6
Egunero bezala izerditan amaitu du lana Asunek, bazkarien usain sarkorrak larruazalean itsatsita. Goizeko bederatziak aldera tabernako sukaldera sartu eta eguerdian ematen dituzten menuak gertatzen ditu. Gertatu eta dena garbitu. Sukaldean berarekin Marijo, hirurogei urteko andre grazia handikoa, hari esker eramaten du sukaldeko eta jantokiko lana. Marijok, zorionez, beti dauka txantxaren bat ahotan, eta badaki, behar denean, Asun zelan animatu egunerokotasun arruntean.
Bueno, guapa, jarri abakandoak eta lanpernak egosten biharko menurako, lehendakaria etorriko zaigu eta!
Marijo atetik desagertzeaz batera barra aldetik datorren irratiko musikak hartu du sukaldea. Funk dance elektroniko baten erritmo espitosoak. Bafleak ikara batean jarriko lirateke irratiko bolumena apur bat gehiago igoz gero. Eta dantzarako musika-gonbite horrekin nahastuta, esatariaren ahotsa:
«Txirene irratian eskertzen ditugu zuen deiak, entzuleok! Deustu aldeko Kabia kulturguneko Aritzek egin digun bezala, zuen proiektu alternatiboen berri emateko badira, are hobeto! Eurentzat da orain entzuten ari garena, Groove Armada taldearen I See You Baby, Fat Boy Slim-ek oraindik itzelago moldatu duena. Honekin dantzan jartzen ez dena gorra da, eta kaleko farolak baino mugiezinagoa. Kabia kulturgunekoak bai mugitzen direna! Aritzek ederto azaldu dizkigu hurrengo bi hilabeteetarako antolatu dituzten kultur ekitaldiak, baita inbidia sanoa eman ere. Proposamen interesgarriak, bai, inondik ere, hiri honetako kultura ofizialarenak baino interesgarriagoak behintzat; eta, gainera, inolako diru laguntzarik gabe... Zuk zeuk egizu! leloaren jarraitzaile finak ditugu lagun hauek. Adi, beraz, handik egiten dizkiguten eskaintzei! Isil nadin orain, Groove Armada taldearen abesti honek merezi du eta».
Asunek, amantala erantzi bitartean, irribarre egin dio Marijori. Abakandoak garbantzu bihurtuko dira, eta pasta, eta zopa; lanpernak, berriz, xerra, oilaskoa edota berdela. Eta gero fruta, jogurra edota arrozesnea. Ardoa, gaseosa, ura. Kafea, kopa, purua. Berba horiek guztiak errepikatzen ditu ahopean ispiluari begira. Eskuak eta besoak garbitu ditu usain gozoko gel batez, baita musua eta sama ere, lanaren arrastoak ezabatu nahian. Ilea atzerantz bildu eta eskuez kolonia apur bat zabaldu du sama aldean... eta alkandorak bistan utzi duen bularren erretenean. Ez zaio gustatzen ispiluan ikusi duena. Berrogeita bi urteko aurpegi ilauntzen hasia. Begi ondoak behar baino zimurrago. Ninietan nekea. Ile zuri batzuk han eta hemen, ileapaintzaileak noizean behin ezkutatzen dizkionak. Eta are grisagoa ispiluan ikusten ez dena, bihotza, esaterako, edo eguneroko bizimodua. Baina hori ukatu egiten dio bere buruari. Semeak poza ematen dio, zelan ez, eta gizonak... gizonak eman beharko lioke. Ona da gizona, baina... zer da ona izatea? Arazorik ez, baina... Nahasi egiten dute «baina» horiek. Pentsatzeak berak inarrosi egiten dizkio barrenak, burua erotu. Eta beldurtu egiten da. Ez du pentsatu ere egin nahi ekibokatu egin ote zen. Semea dago tartean. Begiak bildu, astiro igurtzi eta alde egin du sukaldetik tabernako barrara. Dena ondo balihoa bezala. Barran Anjel, bere neba, kafe pare bat izotzarekin gertatzen.
Dena amaituta?
Amaitu dugu, bai diotso Asunek, eta zerbeza bat atera du neberatik.
Txapa kendu eta botila erdia hustu du zurrutada batez. Egarri itzela gaurkoan.
Hor kanpoan daukazu Balentin...
Dagoen lekutik ikusten du Balentin, agure etxegabea, poltsa zarpailduez inguratua. Ondoan etzanda txakurra, lagun leiala.
Hegan egin nahiko lukeen kotxe baten gurpilek asfaltoan harramazka egin eta zarata gorgarria atera dute, 1 Formulako txapelketa bateko irteeran baleude bezala. Tuboeskapetik leherketa txiki modukoak atera zaizkio.
Asunek zigarro bat isiotu, beste zurrutada bat jo eta sukaldera sartu da berriro. Handik hamar minutura irten da kanpora: esku batean zerbeza bat eta bestean ogitartekoa, okela piperrekin. Balentinen ondoan egurrezko bankuan utzi ditu zerbeza eta ogitartekoa.
Hola, Balentin bankuan jesarri da bera ere.
Balentinen bizarraren erdian esker oneko irribarrea agertu da. Haren kristalezko begirada ere antzekoa, atsegin eta apala. Horixe izaten da Balentinen keinu bakarra. Ez du berbarik egiten. Noizean behin, handik eta hemendik noraezean ibili ostean, egurrezko banku honetan jesartzen da. Asunek zer edo zer atera eta ondoan erretzen du zigarroa, hari laguntzearren... bakarrik ez uztearren. Kotxerik ez une honetan. Eta hortxe dagoela, zigarroa ezpainetan olgetan, Joxan ikusi du, tabernarantz datorrela. Ikustearekin batera zimiko urduria igarri du bularraldean, eta nahi gabeko irribarre gozoa egin zaio ezpainetan.
Aspaldiko, Joxan bankutik altxatu eta musu pare bat eman dio. Uste nuen neba gezurretan ari zitzaidala...
Zer ba?
Sarritan esan dit noizean behin agertzen zarela hona, urtean behin edo birritan.
Eta hala da.
Isilunea bien artean. Badirudi lehengo garaietako aurpegiak bilatu nahi dizkiotela elkarri. Baina gatxa da kontua, hamabost urte elkar ikusi barik, elkarren berri izan barik, eta, jakina, hori igarri egiten da. Dagoeneko ez dira gazte haiek.
Asunen begi berdeak beti bezain zoragarriak iruditu zaizkio Joxani, nahiz eta nekea igarri, halako tristura bat. Urteak, lana, errutina... pentsatu du Joxanek.
Joan zinenetik hauxe da ikusten zaitudan lehen aldia diotso Asunek.
Arratsalde partean etorri izan naiz, zuk alde egindakoan, nonbait.
Ez zeneukan lehenago etortzerik? Gustura hartuko nuen zurekin zerbeza bat, lehen egiten genuen moduan.
Bai, arrazoi duzu. Baina, badakizu, hau dela, bestea dela, ba... ezin.
Isilunea berriro. Asunek ezpainetara eraman du zerbeza Joxanen begiei begiratzeari utzi barik. Honek zigarro bat eskaini dio. Ezin izan dio Asunen begiradari eutsi. Sua ematean, Asun apur bat harengana makurtu eta oratu egin dio eskua. Ukitua eta usaina bihotzera heldu zaizkio Joxani. Galiziara alde egin aurretik ohikoak ziren momentu hauek. Ohikoak ziren musuak, besteen begiradetatik kanpo. Eta ohikoak, neurri batean, beroaldiak, izerdia eta arnasestuak bazter ilunetan. Dena sekretuan, isilean. Izan ere, euren inguruko inork ez zeukan haien artekoaren berri. Baina hamabost bat urte dantzan daude ordutik. Joxanek alde egin zuen bezain isilik geratu zen hura guztia. Biak dira lekuko bakarrak.
Zelan semea? galdetu dio Joxanek.
Aitor? Ondo, nahiko koskortuta. Zortzi urteko mutil guapoa, bai. Zuk badaukazu seme-alabarik?
Ez, ez. Boxeoa izan da nire ume bakarra. Ez dut bestelako umeentzako tarterik topatu...
Baina emazterik badaukazu?
Ezkondu barik, baina bai, bada emakume bat nire ondoan.
Beste isilune bat. Joxanek ez daki Asunek amorrua gordetzen ote duen ala ez, ezer esan barik alde egitea barkatu ote dion ala ez. Ez dio galdetu nahi. Beharbada, aspaldiko kontua delako, ahaztuta dauka, gaindituta. Hori galdetzea orduko errautsak astintzea izango litzateke. Zertarako? Hortxe daude biak, aurrez aurre, nork bere bizitza, nori bere patua... Ondo daki txarto jokatu zuena, eta hobeto daki orain azalpenek balio ez dutela. Eta guztiarekin ere, bitxia egiten zaio Asunen aurrean sortu zaion urduritasuna. Bitxia egiten zaio begi berde horiek beti bezain zoragarriak izaten jarraitzen dutela pentsatzea. Pentsatzea, bien artean zer izan zitekeen... eta zertan geratu zen dena. Bihotzaren txoko ahaztu eta aspaldian lokartu hori itzartu egin dela iruditu zaio, eta ez du ezertarako balio.
Joxan, kabroi hori, garestiak dituk hire bisitak!
Anjel, Asunen neba, konturatu da Joxan dela arrebarekin berbetan hor kanpoan dagoena.
Oso guapa zaude esan dio Asuni taberna barrura sartu bitartean.
Asunek begirada jarraitu dio tabernako atetik desagertu arte. Zigarroari kalada luze bat eman eta kea irribarre itxura hartu duten ezpainetatik bota du astiro. Jendearen joan-etorriak, kotxeen mugimenduak... dena doa astiro. Gaurko bero sapa honek hala agintzen du Asunen begien aurrean. Iragana dabilkio begiradaren barruan, mugimendu moteletan... gaurko eguna bezain bero. Zigarroari tira egitean ohartu da aspaldi margotu barik dauzkala azkazalak. Berdin dio. Bat datoz sukaldeko lanek eragindako eskuen azal latzarekin.
Zer edo zer gehiago behar duzu? galdetu dio Balentini.
Honek ezetza egin dio.
Zerbeza botila hustu, platera jaso eta barrura sartu da, sukaldera. Barrako beste muturrean Anjel eta Joxan ikusi ditu bostekoak lotuta. Sukaldean aurpegia berriro busti, sikatu, gauza pare bat poltsan sartu eta barrara jo du tabakoaren eta mobilaren bila. Berbaro ozena entzun du atze aldetik.
Goizean sukaldean, eguerdian jantokian eta orain barran... Aizu, denetarik egiten duzu, ezta?
Egunero etortzen da gizon koadrila hori. Denak dabiltza itsasadar gaineko petril zaharrak berritzen, jausteko puntuan daudenak batez ere. Gehienak kanpotarrak. Lan horretan hasi zirenetik Anjelen tabernan bazkaltzen dute. Ondo ezagutzen ditu Asunek. Lanetik etorri berriak dira, mahoizko praka zikinduak eta kamiseta izerdituak. Juanlu da barrara hurreratu dena, gazteena, 35 urteren bueltan.
Zelan ba berriro hemen? diotso Asunek.
Gaur zerbait ospatzeko dago...
Oraindik ez duzue ondokoa amaitu, ezta?
Ez, ez, hori ez da arrazoia, neska, gaur nire urtebetetzea da.
Zorionak.
Eskerrik asko. Hauek berehala joatekotan ziren. Arropak aldatu aurretik trago bat ordainduko dudala esan diet, eta, begira, denak apuntatu dira.
Ederto, zer nahi duzue?
Zer nahi duzue? galdetu die Juanluk langileei.
Asuni Juanluren kizkurretara joan zaio begirada, haren sama aldera, haren bizar egin gabearen artean ikusten dituen ezpain gazteetara. Orain bi hilabete hasi dira tabernara egunero etortzen, eta ordutik dauka eurekin tratua. Eguneko menua, lana, eguraldia eta halakoak izaten dituzte hizpide. Kontu laburrak. Txisteren bat ere izaten da tartean, zelan ez. Kafeak eta kopak direnean lasaiago ibiltzen da Asun, ez horren azeleratua. Orduan berbetan jarduten du Juanlurekin. Atsegina iruditzen zaio Tuteratik lanera etorritako mutila. Egia esan, hasieran atsegina iruditzen zitzaion, beste barik, baina egunak pasa ahala erakargarria iruditzen zaio orain. Ile beltzaran kizkurtua, ezpainak, bere ahotsa... Kontu hori buelta eta bueltaka eduki du buruan. Konturatu da gero eta denbora gehiago ematen duela Juanlurekin berbetan. Gustura sentitzen dela berarekin. Emetasun puntua berreskuratzen duela harekin egotean. Baina berehala uxatzen ditu kontuok, senarrari egindako engainua delakoan. Aitor semeari egindako engainua delakoan. Eta, hala ere, ezin du azkenaldion gazte hori ikustean barrenean igartzen duen zimikoa uxatu.
Oruxoa denontzat! bota du ozen Juanluk.
Zelan?
Oruxo botila bat eta zortzi baso, horixe bera.
Hozkailutik atera du oruxo botila berri bat, ireki barik. Haren ondoan zortzi baso.
Eta beste bat zuretzat diotso Juanluk.
Zerbeza amaitu berri daukat...
Berdin dio, neska, sikiera topa egiteko apurtxo bat, ezta?
Bi erronda egiteko heldu zaie botila. Ordu erdi bat. Asunek eta Juanluk berbetan eman duten ordu erdia.
Bueno, orain ni ostatura eta neure bihotza Tuterako tabernetara joango da.
Horixe da egun honek eman behar dizuna? galdetu dio Asunek zigarro bat eskainiz.
Ez dakit, osteratxo bat emango dut Arenaletik...
Nahi baduzu elkarrekin zer edo zer hartuko dugu geroxeago ia ahopeka esan eta zigarroa isiotzen jarri da Asun, Juanluri begiratu nahiko ez balio bezala.
Lehenengo kaladaren kea botatzean Juanluren begiak topatu ditu aurrez aurre.
Oso ondo diotso Juanluk gozo.
Zazpietan?
Non?
Plaza Barria ezagutzen duzu?
Bai.
Ba, Plaza Barriko Cafe Bilbaon, zazpietan.
Koadrila osoa joandakoan sukaldera sartu da. Eta berriro ireki du uraren txorrota, hortxe sartu ditu eskuak. Ur freskoa aurpegira berriro, eta samara. Burua bera sartuko luke txorrotaren azpian, barrenak irakiten jarri dizkion beroa amatatzearren. Azala sikatu eta mobilaz dei bi egin ditu. Bata amari, Aitor jasotzera ikastolara joateko. Bestea senarrari, Mila, aspaldiko laguna, lagun asmatua, tabernan agertu eta arratsalde pasa egiteko gonbitea egin diola, eta segur aski nonbaiten mokadutxoren bat hartzen amaituko dutela, gauera arte ez itxaroteko. Azken dei horren ostean beste zigarro bat isiotzean apur bat dardaraka ikusi ditu eskuok. Dardara hori bera ikusi du segundo pare batez ispiluan islatutako begietan. Arnasa sakon hartu eta poltsan arakatzen hasi da: begietako marra beltza, ezpainetarako barra, betazaletarako kolorea, oso noizean behin erabiltzeko arrakada dotoreak, ilerako zepilloa eta ile mataza biltzeko zinta elastiko gorri iluna. Orain ordu laurden bat baino ederrago ikusten du bere burua. Marijoren kajoian topatu du azkazal tristeak biziberritzeko margo gorri xuabe bat. Itsasadarrera ematen duen leiho txikiaren koxkan jarri ditu azazkalak sikatzen. Haizerik ez kanpotik. Bero astunak laztan lakarra jarri dio aurpegian. Ez da kaiorik ur uherron gainean. Jende gutxi hara eta hona. Zubi azpiko bazter batean uzkurtuta jonki bi ari dira beso ubelduak ferekatzen, gerizpean. Hala ere, halako hozkirri fresko bat igarri du bihotz ondoan. Hobeto sentitzen da. Larruazalean jarri dituen koloreak dira errudunak, pentsatu du, baina ez, koloreak jartzeko arrazoiak dira ezinbestez.