. Zer uste duk ba?

        — Hori ring baten gainean ikusi beharko genikek, ahobero hori!

        Eta barre algara batean askatu du eskua Anjelek.

        — Aitarenak ekarri hau oraingoan, ez duk?

        — Bai.

        — Atzo gauean ikusi genian eskela. Badakik, egunaren hondarrean ematen zioat begiratua egunkariari... eta berandu hiletetara joateko.

        — Ulertzen diat, Anjel, ez didak ezer esan behar.

        — Pena hartu genian etxean, benetan, aitak, nik, denok...

        — Tira, honezkero ezin diagu ezer egin. Halakoxea duk bizitza... Heriotza duk egiarik berdaderoarena, eta haren etorrera ahalik eta ondoen onartu behar.

        — Noiz arte egongo haiz hemen?

        — Bihar hartuko diat trena, arratsaldeko lauretan.

        — Bueno, zer edo zer hartuko diagu! Zer nahi duk?

        — Zerbeza bat.

        — Zerbeza berezi bat aterako diat, gaurkoak merezi dik.

        Sukaldera joan da Anjel, hango hozkailu batera.

        — Oruxoa denontzat! —entzun du Joxanek bat-batean.

        Barrako muturrean dagoen koadrila bat izan da. Handik atera dira berba ozenak: Oruxoa denontzat! Aldarriak Galizia ekarri dio gogora... Santa Mariñako laguna, Urbano Lugris zaharra etorri zaio akordura, bihotzera.

        Oruxoa denontzat! Horixe bera esaten zuen bere etxolatik, eta inguruko kaioek izututa hegan egiten zuten portuko bazterretatik ihesi. Minutu pare bat ematen zuten itsaso apartsu gainean eta karraka pausatzen ziren berriro portu ondoko hondartza txikian.

        Oruxoa denontzat! Horixe bera entzun eta portuan lanean ari ziren arrantzaleak, kaioak ez bezala, sareak, txangurrotarako butroiak pilatu edo bestelako betebeharrak alde batera utzi eta Urbanoren etxolara abiatzen ziren, oruxo zurrutada pare bat, edo gehiago, jotzera. Hara biltzen ziren arrantzaleak, Urbanoren etxolara, berak kostalde bortitzari egindako margolanen artera. Horixe zen Urbano Lugrisen zeregina, itsaso zakar hark jotako irlak, kalak, hondartza galduak eta ur sakoneko bizimodua mihiseetara ekartzea.

        Galiziara joan eta urtebetera ezagutu zuen Urbano Lugris, ostegun goiz lainotsu batean. Ordura arte Coruñan ematen zituen egunak, gimnasioan batik bat, ostiraleko edo larunbateko konbateak prestatzen, denak amateurrak, ez konbate ofizialak. Hona edo hara joan eta honen edo haren kontra jo, diru apur baten truke. Inongo arrakastarik ez bistan, are gutxiago estatu mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko zerrendetan. Galiziako hirugarren mailako kiroldegi eskasetan, jaietan zeuden herrixketako plazetan edota lokal ziztrinetan aritzen zen Joxan, kea eta pattarrak nagusi bertaratutakoen artean. Apustuak bolo-bolo, zelan ez. Bestea akabatzeko oihuak. Probetarako idiak bezala eramaten zuten Joxan herri batetik bestera. Kolpeak eman eta kolpeak jaso. Odola eta beltzuneak. O boi vasco, idi euskalduna, halaxe esaten zioten herrietan. Astean behin telefono deiren bat etxera, edo lagunen bati, eta huraxe zen dena. Konbateek emandako diru etekinekin bigarren eskuko kotxe bat erosi zuenetik alde egiten zuen Coruñatik, ahal zuenero. Halako egun batean, behelainoak zarratutako errepide eskas batzuetatik ibili ostean, Santa Mariñan agertu zen. Herriko kale bakar eta aldapatsutik jaitsita heldu zen portutxora. Han topatu zuen Urbano, portu pareko hondartza txiki batean, hondartza bera eta itsasoa mihise karratuan margotzen. Hurbildu ahala, baina, bestelako irudi batzuk ikusi zituen koadroan, parajeetan ez zeudenak: irla zorrotz batzuk, zeru iluna... eta hodei baten gainean etzanda itsaslamia bat, bular oparoen jabe.

        Joxanen presentziak nabaritu zuen Urbanok.

        — Uste dut amaitua dela —esan zuen itsasoari begira—, ez duzu uste?

        Argi zegoen galdera Joxanentzat egina zela.

        — Irla horiek, itsaslamia...

        — Ez dituzu ikusten?

        — Ez.

        — Ba nik bai. Hor egon dira egunotan... gaur ere bai. Halako misterioak gordetzen ditu itsasoak —esan zion itsasoari begiratzeari utzi barik—. Kontua da zelan begiratzen duzun, itsasoak zer eskaintzen dizun... Erraza da kontua: itsasoari begiratu eta gero itxi begiak... orduan agertuko zaizu bere benetako izaera, irudia. Bihotzetik begiratuko bagenu bezala.

        Joxanek ez zuen ulertu. Zoro samarra iruditu zitzaion gizona, baina, antza, ohikoak izaten ziren halakoak artearen mundu horietan. Hala ere, gozo iritzi zion, ederra, bere bizimodu bakarti eta kolpezalea baino humanoagoa.

        — Erakutsiko dizut zelakoa den nire itsaso hau —eta trasteak batzen hasi zen, pintzelak, boteak, trapuak...

        Urbano Lugrisek portuan bertan zeukan etxolara joan ziren. Baleak eta faroak, ilargiak eta itsasoko iparrorratzak, ontziak eta largabistak nahasten ziren han gordetako koadroetan. Errealismo guztia olgetan zebilen hamaika kolore artean. Ez ziren Joxanen munduko irudiak, baina bake itzela ematen zioten behin eta berriro begiratuz gero. Urbanok kriseilu moduko bat piztu eta botila bat ipini zuen egurrezko mahai gainean, baso batzuekin batera. Kanpora irten eta esan zuen: oruxoa denontzat!

        Inguruko arrantzale zahar batzuk agertu ziren etxolara, zazpi itsasoak zekartzatela begietan.

        Iluntzerako hutsik zeuden dozena erdi botila.

        — Nahi duzun arte —esan zion Urbanok, Joxanek kotxearen motorra martxan ipintzean.

        Kresala, pinuak eta txilarrak nahasten ziren Joxanen sudurzuloetan. Inguruko etxetxoetako argi apal eta dardaratiak besterik ez ilunpe zarratuan. Joxanen begietan oruxoak eragindako lausoa... eta Urbanoren etxolan ezagututako epeltasun humanoa.

        Laburra egin zitzaion etxerako bidea.