Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

HILDAKOEN BEGIAK

 

Domu Santu eguna berton emateko aukera izan dut. «Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara» esaten zigun abadeak bekokian hatz lodiaz gurutzea marrazten zigun bitartean. Hortik ote dator T.S. Elioten bertso-lerroa? «Beldurra erakutsiko dizut hauts-eskukada batean». Aitita sakristauak azaldu zidanean ereinotz bedeinkatuak errez prestatzen zuela hauts hura, misterioa galdu zuen erabat niretzat.

        Irakiten daukat gorputza. Panteoian pausatu ditut eskuak, kiskaltzear, txapa gainean legez. Lore zimelen ordez berriak ipini, eta lixaz karrakatu ditut likenak (hilen egoitza kurioso edukitzea ere nori dagokio?).

        Kanposantuko farolen argi-lurrunak etxeko sua ekarri dit gogora. Ezkaratzean, etxeko emakumeek burdinarekin altxatzen zuten sutegiaren tapa, eta patata-azalak, ezpalak eta janari-hondarrak sartzen zituzten. Suak ia harrapatu egiten zituen indaben, lixibaren, kolonia merkearen eta botiken usaina zeukaten esku laztu haiek. Guztien artean hazi ninduten: ama, amuma, tia, amabitxi. Haien usadioari jarraitzen badiot, nire heriotza ez da izango gogoangarria, aurretiko sufrimendu gupidagarriz hornitutako amaiera diskretua baino.

        Amak gurutzetxo bat egiten zuen orriaren goiburu, gutun bat idaztera jartzen zen bakoitzean, izan aitari itsasora, izan lehengusinari Ameriketara bidaltzeko. Sineskera hari esker ondu egiten zuen borondatea, okerreko ezer esatetik libre geratzeko. Zuhurtziaren artea ikasi nuen harengandik.

        Amuma ez zen funtsik gabe berba egitekoa. Gurago zuen isilik egon, bere atazetara emanda eta bere pentsabideak berarentzat gordeta. Bost urte eman zituen ohean ankilosiak jota, gorputza alde batera jartzeko gai ere ez zela. Isiltasunaren boterea irakatsi zidan.

        Tiak (gerran baserria bonba batek erre eta amumak etxean hartutako ahizpa neskazaharrak) buruari eragiten zion sarramuskaren bat egiten nuenean. Arteztasuna estimatzen trebatu nintzen harekin. Goizero jaikitzen zen niri gosaria prestatzearren institutura joan orduko. Gatz apur batekin irakindako ura eta kotoia ere ipintzen zizkidan, begiak garbitzeko. Gela berean egiten genuen lo. Sentitzen nuen bere gorputzari hatz egiten, edota atzamarka amorratuan. «Zer, tia?» galdetzen nion. «Ezer ez, umea, egizu lo» erantzuten zidan. Goiz batean, sukaldean geundela, odol-parrasta bat isuri zitzaion gonapetik. Ez nuen ulertzen nondik zetorren baldosetan zabaltzen ari zen odola, txokolate kolorekoa, gosaltzeko orduan. Aluko minbiziaren berririk izan duzu inoiz?

        Amabitxi, pleuresia zuenez, ohean ezagutu nuen. Martirien eta santuen egitandiak leitzen zizkidan arratsaldeetan, eskolatik heldutakoan. Atzamarrean luzitzen zuen eraztuna promestu zidan, harri-kristal morea zuena, bera falta zedinerako. «Por favor, gracias, usted» noiz eta nori esan bereizten erakutsi zidan.

        Zaharrez eta gaixoz inguratuta hazi nintzen. Haiei zor dizkiet nire «baina» guztiak, nire hildakoen begirada jakinguratsu, muker, aztertzaile, samur, inoiz ez axolagabe, gogaitu, goresle eta maitatiei. Zizareek kontuak aspaldi atera zizkieten arren, haien begiak ez dira nigandik egundo desbideratu. Haien ondareak ez du baliorik inorentzat, neuretzat izan ezik, eta halaxe, gogoetok ere ez dute zertarakorik, neuri lagun egitea ez bada: paper-orea dira eta paper-ore bihurtuko dira.

        Behin batean arropa baten etiketan irakurri nuen biskosaren definizioa. Harritu egin nintzen, ez nekielako biskosa egiteko lehengaia papera zenik. Paper-oreak zetaren mugimendua ematen omen die beste materia batzuei, haiekin nahasten denean. Antzera, pentsaketa hauek arintasuna emango diote nire nostalgiari.

        Haurtzaroaren nostalgiaz, adituek esaten dute zera dela, aitortzeke dugun amorruaren lehen geruza. Ezen, urteak joan, urteak etorri arren, txikitan ikasitako portaerek iraun egiten dute: azkordinen moduan, desagertu eta berriz eratzeko joera daukate. Halandaze, ikasketa orok badu bere beste aurpegia, ez hain dotorea, dominek edo loteriako billeteek duten bezala.

        Konparazio baterako, zuhurtasunaren ifrentzua da ahotsa goratzen duenari kontra egiteko garunik ez garatzea. Diplomaziak badauka bere laidogarria.

        Isiltasunaren aldaerak hain dira ugariak, non esan gabekoek, erdizka esandakoek edo azpitik esandakoek atarramentua nahiz espantua emango diguten, aldian aldika.

        Halaber, zuzentasunaren sasikumeak dira «aurrera, tira ba, hori ez da ezer» eta antzeko esaldiak. Protesta-senaren ordez, plazebo eskuraerraza da amen jesus egitea.

        Eta gizabidearen iruntzian hipokresia dago. Bata non amaitzen eta bestea non hasten den bereiztea zaila denez gero, anbiguotasunaren pistan patinatzen ohitzen ikasten du batek, txairo eta xalo.

        Ondo ikasiak eskertuta eta gaizki ikasiak aztertuta, etxeko emakumeei leporatzeko dudan kargu grabe bakarra, hauxe: «ez» esaten irakatsi ez izana. Egin kontu, bitaminekin batera, amaren esneak betibai lorearen haziak erein zizkidala mihian. Hazi horiek gerora ematen duten lorea espartzuzkoa da, aho-mamina lauskitzen dizuna errotik moztu nahi duzun bakoitzean.

        Etxeko emakumeek ez zuten bakarrik bizi nahi izan, ez zuten aldaketarik bilatu, ez zuten kezkarik izan beren helburuen inguruan. Hala ere, ezin esan inoiz begiztatu ez zutenik bestelako aterik eta sentitu ez zutenik hura zeharkatzeko tenkadarik. Zorionez, ez dut haien sekretu, bertute, haserre, akats, beldur, menpekotasun, jelosia eta frustrazioak ikertzeko asmorik. Ez ditut distortsionatuko, nireak ez bezala.

 

 

Ahulguneak:

        1) Elizaren arloko berba gehiegi: sakristau, bedeinkatu, martiri, gurutze, panteoi...

        2) Familiako emakumeak idealizatuta daudela ematen du.

        Abnegazioaren kritika sendoagoa egin (alderdi negatiboak sotilegi ageri dira).

        3) Tradizioari atxikirik jarraitzeko asmoa ez badut, zein da nire mezu erreala goiko puntu biei dagokienez?

        4) Irlako eszenak (aurreko atala) eta hilerriko eszenak talka egiten dute.

        Den-denean utzi. Azken batez, halaxe gertatu da. Batera nahiz bestera sarri joaten naiz, egun berean batzuetan.