Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

KORALAREN PROPIETATEAK

 

Proposatu zidaten begiaren ordez inplante bat jartzea; hau da, plataforma bat josi zuloko giharrean, eta haren gainean biozeramikazko xafla bat itsastea, begia antzeratzen duena. Konponbide bikaintzat dute, material porotsu horrek begi barruko ehunak haztea ahalbidetzen duelako.

        Hidroxiapatitazko inplanteen garapena 90eko hamarkadatik honanzkoa da (nik 83tik daukat kristalezko alea). Karibeko uharte batzuetako koral batetik lortu zuten lehengaia. Konposizioan kaltzio karbonatoa duenez, transformazio kimiko batzuen ondoren gai biokonpatible bat ematen du, giza hezurraren antzeko substantzia bat. Hortik eratorri dira geroko material sintetikoak, hala nola polietilenoa edo alumina.

        Inplantea jartzea, ostera, mingarria da, oso, eta garestia. Ezezkoa eman nuen: egunen batean nire habiak ezin badio nire arrautzatxoari ostatu eman, laga egingo dut, besterik gabe. Horretarako daude partxeak (pozik legoke Saudi Arabiako apaiz hori, aldarrikatzen duena emakumeek jendaurrean, gorputza, ilea eta aurpegia ez ezik, begi bat ere estali behar luketela, partxea jarrita, haien begiradek gizonezkoen grina itsusiak tenta ez ditzaten).

        Perfekzioa eta erabilgarritasuna gorabehera, kristalezko begiak badu alderdi eskas bat: bekarrak. Norbera zenbat eta nekatuago, hainbat eta bekar gehiago. Eta zenbat eta sarriago garbitu, hainbat eta muki gehiago sortu. Horregatik, nik neuk ez dut inoiz kentzen begia, ez garbitzeko, ez lo egiteko. Bakoitzaren organismoak eta nahiak agintzen dute horretan.

        Egunean zehar nahitaezkoa da lubrifikazioa. Ohituraz daramatzat poltsan malko naturalen potetxoa, ispilua eta kleenexak. Gainontzean, sei hilabetero okularistarenera (begigilea da okularista) joaten naiz, mikrouhinen sistema baten bidez higienizazioa egin dezan. Eta kito. Ez dauka misteriorik kristalezko begi bat zaintzeak.