2
Neoizko argiak erdi zintzilik
daude taberna gainean
urratu den, aurpegi den
pareta gorrian.
Zubiak gora zutitzen ziren
Portsmoutheko ontzientzat
lehen «euskalduna», gaur palazioa
eta biharko laino beltzak.
Arratsaldeon lagunok! Ongi etorri gaur ere Txirene irratia sintonizatu duzuenoi! Eta sintonizatu ez duzuenoi... zuentzat kalte! Zer esango diegu ba?
Beti bezala, irratsaio honen hasieran Zaharra zara Bilbo kantuaren musika, Gariren ahotsa... Sintonia itzela, ez duzue uste, txirenetarrok?
Zaharra zara Bilbo
Zaharra zara
Aitortu behar dizuet: inoiz baino gehiago kostatu zait irratira heltzea. Ez dut ukatuko bart gaueko erretirada luzatu egin nuela... berbetan-berbetan azken taberna itxi egin genuela, eta hortik gaurko ajea, gaurko nekea, gaurko ezina... honantz etortzean berunezko zapatak eta prakak neuzkala pentsatzeraino... Ez da harritzekoa, kalean 33 gradu ditugu! Edonor akabatzeko moduko 33 gradu eguzkitan! Bero sapa itzela, Atxuriko trenbideak urtzeko lain, itsasadarretik marrazo erraldoi tropikalak sartzeko modukoa... Aitzakia ona hozkailuko garagardo poteak gelditu barik ateratzeko... Ados gaude, ezta, entzuleok? Topa!
La Vieja sartu da Nerbioi erriberan
oinak ur beltzetan, loreak baineran
mozkortzen nauzu ta ezin zaitut edan.
Mikroaren aurrean jarri aurretik gaurko prentsari begiratu arin bat eman diot, elkarrekin igarotzeko ordu batzuk dauzkagu eta, zelan ez, albiste batzuk izango ditugu hizpide. Zoritxarrez berri berezirik ez, denak ohikoak: hemengo bakea topatzeko betiko hamaika ekuazio ezberdinak, futbol arazo tragikomikoak, gure sukaldarien nazioarteko arrakasta, EITBren audientziaren gorabehera eternalak, Bushen harrokeria errepikatuak, Bidasoa aldeko talibanen egoskorkeria, ez dakit ze banku-kutxak ateratako literatur bekak eta sariak... Egunerokoa, ikusten duzuenez.
Udalaren beste erokeriaren bat eskertuko genuke barre apur bat egiteko... ez dakit, zaldi lasterketak egiteko kristalezko plataforma erraldoia ipini nahi dutela itsasadar gainean, Guggenheim paretik Areatzako zubiraino... Udaleko handikien beste handikeria baten zain gaude!
Zaharra zara Bilbo
Zaharra zara
Tira, ez naiz luzatuko gaurko aurkezpenean. Badakizue, egunero bezala denetik jorratuko dugula, hirian eta kultur arloan hurrengo egunetarako programatuta dauden kontuak, erreportaje laburrak, zuzeneko elkarrizketa bat, literaturaren gaineko gazi-gozoak eta azken liburuei buruzko berriak, auzoetako katramilak... eta batez ere zuen deiak, entzuleok! Eta koktel honen tartean... gure musika, giro sargoritsuari ezin hobeto jarria: ragga, dub, jungle, reggae gozoa... jesarrita ez bazaudete mokorrak mugiaraziko dizkizuen musika... Txirene irrati librea hemen eta orain! Ez amatatu! Jarrai egizue gurean!!!
Neoizko argiak erdi zintzilik
daude taberna gainean
egin nazazu zurea
kantak dirauen artean.
Gerritik heltzen ondoen dakien
bero luzearen jabe
guapa etorri, irri batekin
ziurtatuta ez al gaude?