Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
ARDO ZURIA
Ibili egin behar dut. Kalanbreak izaten ditut hanketan, orduak jesarrita emateagatik. Zira jantzi, eta paseo bat egitera irten naiz. Katamixar batek lasterka egin du adar batetik bestera ni sumatzean. Eskutzarren antza hartu diet iratze bustiei bidezidorrean.
Ekainean talaia zaharrean pasatu genuen gaua. Linternekin igo ginen muinora. Oskarbi zegoen, izarrak eukalipto trauskilen artean. M.k ohantze bat zeukan prestatuta, iratze piloa labanaz moztuta egun batzuk lehenago. «Iratzezko habia bat egingo dut biontzat» agindu zidan. Halako oparien merituak sortu ohi duen euforia ezin da epe laburrean ordezkatu. Eta agian ezta epe luzean ere.
Gaur goizean aireak zerrauts-usaina zekarren. Gizon bi topatu ditut enborrak txikitzen soilgune batean. Zaunkaka etorri zait haien txakurra, eta geldi geratu naiz lurrera begira (zeharo ikaratzen naiz txakurrekin), gizonetako bat hurbildu, igurtzi batzuk egin eta egur tato bat apartera jaurti dion arte.
— Egurrik saltzen duzue?
— Bai, herrian baino merkeago. Eztia ere badaukagu, etxekoa, hantxe.
Etxalde bat seinalatu dit basoaren hegian. Izerdituta zeukan alkandora besapeetan. Arbelezko teilatutik gora, keak bizar urdinak marraztu ditu zeruan.
— Goazen, lagunduko dizut.
Bebarruan daukate denda, denetarik topatu ohi den antzinako txoko polita, erdi taberna, erdi biltokia ere badena.
— Helbidea esaten badidazu, neuk eramango dizut etxera enkargua.
Gizonaren hatz hezurtsuei erreparatu diet nire helbidea idatzi duenean.
— Fitxatuta zaude —esan dit, begiarekin keinu eginda.
Keinu egin dit eta bihotz-zimikoa igarri dut. Betikoa.
Beste harekin endredatu nintzenean ere, oker ulertu nituen haren seinaleak (deiak, opariak, bisitak). Ez ziren sedukzio-joko aurrez neurtu baten aztarnak, gabezia baten isla baizik, baina usainean zebilen ibili, hori egundo onartuko ez zukeen arren. Neu izan nintzen aurrena gonbita luzatzen, eta neure zurrunbiloan arrastatu nuen.
Pena-boladei edozein zurkulu ixtearren, poz-erauntsiaren menera ibili nintzen, mendiak jauzi bakarrean zeharkatzeko gauza, bota magikodun erraldoia legez. Askatasunaren karikatura egokia. Afera laburra izan zen: gaizki aukeratu nuen konplizea (arrazoiak aipatzea ez du merezi).
Pertsona batzuek ezaxola erakusten dute maitasunarekiko, edo sexuarekiko, gehiagoko barik. Ez dakit borondatezko erabakia den, konformidadea, alferkeria edo bestelako lorpena, erronka bati emandako erantzun moduko bat. Nik neuk, jakin arren inor gura izan barik kexu ugari saihestuko nukeela, haragitik datorren afektibitatea neure buruari debekatuko banio, edo derrigorrak hori ekarriko balit, akabo: orbel-meta ustelaren edo uraren ertzean kordokatzen den arrainaren antzera ikusten naiz. Larriminak jotzen nau.
Bokazioa dut pasioaren burdin harian ibiltzea, alderdi batean izotza, bestean desertua. Behatzak minberaturik ere, pausoa luzatu nahi. Eta amiltzekotan, antzutasunaren aldera edo egarriarenera, bigarrena hautatzen dut beti.
Eguerdirako etorri da. Furgonetako errotuluan, «Rémy et Jacques Lafitte».
— Jacques anaia da. Biona da negozioa.
Tximinia ondoan antolatu ditu enborrak, eta sua pizteko prest agertu da. Ardo zuri kopa bana atera dut, eskertzeko, Biarnoko ardoa, Jurançon motakoa. Ahabi-zuku tanta batzuekin nahasten omen dute hemen.
— Goxoegia nire gusturako, baina zuri gustatuko zaizu, edari suabea da eta —esan dit.
— Ez ba, zapore gogorrak ditut nahiago.
Remyk irribarre egin dio nire erantzunaren anbiguotasunari.
— Eta zerk ekarri zaitu hona? Ez da sasoia oporretarako. Ala lanera etorri zara?
Eskuetara begiratu dit, atzamarretara. Ezkontza-eraztuna etxean daukat: ez nuen saldu iazko neguan, enpresa utzi eta gero. Estu nenbilenez derrama batzuk ordaintzeko, urrezko zerak bildu (jaunartzeko domina, modaz kanpo geratutako bitxiak, baita etxeko defuntuen hortzak ere), eta saldu egin nituen azken aldiotan hainbeste ugaritu diren Compro Oro batean. Alianza saltzeko azalik ez nuen izan.
— Bietara. Atseden hartzera eta lanera.
Esan diot itzultzailea naizela.
— Horregatik moldatzen zara frantsesez.
— Konpontzeko haina. Oraindik ez naiz guztiz soltatu.
Oraingoan neu izan naiz irri egin duena. Harritu egiten nau neure senak: mankatuta egon arren, ezin alferrik galdu laztankeriarako zirrizturik. Arrakastaren formula: pikardia eta misterioa proportzioan konbinatzea.
— Banoa, berandu egingo zait bestela. Arratsaldeko txanda daukat, hemendik ordu erdira —esan du, lastima erakutsiz.
Furgonetaraino lagundu diot.
— Eta kalatxori hau? —ostikadatxoa jo dio—. Luma hutsetan dago. Ba al daukazu palarik?
Pinudian potxilo bat egin eta bertan lurperatu du.
— Beste kopa bat zor didazu.
Baietz egin diot buruarekin. Alde egin duenean, lasterka joan naiz barrura, oka egitera.