Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

19

 

Zer nahi duzu?

        — Ardoa... ardo on bat, ez bazaizu inporta...

        — Nahi duzuna. Nik beste zerbeza bat eskatuko dut... Aizu, rioja on bat eta beste kaña bat, mesedez.

        — Zenbat urte egin dituzu, Juanlu? Horrela deitzen dizute herriko lagunek ere?

        — Bai, etxean izan ezik, beste guztiek Juanlu... Izen arrunta...

        — Arrunta da nirea ere. Asun, nire lana bezain arrunta eta hutsala...

        — Izena baino, izana, ezta? Hori esan ohi dute.

        — Tira, oraindik ez didazu zenbat bete dituzun esan.

        — Hogeita hamasei... Zelan ardoa?

        — Ona, bai. Fresko atera dute, bere puntuan... Imajinatzen dut halako egun batean faltan edukiko dituzula koadrilakoak, neska laguna... ezta?

        — Koadrilakoak bai, jakina. Asteburuan izango dut parrandarako aukera, badakizu...

        — Eta neska lagunarekin?

        — Neska lagunik ez... Azken lau urteotan, lana dela-eta, leku batetik bestera ibili naiz, ijito baten antzera, beraz horretarako aukerarik ez... Momentuz zaila daukat nonbaiten gelditzea.

        — Ile kizkur beltzarana eta begi berdeak dituzu... Horiekin eta zure irribarrearekin erraz lortuko... Ez egin barre!

        — Zelan ez dut egingo...

        — Barre egiten didazu?

        — Ez, inondik inora ere ez, baina...

        — Baina bitxia egiten zaizu hemen nirekin egotea...

        — Bueno, neurri batean bai, eta bestean ez.

        — Batzuetan ez da jakiten bizitzak nondik eta zelan joko duen... Horregatik da zirraragarria, ez duzu uste?

        — Bai, zalantzarik gabe... Zuk ere amaitu duzu gaurko lana?

        — Tabernakoa bai... eta etxekoa, ba, egin egingo didate. Noizean behin halakoak suertatzen dira... Mmmm, aparta da ardo hau!

        — Izerditan zaude...

        — Eta nor ez! Itzela izan da gaurko sargoria! Pentsa egizu zelan ibili naizen tabernako sukaldean, berdurekin batera ni neu ere egosteko puntuan nengoen... tantaka jausten zitzaidan izerdia samatik behera, orain bezala... Begira ukitu hemen...

        — Asun...

        — Zer?

        — Ez nuke nahi zuk arazorik...

        — Arazoak kanpoan utzi ditut, hemendik urrun... Hurrengoa nik ordainduko dut, ados?

        — Bai.

        — Aizu, beste ronda bat, mesedez.

        — Nahi duzu jesarri? Jarriko gara horko...

        — Ez, ez... Nekatuta nago, baina barra ondoan egotea gustatzen zait, horrela zutik... Zenbat da? Kobra egizu hemendik!

        — Gaur sugandila baten larrua baino lakarrago daukat ahoa... zoragarri sartzen da zerbeza hau!

        — Ekarri egizu basoa, hogeita hamasei urte horiengatik topa egingo dugu.

        — Topa egingo dugu, jakina.

        — Berrogeita hiru...

        — Zer?

        — Berrogeita hiru, Juanlu, zuk baino zazpi urte gehiago ditut...

        — Ez dizut adina galdetu...

        — Esan egin nahi nizun, besterik gabe... Zelan ikusten nauzu? Ez naizena antzezten ari naizela?

        — Ondo, ez duzu ematen...

        — Berba faltsurik ez bota...

        — Ez, benetan, erakargarria zara.

        — Zerbeza hori hartu eta, nahi baduzu, alde egin dezakezu...

        — Ez dut nahi... eta berriro diotsut, erakargarria zara, sinetsidazu...

        — Alde egin dezakezu...

        — Ez daukat motiborik... kontrakoa, gustura nago, benetan.

        — Begi berde horiek zelan begiratzen duten gustatzen zait... eta zure irribarrea...

        — ...

        — Irribarrea zelan marrazten duten ezpain horiek...

        — ...

        — Musukatu egingo nituzke...

        — Zuretzat dira.