Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

INOIZ UTZI EZ NAUENA

 

Aldika, amets onak izaten ditut, kontserbazio-senaren mesedea. Babes mengela, baina balekoa beila-aldietarako. Bart amarekin egin dut amets. Laster beteko dira hamar urte hil zela. Ametsean, soineko bati botoiak kentzen ziharduen (arropa-denda bat gobernatu zuen bere denbora osoan).

        — Soineko estuegiak konpontzeko erremedioetako bat —esan dit—. Zenbat eta botoi gutxiago, arnasa zabalago.

        Berrogeita hamar urte inguruko ama ikusi dut, ez heriotzaren orduko emakume zarpaildua.

        — Jakina aurrera aterako zarela — jarraitu du—, neure alaba zara eta.

        Zortzi bat ordu egin dut lo gaur, lehenbizikoz uztailetik.

        Joyce Carol Oatesek, Ama izeneko nobelan, esaten du amen patua gogoratzea dela. Gogoratzen dutela beraiek ez beste inork dakitena, baita beste inori axola ez zaizkion kontuak ere. Kontu horiek, amak badoazenean, eurokin doaz: itsasaurrean zure tokia markatzen zuen tuntuxa desagertu egiten da, nolabait. Nor gogoratuko da, bestela, eskolara hasi berritan salako horman egindako zirriborroaz eta zer txokotan egin nuen zehatz-mehatz; edo noiz kendu nion txanpon bat diru-zorrotik baimen barik. Amak dira umezaroaren memoria.

        — Bizitza mingotsa denean, koilarakadaka irentsi behar da, botikak lez.

        Amak bere erara interpretatzen zituen penak, eta kontsolabide zuen pentsatzea nahigabeek, gerora, ongi klaseren bat ekarriko zigutela. Ez zegoen ohituta, bere garaiko asko bezalatsu, nahi zuena egiten, egin beharrekoa egiten baino.

        Neuk aditu gura nuena esanarazi diot:

        — Estu ibiliko zara, baina ez zara itoko.

        Begia galdu nuenetik, ni itsu geratzeko beldurrak adorea mamurtu zion. Adore karrakatu haren hondarrekin eraikitzen zuen amak alaitasun xalo bat, umetxoek plastilina-papur eskuztatuekin pilotak egiten dituztenekoa bezala. Bazeukan zergatik ernegatu: amaginarreba itsua zuen. Begietako bat istripuz galdu zuen, sukaldeko sabaitik karea askatu eta begia erre ziolako; bestea zahartzaroan galdu zuen, hipertentsioaren ondorioz. Harengandik jasoko nuen glaukoma, berbarako etorria beste. Amuma horren seme ertaina zen begia petardoak atera zion nire osaba hura (parodia bat irudi lezake kointzidentzia mordoak, baina aipatzea pertinentea delakoan nago).

        Amak erromesaldian erabili zuen, oftalmologiaren tenpluz tenplu, bere alabatxo betitsusia, atzeraezineko erabakia hartu behar izan zen arte: begia erauztea. Alabaina, gauza segurua da aspalditik nintzatekeela itsua amak azken kontsulta batera eraman ez banindu, ordurako gogoz kontra joaten bainintzen, konponbiderik gabeko diagnostiko bera entzutearekin gogaituta. Begi eria sendatuko ez zitzaidala toki guztietan esaten zidaten; ez, ordea, begi sanoa galtzeko arriskua hurbil nuenik. Erdi jostuna izanik, sinpatia baldin bazion Santa Luziari, handik aurrera debozio beroagoa hartu zion amak.

        Enukleazioaren osteko oroitzapen saminena, horregatio, ez da kotoizko tapoitzarra begi-zuloa butxatzen, zunda baizik, bi erizain dorpek hodi zurrun hura pixa egiteko tokitik sartu nahi eta ezinean egin zidaten lardaska. Gerora barre egiten genuen Zaragozako klinika hartako jazoerak gogoratzean.

        Amak denari eutsi zion, sendoa izan gabe. Bart esan dit:

        — Izan fedea.

        Ume bati ematen badiozu atzamar bat, oratu egingo du, harentzat haragi puska hori munduak luzatutako soka baten antzeko zerbait delako. Amarekiko ametsak ulertarazi dit ez dagoela aurretiazko patroirik gure bizitza izango denari forma emateko. Collage bat dira dagozkigun gertaerak, osatzen den heinean zentzuz betetzen den historia orokor baten atalak: zatiak josi ahala grazia hartuz doan soineko bat da bizitza. Esker oneko sentitzen naiz lilurapen bat errealitatean ibiltzeko makulutzat erabiltzeko dudan gaitasun honengatik.

 

 

Galderak: Amari buruzko erreferentziek behar bezain agerian uzten dute emakume ereduzkoa izan zela makaltasunaren eta kemenaren arteko muga-lerroa ezerezteko baldintza nagusia egonarria dela irakasteko orduan?

        «Ama» gai errepikaria da nire obran. Testu hau argitaratuz gero, dejà-vu errax baten inpresioa eman lezake, edo obsesio batena, hutsune betegaitz baten isla. Ez dut uste hori denik. Alta, zilbor-heste psikologikoa ez moztea neure buruari maitte-maitte egiteko modua da, azken finean.