Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

SAGUTERAN

 

Lau eta erdietarako iluntzen du. Udazkenak Landetan ez dauka zerikusirik ezagun nuenarekin. Itxaroten nuen hori. Gauak eta egunak ezin luzeagoak dira. Isiltasunak ematen duen baketik hara, bakardadearekiko larderia da topatzen ari naizena, erretasuna. Nik neuk prestatutako saguteran harrapatuta nago.

        Ez zaizu sinesgarria egiten honenbesteko tormentua? Honelako estrabagantziak eta hortik gorakoak izaten ditugu, bada, engantxatuta gaudenean (beste kontu bat da nola ikasi auzi hauek beste modu batera ebazten). Ez duzu nahi nik aitortzerik M.rekiko hau dela zerik indartsuena nigan. Irakurri nahi duzu badudala beste pasio bat, handiagoa eta sakonagoa: idaztea, esate baterako. Hori egitea aurrera ateratzeko borondatea indartzeko era bat da, zure ustez.

 

 

M.k beste bi aldiz deitu dit. Arduratuta bide dago nigatik. Odolaren burrunba igarri dut belarrietan. Ez nauela behar nik bera beste, hori sentitu egiten du norberak. «Ez zara haserre egongo» esan dit. Bion arteko koxkak hortxe dirau, gorri.

        «Idatzi mezuren bat noizean behin, behintzat» eskatu zidan azkenengoan. Barre-karkaila mingarra egin nuen. Nireak bezalako mezuak ez dizkio inork bidaliko, hori seguru. «Otartekoa jateko orduan errepasatzen ditut zure mezu zaharrak, fabrikan bertan, edo lotaratzean. Berrehunetik gora dira, Meibi, berrehun lore». Badirudi ez naizela erabat izan mirabe hura, Sulem herriko neskatxa, erregeari urrutitik begiratuta koplak jaurtitzen zituena airera, alferrik, petaloak bezala, hitzak.