Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ENUKLEAZIOAREN TEKNIKA

 

Enukleazioa deritzo begia erauzteko ebakuntzari. Traumatismo larriak izan direnean praktikatzen da, edo gaixotasun baten ondorioz begi itsuak dolore handiak ematen dituenean (Ondarroako institutuan ikasle nintzen garaian musuzapiarekin sakatzen nion begiari erre-negarra leuntzearren, busean nahiz ikasgelan, sarri).

        Ez da ebakuntza konplexua. Zazpi urratsetan egiten da, anestesia eman ondoren:

        a) antibiotiko-tanta bana ipini begi bakoitzean, eta soluzio fisiologikoz garbitu

        b) blefarostatoa jarri (betazalei zabalik eusteko balio duen tresnatxoa da blefarostatoa, Laranja mekanikoa filmean agertzen zena)

        c) konjuntiba 360º ireki linbotik 3 mm-ra (linboa begiaren geruza gardena da)

        d) kakoekin 4 zuzenei heldu, eta 4 zuzenak eta 2 eslaiak ebaki (zuzenak eta eslaiak tendoiak dira, begiaren higidurak ahalbidetzen dituztenak)

        e) zuzenak suturaz josi

        f) enukleazio-koilara sartu sudur partetik, gorantz sakatuz, indarrez

        g) nerbio optikoa ebaki artazi kurbatuekin

        Begia atera eta gero, zuloa bendatu eta bakean utzi behar da denboraldi batean, inflamazioa pasatu arte ezin baita ordezko elementurik ipini.

        Postoperatorioko arriskuen artean aipatzekoak dira hemorragia, giharren edo ehunen galera eta goiko betazalaren ptosia (betazala jaustea, partez edo osorik).

        Ez nuen izan horrelako gorabeherarik. Orduan, enukleazioa jasan nuenean, ez nuen ezer jakin nahi kirurgia-prozesuaz; orain, ordea, topatzen diot zentzua gabetzearen urratsak ezagutzeari.