Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

AUTOERRETRATUA

 

Ez daukat arrazoitze-gaitasun handirik, baina naizena baino adimentsuagoa ematen dut neure hitz-etorri dotoreari esker. Askotan, esaldiak bukatzera jotzen dut zehatz jakiteke zer esango dudan edo esaten ari naizena hausnartu gabe. Dotazio intelektual ertainekoa naizenez, ez daukat ez polemikarako, ez dialektikarako joerarik. Hala ere, oso argia izan ez arren, praktikoa eta malgua naiz arlo domestikoan, eta arlo profesionalean ere ordenatua eta eraginkorra izan naiz, guztiz sistematikoa izan gabe. Lehengo aldean geldoa, gero eta txarrago eramaten ditut jendetza eta zaratak.

        Neure buruarekiko konfiantza-faltak denbora galarazten dit, aiko-maiko ibiltzen bainaiz zalantzak askatzeko edo erabakiak hartzeko orduan, konponbideak berez etorrizalea. Ez naiz iritzi irmokoa: eragingarria naiz, hoberen mintzatzen denaren aldean paratzekoa batzuetan. Beti ez zaizkit aski gertatzen neure baliabideak eta eskarmentua ataka txarretatik airoski irteteko, ez baitut jakiten nondik heldu arazo batzuei logikaren ikuspuntutik. Halakoetan, aholkua eskatzen diet urlia edo sandiari, zentzuduntzat ditudan lagunei, gaiaren arabera. Horregaitino, arrastoak hautematen ditut izadian, adibidez, edo seinaleak ametsetan, niretzat inportanteak diren kontuekin erlazionatuak (lilurakeriak esanahiz hornitzen ditut, lau horma arteko Kasandra baten erara).

        Diplomatikoa eta tratu atseginekoa naiz gehienetan (lortu dut zenbait gauza nire xarma pertsonalari esker), ingurukoak neure gogo-aldartera erakartzeko gai eta mesedeak egitekoa. Irekia eta lagunkoia, batzuetan friboloa, besteetan neure burua serioegi hartzekoa. Trebea naiz ondoeza talde txikietan hedatzen, pozoi bat bezala, zaila egiten baitzait emozioak mendean ezartzea. Dena den, ez dut albokorik salduko, ez naiz azpisugea.

        Amorrua, bai, azpiratu izan dut, herra hortz artean karrakatuz aurpegiko azala berdatzeraino. Ausarta eta koldarra naiz, erdiz erdi, non, noiz eta zertarako. Hala ere, gutxitan erasoko diot inori isekaz edo umore burlatiz. Ez naiz herratsua. Inoiz inor laidoztatzen badut, edo iraintzen, aurrez aurre nahiz ezkutuan, tartean inbidia-graduren bat dagoen seinale, edo lehenago bera nirekin zikina izanaren pagu.

        Konplitzeko pertsona, saiatua eta dinamikoa gorabeherekin, buru-belarri sartzekoa dedikazioa eskatzen duten jardueretan, sartu-irtenak egiten ditut perfekzionismoaren auran. Erritmoa ezartzen diot lanari, eta bizkor indarberritzen naiz. Gutxitan harrapatuko naute ezerezari begira (egoera anomalo hau da salbuespena).

        Izaeraz samurra, sentibera eta zaurgarria, badakit eroapentsua, eskuzabala eta sakrifikatua izaten. Alabaina, kikildu egiten naiz gogor hartzen nautenean; edo matxinatu, zakar tratatuz gero. Gezurrak esaten ditut presiopean, edo bertsio ez guztiz zuzenak ematen.

        Batzuetan iruditzen zait bizitza zera dela, zelai zabal bat non helburu on eta bidezkoak posible diren, deduz jardunez gero (baita norberaren sosak banatzeko erreparoak bentzutuz gero ere). Horregatik, batzuek nire xalotasunari xuria irizten badiote ere, izan nezake beste batzuen iruzurretan jausteko arriskua. Estratosferan egon ninteke, egoera arazotsuez jabetzeke inork nire hodeiari zizt egin arte.

        Janzalea naiz. Gorputzaren plazerak funtsezkoak dira niretzat. Sugartsua, sexu-astinaldietatik indartuta ateratzen naiz, landare lizun baten moduan hazita. Tamalez, nire grinari batzuetan jelosiak laguntzen dio. Bestalde, harreman afektiboetan molde ez-konbentzionalek erakartzen nauten arren, nire liberalismoa faltsu samarra gertatzen da praktikan (harreman ideal irekien eta masokismoaren arteko tarteari estuegia deritzot).

        Egokitzapen sozialaren aldetik, integratua naiz. Ia trabarik gabe onetsi izan ditut arauak eta diziplina. Erraz egiten naiz giro gehienetara. Otzana, mundu guztiarekin onez onean egon nahi izaten dut, etsairik irabazteko ahaleginik egingo ez dudala, nahita behintzat: ezin dut liskarrik jasan.

        Aldizka, dramak egiten ditut (idazki hau froga). Horretan ikusten da nire ahulezia psikologikoa. Autoflagelazioak, biktimismoak, neure buruaz errukitzeko joerak, neure akatsekiko gorrotoak eta okerrengatiko erru-sentimenduak, hutsaren hurrengo naizela sentitzeak, gozamen karmina ematen didate. Hurbilekoen gupida eta arreta ernaraztea atsegin dut pairamen gutxikoa naizelako.

        Nire aje nagusietako bat, kalte gehien egiten didanetakoa, honako hau da: berbei gehiegizko garrantzia ematea (deformazio profesionala, agian), ezen inork esandakoak hitzez hitz hartzearen ondorioz, aldrebestu egiten naiz eta bihurretara jokatzen dut, neure burua babeste aldera. Gutxi batzuetan, halaber, mutiritu egiten zait mihia, neuk ere ez dakit nola, eta esaldi bakar batekin kakazten dut dena. Dela esangabekoei, dela esandakoei buelta eta buelta ibiltzearren, burua bero izaten dut sarri, tortura bat.

        Egozentrikoa naiz. Nire lanei egolatria-sunda darie, oro har. Nartzisismoaren zaldarrari ebakidura sakona egin beharko niokeen arren, oinarrizko eragozpen bat topatzen dut horretarako: begi-laburra naiz, lehenago esan dudanez. Horra hor ikuspegiak zabaltzeko urritasunaren zioa.

        Eta arrakasta apal baten zipriztin gozoek ukitu banaute ere, ez naiz harroputza.

        Borroka etengabea egin izan dut neure izatearen barruan birgaitzeko, alderdi ganorazkoak ongarrituz eta makurrak arteztuz. Nire ongizatearen gakoa honetan datza: dagozkidan esparru guztiak kontrolpean edukitzean (ez autoritatearen zentzuan, funtzionamendu harmoniatsuaren zentzuan baizik). Kontzientzia horrek ematen dit bultzada oreka bilatzeko.

        Noizbehinka klaustrofobia-sintomak izaten ditut toki zarratu eta gaizki argiztatuetan, garajeetan, kasurako (izan liteke hamazortzi urte eman nituelako leihorik gabeko bulego batean, testuliburuen argitaletxe baten zuzendari. Lanbide horretaz mintzatzea etxea hustu dizuten lapurrak omentzearen antzekoa iruditzen zait gaur egun, baina neurea izan zen errua: balakuen eta soldata ederraren ordainetan, lan ongiegi eginaren tranpak semearen umezaroa eta senarraren eraspena zurrupatu zizkidan. Denbora kendu nion denborari. Hipoteka ezarri nion etxearen gozoari. Ez nuen jakin langa jartzen egitea komeni zenaren eta egin beharrekoaren artean. Areago, hain nengoen neure misioaz sinetsita, iraingarria irudituko zitzaidakeen, feminismo gaizki ulertu baten eraginez, lan hura baztertzeko edozein proposamen. Damu dut gurpil zoro hura trabatzeko zorka-ziririk garaiz jarri ez izana. Atzenetarako, bost lan-egunetatik hirutan negar egiten nuen bulegoan, eguzki betaurrekoen atzean ostenduta. Hango zamak talotuta nindukan).

        Edonork bezala, ezaugarri kontrajarriak ditut nire nortasunean, batzuetan kale, besteetan bale. Zoritxarrez, ez naiz nortasun sendoko pertsona, badakizu zer esan nahi dudan.

 

 

Aipatzeko: a) Banitatea edo koipe-dosien premia noiztik noizera; inor neu benedikatzen aritzeak ematen dizkidan segurtasuna eta gustua. b) Neure buruaz dudan ideia —autopertzepzioa— eta bestek nitaz egiten duen balioespenaren arteko zerikusia.