Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

BEGI PROTESIAK,
ARTISAUTZA LANA

 

Dakigunez, organo baten gabezia artifizialki ordezkatzeko erabiltzen diren gailuei deritze protesiak.

        Begi-protesiak metil-metakrilatozkoak izaten dira, bai pisuaren aldetik, bai kostearen aldetik abantailatsuenak direlako. Enukleazioa burutu eta gero jartzen dira, eta 5-7 milimetroko lodiera izaten dute (goragunea itxuratzeko beste).

        Protesia egiteko, husgunearen moldea hartu behar da. Horretarako, alginatoa (salda zuri moduko bat) isurtzen da zulora, ahalik eta forma zehatzena lortzeko. Likido hori solidotutakoan, pinporta ateratzen da, tira eginez (ezerosoa da, baina ez mingarria), eta pikorrak kentzen zaizkio bisturiarekin. Ondoren, limatu egiten da.

        Behin azalera lisatuta, begi-niniaren zentroa markatzen da. Hainbat proba egin behar izaten da enparauak antzeratzeko ere, beste begiarekiko konparazioz: irisaren diametroa eta kolorea; esklerotikaren tonua; kapilarren kantitatea eta itxura; eta niniaren tamaina. Dena den, ez dago begi identikorik lortzerik.

        Azkenik, molde pintatua erresina plastiko batez forratzen da eta, dzanga, zulora. Nahitaez, begia estreinatzerakoan, jendeak zerbait arraroa sumatzen dizu. Euren harrimen horri antzeman bezain laster esaten diet: «Begia, berria dela».

        Okularistaren ardura da hazpegiek ongizatea islatzea, neurri batean. Lau okularistak atenditu naute hogeita hamar urteotan, batzuk finagoak besteak baino. Azkenari eskatu nion erakusteko nola lantzen zuen nire begia. Alegratu egin nintzen ikusi nuenean irisa alpino arkatz marroiz marrazten, dri-dra, dri-dra, astiro eta aratz, esku-motrizitate ona duen umeak eskolako marrazki bat betetzean bezala, tresnari behar besteko presioa eginez eta ingeradatik atera gabe.