Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

TROMPE L'OEIL

 

Uda-hondarra urriaren atzenetan. Zohargi. Itsasbehera.

        Neure martxan heldu gara irlaraino. M.ren alboan igeri egin bitartean, pentsamendu inportanteak izan ditut: «Ez naiz depilatu, zuri nago, bainujantzi berria behar dut».

        Karrabasoak zeuden haitzetan.

 

 

Bizkor aritu gara. Amaieran, musu bat ezker sorbaldan, beti bezala. Eta berba berriak: «Neure Meibi».

        Ez dut emoziorik sentitu. Ez dakit nora alde egin duen nire urrumen hileta-soinuak. Ez dut ezer esateko beharrik nabaritu, ez hitz samurren bat eztarrian trabatuta geratzeko beldurrez, lehenago bezala, ezpada ze esanek enbarazu egiten dutelako balioa egite hutsari eman nahi diozunean.

        M.k ez dit esan maite nauenik, ezta zenbat ere (kantitatea edo intentsitatea ba ote dira azaltzeko moduko kontzeptuak?). M.k ez dio ihes egiteko betarik ematen esaldi magiko topikoari: barne-muinetan gordeta eramateko nahi du, ez bestela.

        Kamera baten bidez ikusita bezala gogoratzen dut topaldia, ni neu neure buruari begira, bikoiztuta, eszenan eta eszenatik kanpo aldi berean. Irudi-segida batean laburbildu ahal nuke. Eta irudiak esatean ez dihardut ikusmenaren bidez hautematen ditugun edukiez: zenbatez ezabaezinago dira ukimenak, entzumenak edo usaimenak sorturiko irudiak, eta horien baturak osatzen dituzten irudi mentalak, eraikuntza sinestesikoak.

 

        Bat. Emakumeak gorantz zuzendu du aurpegia. Uso-andana bat dator zerua ilunduz. Lerro zuzen bat marraztu du (euri-tanten ibilbidea, argi-izpi bat, arrainen ahoan bere arimaren bila dabilen arrantzalearen haria, soka-tresna baten nota, edozein kolore puru). Erretinak badu gomuta. Emakumeak bira oso bat egin du, keinu zabala besoa luzatuta, paisaia ekortu guran.

        Bi. Olatuen tua, marmoken belak, egurrezko hitz bat jitoan, algetako argi-anpuluak.

        Zer dago tantan? Izenordainak: zu eta ni, gu izan gabe.

        Ispilu hauskorrean, amildegirako gonbita.

        Emakumeak hotz ditu eskuak. Gizonak hartzen dizkio, eta estaltzen.

        Hiru. Udazkenak emango dio udak eman ez diona: grapa pare bat malkoei eusteko.

        Hauxe da egoera, irlaren arrakala batean: hankak tinko itsas likenez beteriko harri batean, eskuak haitzaren kontra, bularrak dantza zurian bainujantzitik kanpora. Gizonak isuri du. Eguerdiko argiak ezpainak isiotu dizkie ginebrazko lip-gloss batek bezala. Igeri itzuli dira ertzera. Gizonaren hats garratza kriseilu bat da arekak argitzen.

        Lau. Emakumeak badaki oholtza bat dela hondartza orain. «Love me, love me, love me» diote haren oinatzek harea zartatzean.

        Kristalaren bestaldean geratuko da dena, euriteen ondoren.

        Aldirietan dabiltzan taxiak legez, lainoaren ahotsera baitaratuko dira biak.

        Ipuin bateko teilatu gorria irudituko zaie batak besteari emandako guztia.

        Bost. Eta puntua: irudi-ikono guztien bilgunea, letra baten lehenengo kirrinka. Zu, urrunean.

 

 

Jakina denez, irudi batzuek bista engainatzen dute, ez dena badela edo beste zerbait dela sinetsarazten baitigute. Bada pintura mota bat garai guztietan erabili izan dena hormak apaintzeko. Imitatzean datza, bai arkitekturazko elementuak, hala nola ateak, arkuak edo leihoak; bai izaki bizidun nahiz bizigabeak, animaliak, zuhaitzak eta iturritxoak, kasurako; edo baita etxea apaintzeko gauzakiak ere, gortinak edo loreontziak. Teknika horri trompe l'oeil eta trampantojo deritze frantsesez eta gaztelaniaz, hurrenez hurren, eta iruzurraren ideia azpimarratzen dute. Euskarazko ordaina, berriz, begiari egindako tranpa adierazteko, miragune. Terminologia espezifikoaren ikuspegitik herrena gerta badaiteke ere, berba aproposa deritzot liluraldia adierazteko. Izan ere, espejismoak, zoro-ametsak, engainuak, irudi hutsak dira. Hutsak.