Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

MUSU BAT SORBALDAN

 

M. ikusi eta bera irrikatzea, dena zen bat.

        Hamaikak aldera iristen zen eta tarrapatan egiten zuen atean (neure etxean afaltzen genuen hamabostero, barikuetan). Euskal geishak polito atonduta izaten zuen mahaia: lore bat pitxertxoan, banakako zamauak, entsalada apaina, itsaskiak erretiluan. Ikustearekin batera ez genuen elkar ukitzen. Afaldu ahala etortzen ziren erreklamazioak, berea («Ez nauzu besarkatu oraindik») nahiz nirea («Non da nire musua?»).

        Atzetik hurbiltzen zitzaidan ontziak garbitzen nituen bitartean. Nire lepoan sartzen zuen muturra, eta titiak estutzen zizkidan, edo mokorretatik heltzen. Bizarra egin gabe zegoenean nuen hori gustukoen. Lotsaz jokatzen nuen nik; desoseguz, zehatzago esanda, nire gizenuneak mardulegi topatuko zituelakoan. Ezbaiak ezbai, nire gorputzak atoan erantzuten zuen: biluztu ordurako umelduta egoten nintzen. M.ren maleziek (esaten zizkidanak batik bat) eromenaren txanbiurretara amarratzen ninduten.

        Oldarka egiten genuen lehen saioa (ez dauzkat ahazteko ohearen krakadak lehenbizikoz oheratu ginenean). Eskua pasatzen zidan bizkarretik, goitik behera, albaitariak abereari konfiantza emateko legez. Gero, zamalkatzean, iletik heltzen zidan, leun, tirakadaren bidez nire gerriaren kurbatura doitzeko justu. Izerditan hasten banintzen, putz egiten zidan azalean. Amaitutakoan, musu bat ezker sorbaldan.

        Goiz partean, esnatzearekin batera, bareago aritzen ginen, ni bere gainean jarrita edo biok alboz. Gero larritu egiten nintzen, istant batez, zer diosal etorriko zen: «Egun on, guapa, ez daukat presarik» edo «Banoa, zeregin asko dut gaur». Ez nintzen jaikitzen berak alde egin arte. Ohean irauten nuen, izterren artean M.ren esneari eutsiz, edo izarei usnaka, haren usaina barruntatzearren. Animaliena den zerbaitek estekatzen ninduen beragana.

        Eszena horiei eta agurtzeko orduan pa emateko zeukan moduari lur ematea izaten ari da hausturaren axut saminenetako bat.

 

 

Ez dut M. deskribatuko, haren hazpegiak edo gorpuzkera. Begiak bai, berde-arreak ditu, eta batzuetan begi-ninien eraztuna biziagotu egiten zaio, urre-kutsua hartuz. Begi horien balio handienak bi dira: gezurrik esaten ez jakitea bat, eta izadiari aditzen jakitea bestea. Gainerakoaz zer esan nezake, M.ri begiratze hutsak ziztada antzeko bat sortzen zidala ez bada. Itsu maite duten begiei, ederrak min. Ezingo duzu ulertu gertatu ez bazaizu.

        Haren dohainak gainbehera datoz, hain arrunt ikusten dut errukirik gabe juzgatzen dudanean. Haserreak argia dakar, ze ostia. M. losintxariak, amilotxak emea limurtzeko zer txistu jo badakienak, beste emakume batzuei so egiteko ere baditu begiak. M. maratzak, eskua segituan luzatuko duenak edonori edozertan laguntzeko, bere bokazioen zerrendan enegarren postua eman eta gela zahar batean ahaztutako pixontzia bezala sentiarazi nau. M. kontulariak, lagunartean eta lantokian poza kutsatzen duenak, ez dit kondiziorik gabeko leialtasunik eskainiko. M. nobleak, «sentitzen ez duena ezin esan eta merezi dudan moduan maite nahi» nindukeenak, lar maite du askatasuna, orube eskerga eta bakarti hori. Hala ere, zenbat bider ez ote dudan sosegatu, esanez gure artean zorrik eta damurik ez zegoela, inuzente arraioak.

        M. ez da niretzat. M. ez da niretzako modukoa. Ezin da giza bihotzaren berezko jaidura bezatu, azpiratuz ez bada, edo bortxa erabiliz, edo xantaia. Eta hori ez da nire estiloa.

 

 

Berrikusteko: a) M.ren irudi onari kalte egin liezaioketen xehetasunak kendu. b) Nabarmendu M.rekiko interesa ez zela sexuala, zentzu hertsian: haren nortasunak, nire arlokoak ez ziren jakingarriak azaltzeko trebeziak, egunerokoari aurre egiteko moldeak eta gizarteari buruzko ikuspegiak ere gatibatu ninduten.