Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

KALENDULEN HILABETEA

 

Faltan hartzen ditut loreak. Mania bat, loreak hurbil izatea. Nekea igartzean, loreei begiratzeak bizitu egiten dizkit zentzumenak. Gauza txikien misterioa gogoratzeko eta egun bakoitzaren alde estetikoa ez ahazteko balio didate. Neu ere Szymborskarekin: «Barkatu, lekutako gerrak, etxera loreak ekartzeagatik». Neure baratzea hutsesten dut. Baina orain ez dut horretaz hitz egingo.

        Loradenda bat bilatu dut. Saltzaileak kalendulak gomendatu dizkit. Irailari dagokion lorea omen da, urre-botoia. Azaldu dit, apaingarri gisa erabiltzeaz aparte, sendabelarra ere badela, eskuetako nahiz oinetako artesiak goxatzeko balio duela eta landarearen zuku egin berriak goitikak baretzen dituela.

        Aproposa gomendioa.

        Iratzeen hilabetea ere bada iraila, eta sanantolinena, eta marea biziena. Mareak ekarritako saskarak apartatzeko sasoia bihurtu zait aurten. Jan ezazu hordagoa: être, izan eta egon; être, pas avoir. Sinestea izango da kontua, eta trebatzea. Gimnasioan bezala, eskertuko nuke norbaiten animo-hitza albotik: «Egin ahal duzuna».

        — Gustura hemen? —galdetu dit neskak, loreak autora eramaten lagundu didanean.

        — Trafiko-zaratarik ez dago behintzat.

        Atzeko jarlekuan sakabanatuta daukadan liburu piloari begira geratu da.

        — Simone daukat izena, nahi duzunerako.

 

 

Hirugarren astea betetzen dut gaur hemen. Urtaro-aldaketa sumatzen da paisaian. Begian ere bai, beti lehorrago udazkenean.

        Lehen baino atzarriago erreparatzen diot izadiari. Hierofania-ehizan nabil (mezuei zokomiran txorien tobi-tobian, edo sorgin-orratzen txilinbueltetan, edo goroldioak berdaturiko istilean), ez atsegin bila, adimendu bila baizik. Jakin dakit portamolde honen logika nulua dela, superstizioaren erpinean nabilela. Hala ere, zantzu horiek abisuak ditut estatismo honetan pitzadurak zabaltzeko: egunero idatzi behar dudan orrialdearen puntua ematen didate.

        Atertu duenean hondartzara jaitsi naiz. Bainu laburra hartu dut, hemengo tiraina ez baitut ezagutzen. Ezkerretara, Cap Bretoneko itsasargia ageri da kai-muturrean.

        Bikote bat agertu da dunen artetik, pausoa pausoaren parean, barrezka. Sastada bat sentitu dut. Begia kendu zidatenean ere, ezin nuen alboetara begiratu, begi sanoaren higidurek tenk egiten zietelako, simetriaz, bestearen arrail hutsaren barruko puntuei. Nire erreakzioa gisa horretakoa da besteren zoriona ikusten dudanean.

        Ohituta egon behar nuke nahi dudana beti ez edukitzen; ez dago horretaratzerik, ordea. Zertarako matxinatu? Sare metalikoan hildako kalatxoriaren antzera, neure gosearen preso zenduko naiz, idealismo-birrinak mokoan.