Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
AZKEN BURUAN
Orduak eman nituen kontaera hau hasteko esaldien bila. Taxutzea, nik neuk neure protesia fabrikatzearen parekoa izan da niretzat. Azken puntua jarri bitartean, berbak ezin moldakaitzago gertatu zaizkit. Eta puntu eta kito esan arren, elkarrizketan jarraitzen dut idatzitakoarekin.
Ahal nuen, Elisabeth Bishopek poema hartan bezala, ironiaz errepasatu bizitza, eta esan, harridura alaiarekin, ohitu naizela gero eta gauza gehiago eta bizkorrago galtzen, «ezerk ez baitu hondamendia ekartzen». Hala ere, baliagarriago iruditu zait, hartutako eginkizunerako, Olesia Nikolaievaren ausardia anbiguoa: «Nire galeren artean nabil paseoan, nola mendizalea bere arroilaren ertzean».
Baliteke idazki honi eguneroko intimo baten kutsua hartzea. Horrek baditu bere arriskuak, eta izango ditu bere ondorioak. Ezen eta pertsonaia ere bihurtu naiz orriotan, ezinbestean: ni neu izanik, ez naiz neu erabat (nahita edo nahi gabe). Horra hor autoimitazioaren mugak eta onurak. Nire beste ni bat sortuz joan da hemen, pixka bat izukaitza, nire aginduetatik ihes egin gura izan baitu bere kabuz itxuratzeko (antzera gertatu zaie M.ri eta besteri), eta utzi diot.
Aitorpen biografiko egiazkoa bezain iruzurtia eraiki dut, hain da meharra gertatuaren eta asmatuaren arteko bana-lerroa, ez dakit ondo ulertzen den zer esan nahi dudan: pintura bat (izan erretratua, paisaia edo natura hila), errealitatearen kopia leiala izanik ere, ez da errealitatea bera. Kristalezko begia ere ez da kristalezkoa.
Azken buruan, kristalezko begia, izan, berezitasun bat da, akats fisiko bat besterik ez, duena baino gora handiagoa esleitu diodana, interes literarioak eraginda. Ez gaitezen engaina.
Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?
Bospasei kilo kendu ditut M.renaren ondoren. Orain, Coletterekin bat eginez, «gustura jasango nuke beste dozena-erdi zaputzaldi amodiozko, kilo pare bat galtzen lagunduko balidate».
Garajeetan aparkatzeak sortzen zidan estura gainditu dut.
Datorren udan bikinia jantziko dut, sabela erakustea testu honetako (eta nire paper guztietako) biluztasunarekin bat egiten duen bindikazioa delako.
Hartu berri dut konpromiso xume bat, zertan datzan aipatuko ez badut ere.
Ez ditut balentria horiek ahaztuko, beste aro baten hastapena markatzen dutelako. Zer izango da hurrena? Erro-erroko isiltasuna ikastea agian: idaztea chemin privé bat bihurtu eta mututzea.
Hilabete bi eta erdian asko irakurri dut (han-hemen agertzen diren aipuek gora egiten lagundu didate). Bereziki aipatu behar dut Annie Ernauxen Pasio hutsa. Istorio horrek irakatsi dit onartzen maitasun batzuk fondo galdura eginiko inbertsioak direla. Inoiz ez dut izango egile horren argitasuna, baina harengana atxikirik sentitzen naiz halabeharrez, nire anabasak askatzeko orduan gerizatu nauelako. Bestalde, J.M. Coetzeeren Uda nobelatik kopiatu dut oin-oharrak eta erabakitzeke geratu diren aztergaiak esplizituki adierazita uzteko ideia.
Hauxe antsiatu dut, preseski: argumentu sinple bat esaldi zehatzetan eta logikaz trenkaturiko paragrafo laburretan ematea, neure bizipenen bermearekin, heltzear den itxaropenaren bulkadarekin. Jazoerak azaltzeko modua, gogoeten sakontasun-maila, ahalkeari kontra egiteko esfortzua eta literatur estiloa guztiz loturik daude neure izaerari eta eskarmentuari. Horien araberakoa da testu hau atzenean botatzen ari den hatsa.
Vieux Boucau,
2011ko irailaren 9tik
azaroaren 22ra bitartean