14
Zigarroa ahoan, komunean sartu da Joxan. Taberna nahikoa bete da honezkero, lanetik irtendako batzuek aterpe hartu dute berton, zerbezaren bat edo halako zer edo zer eztarriratzeko asmotan. Gaurko giroak zurrutada freskoa eskatzen dio edonori. Bero sapa honi popatik emango dion zer edo zer. Bezeroen artetik abiatu da komunera. Hantxe, horman egindako marrazkiei eta idatziei begira hustu du puxika. Barreneko ur guztiak larruazaletik hanka egina ziola uste zuen, baina ez, komunzulotik behera doa txiza, eguzkia bezain hori. Denetarik irakurri du komuneko horma zikinean. Marrazkien artetik itsas lamia baten irudira zuzendu du begirada. Itsas lamia erotikoa, erabat. Hari begira geratu da luze, gogoa Urbano Lugris lagunarekin egon zen azken arratsaldera joana, hark amaitzeko puntuan zeukan koadro epiko ederrera. Hantxe, dozenaka irudiren artean, irudi eta kolore zirimola hartan, itsas lamia beltzaran bat ageri zen irla txiki baten ondoan.
Gaurko zeruaren kolorea dauka horrek esan zion itsas lamiari atzamarra zuzenduta.
Itsasaldetik galarrena zekarren. Inguruko kaioak alde egiten ari ziren Santa Mariña gaineko basoetara. Txalupa txiki batzuk porturatzen ari ziren, zeruak iragartzen zuenaren beldurrez.
Itsasoan ere kolore guztiak daude, nahasiak zein garbi-garbiak, lehorrean bezala esan zion Urbano Lugrisek, eta dena da erlatiboa kolore horietan, zeruaren arabera, orduaren eta eguzkiaren arabera... argia ezberdina da beti, eta horrek aldatzen dizu ikusten duzunaren kontrastea. Ez al da horrela gertatzen bizitzan?
Arrazoi hura onartzen zuelako seinalea egin zion Urbanori. Aldi berean estuago heldu zion Bibiri gerritik. Honen adatsen artean ezpainak sartu eta sama musukatu zion.
Kostalde luzea egin duzu koadro honetan. Horko irla horiek benetakoak dira?
Bai margotzeari utzi barik, horiek Sisargas irlak dituzu. Hiru dira, Sisarga handia, Malante eta Sisarga txikia. Haien inguruan zakar ibiltzen da itsasoa, inork uste baino zakarrago. Horien inguruetatik ibili ziren orain mende asko zure Herritik etorritako baleazaleak ere...
Euskaldunak ur hauetan?
Honaino heldu ziren Ternuara joan aurretik. Irla haien aurrean, lehorrean, Malpica herria duzu. Hantxe ematen zituzten neguak, aterpetuta... Zu bazter hauetara etorri aurretik izan dugu euskaldunen berri, baina orain hori guztia ahaztua da, beste abentura eta miseria guztiak bezala.
Ontzi horiek baleazaleak dira? koadroan margotutakoez galdetu zion Bibik.
Ez... izan zitezkeen, baina ez, ikusten dituzuen marinel horien abentura latza ekarri dut koadrora, benetako abentura... Nire lanetan, ikusi duzuenez, itsasoa da nagusi: arrantza, urpeko bizitza, nik ikusten ditudan biztanleak... haietako asko zuentzat sinesgarriak ez badira ere... eta irlak, eta faroak... baina oraingoan izua eta beldurra etorri dira mihisera. 36an, gerra anker haren hasieran Malpicako hogeita sei marinelek hiru ontzitan egin zuten ihes, Galiziako ur hauetatik Frantziara. Euren gainera zetozen heriotzetatik ihesian, zure kostaldeko argiak ikusiko zituzten pozik, gertu zeuzkaten portu libreen esperantzaz.
Urbanok esandakoak mutu utzi zituen Joxan eta Bibi. Koadro luze-luze hark hasieran lasaitasuna ematen bazien ere, Urbanoren azalpenekin egonezina jabetu zen euren barrenaz. Izua, beldurra... ihesa.
Kostalde osoan zehar, Sisargas irletatik, Malpicatik, Asturiastik... zure kostalderaino gorria eta berdea nahastu ditut, berdea delako lur horien kolorea... eta gorria, odola gelditu gabe isurarazi zelako. Odola litroka bazter hauetan, eta zuenean, eta leku guztietan... Lur hauetara etorri zen Federico Garcia Lorca poeta, bai, etorri eta galegoz idatzi zituen sei poema, sei poema eder... Orduko Santiagoko alkateak, Anxel Nasal-ek, Nós argitaletxean kaleratu zituen. Eta badakizu zer?... egun berean, mila kilometroko distantziaz, biak fusilatu zituzten... Hantxe geratu ziren, lurrean zulatuta... inolako begirunerik gabe hantxe botata. Ez ditut banderak maite, baina oihal josi eta margotu horiek zer edo zertarako balio badute, gure poeta hilen hilkutxak janzteko izan beharko litzateke. Odola etengabe lur hauetan...
Urbanoren pintzelak dantzan zebiltzan olatuen artetik ageri zen balea saldo batean.
Oraindik ere odolaren gorria igartzen dut zure kostaldean... esan zuen Urbanok, eta Bizkaiko itsasoaren lehorreko erpinean giza irudi txiki bat margotu zuen. Hauxe zara zu, gorri iluna...
Joxani areagotu egin zitzaion barreneko egonezina. Bazirudien Urbanok, itsasoari begira bezala, bihotz barruko kontuak ikus ziezazkiokeela. Biluzik sentitu zen, bazter haietako ura bezain garden... Urbanoren begien aurrean ezer ezkutatu ezin izango balu bezala. Bibiren gerritik aldendu eta, zigarro bat isiotu bitartean, itsasoak miazkatzen zituen harkaitzetara abiatu zen... arnasa berreskuratu nahian.
Handik ordu laurdenera, hirurak Urbanoren txabolara bidean jarri ziren. Galarrenak bazter haiek jotzen zituela, berbetan eman zuten denbora, beste arrantzale batzuekin batera, oruxo botila pare baten inguruan.
Zergatik jakin barik, arratsalde hura Urbanorekin azkena izan zitekeela igarri zuen Joxanek. Egun batzuk lehenago arrebak egin zion deiak Euskal Herrira bidean jarriko zuela erabaki zuen. Txerraren heriotza argitu behar zuen, segada izan zen ala ez argitu. Eta horrek zalantzan jartzen zion beste guztia, baita Bibirekiko harremana ere. Arrebak esandakoa egia bazen, dena zalantzan zegoen, kanposantuan edo kartzelan amaituko zuen aukera ere. Berehala, baina, ezabatu zuen hura guztia burutik, oraina bizi behar zuen, eta orain hartan Bibi zegoen, eta Urbano, eta arrantzale haiek, eta itsaso hura... eta zurrutaden artean Urbanok behin eta berriro kostalde hartaz lagun artera ekartzen zituen istorio guztiak.
Harria eta goroldioa ematen duzue esan zien Joxani eta Bibiri, mahaiaren erdian jarritako karburozko lanpara zaharraren atzetik.
Erotuta nauka beltzaran eder honek!
Maitemindu guztiak San Andres do Teixidora joaten ziren lehen esan zuen Urbanok, eta maitemintzeko belarra eskaintzen zioten santuari... A San Andres do Teixido vai de morto o que non foi de vivo.
Guk ez daukagu behar hori.
Berdin dio, hara joandakoan maiteminduago etorriko zarete...
Hara, gure Urbano kristau bihurtu da! oihukatu zuen arrantzaleetako batek, eta denak barre algara zoro batean batu ziren.
Hauxe duzue Os Pinos Urbanoren ahotsak mozkor doinua zuen ordurako, Eduardo Pondal gure poeta eta bardoak idatzitako galego xumeen himnoa.
Poema gozo jantzi zuen Urbanok besteen isiltasunaren aurrean. Urbanoren ahots atxurtu samarrari haize zakarrak eta euri zaparradak txabolako leihoetako kristaletan eragindako zarata batu zitzaion.