Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ADIN ARRISKUTSUAZ

 

Gorputzeko erlojua aldatuz doa. Hala agintzen dute urteek: loa gutxitu egiten da, gihar-masa gutxitu, kemena gutxitu. Lehenbiziko sintoma hilekoa irregular bihurtzea da (memoriaren intsumisioa lehenago nabaritzen bada ere). Hortik amaierara bitartean sartzen zara, atzerabiderik gabe, adin arriskutsuan. Ohituraz, aldaketaren adina deitu izan zaio (nerabezaroari bezala).

        Estrogenoen gabeziak desorekak eragiten ditu: bero tupituak, pultsuaren pirpirak, tupusteko izerdialdiak, pixa-galerak, lehortasuna baginan, umore-aldaketak, urduritasuna, bat-bateko tristuraldiak. Osasun-arazoak ere gerta litezke aurrerago, ezagunenak osteoporosia eta gaixotasun kardiobaskularrak.

        Begi lehorra deritzona ere bada prozesu hormonalen efektuetako bat. Azkura da zantzu nagusia, begiko mukosak ere sikatu egiten direlako. Alde horretatik, estimatzekoak dira malkoak, haien eragin onuragarria: tipula xehatzean, begian lohiren bat sartzean edo kearen eraginez jariatzen ditugun erreflexu-malkoei era-eran datorkie fardel emozionalaren ondorioz botatzen dugun malko kantitate gehigarria. Begiak infekzioetatik babesten laguntzen dute malkoek.

        Soja hartzeko tenorea da. Eguneroko dietan hartzen duten herrialdeetan txikiagoa da bularreko minbizi-kasuen kopurua. Hala ere, industria farmazeutikoan gai erasokorrak erabiltzen dituzte batzuetan (azetoa eta etanola, kasurako), eta zehazteke dago zer ondorio utz diezaioketen organismoari epe luzera.

        Ginekologoa adeitsua bada, arduratuko da gomendio batzuk iradokitzeaz: kaltziodun eta D bitaminadun elikagaiak hartzea; koipeak saihestea; arrautzak, kafea eta edari alkoholdunak murriztea; arraina hobestea okelkien aurretik; tabakoa uztea; te berdera ohitzea; eta kirola egitea. Eskuarki, ez dute azalpenik ematen: azken hilekoaren data apuntatzen dute, besterik aipatu gabe (haurra izango duzunean bezala, arretak eta neurriak erditzearen unean biltzen dira, edoskitzaroak dakarren aldapa pikoaz inork abisurik ematen ez dizula). Azken hilekoaren datatik urtebetean odol-jariorik ez denean, au revoir la jeunesse.

        Aspalditik hartzen ditut pilula mineralak, bat goizero. Horri bai, eutsi diot. Bihartik aurrera ganoraz gosaltzen eta kirol apur bat egiten saiatuko naiz. Eguraldiak laguntzen badu, bizikleta bat alokatuko dut.

        Udaberritik hona behin etorri zait hilekoa, marka luzanga pare bat, maiatzean, fluido ilun baten nahi eta ezin bat, ez arestiko turrusta mamitsuak. Bosgarren etena dut jadanik; horixe izango zen azkena, beharbada. Menopausia, ordea, ez da hilekoak kito esatea bakarrik.

        Bero-unada batek jotzen zaituenean, artilezkoa lakoa sentitzen duzu gorputza. Izerdiak lika uzten dizu ilea kopetan eta lepoan. Bizpahiru minutu irauten du gorakadak, eta gorputzetik gandua askatzen ari zarela iruditzen zaizu (poltsetara abanikoa iristen da, ez arrazoi erromantikoengatik).

        Aurretik hasten zaizu gorputza aldatzen. Zabaldu egiten zara, jogurt potea platertxo batera iraultzean bezala. Sabela bigundu egiten zaizu, halako moldez non, alboz etzaten zarenean, saihets aldera higitzen zaizun, zahagi baten moduan. Bularrak ere bai. Besoetako giharrek dantzan egiten dizute eta hanketakoek kulunka. Orban banakak ateratzen zaizkizu bekokian. Bular-puntak, aldiz, zurbildu egiten dira. Lepoko azala zimurtu egiten zaizu («terziopelo bizia» esaten zion M.k nire lepoari), eta eskua aurpegitik pasatzean izur finak eratzen zaizkizu, zetazko zapiei legez. Azalaren soinua ere aldatu egiten da: izterrak laztantzean marruskadura arina entzuten duzu, eta baliteke azal hila, ezkataren batzuk, askatzea. Ilea urdintzen hasten zaizu buruan eta aluan. Beheko ezpainak mehetu egiten zaizkizu.

        Estriak ditut sabelean. Argizarizko errekatxoen itxura dute. Zilborrak berak hortzez gabeturiko aho laxoa ematen du, harrizko iturrietako irudi mitologikoek izaten dutenaren antzekoa. Sabela dut gorputzeko alde itsusiena. Hamar bat zentimetroko bi orbain paralelok zeharkatzen didate pubis gaina alderik alde. Finak dira, ez gorri biziak, baina hor daude, sabela bitan zatitzen didatela, Falopioren tronpak kendu behar izan baitzizkidaten uteroz kanpoko bi haurdunaldiren ondorioz (zori ona izan zen bataren eta bestearen artean semea eduki ahal izatea). Horrenbestez, garbi dago estirpazioak badirela leit-motiv poetiko bat nire bizitzan. Umorez esan beharko.

        Bestalde, ebaluazio positiboa egiteko orduan, nota ona ematen diet azalari eta ahoari. Eta nola ez, eskuin begiari.

        Esandako guztiarekin batera, beste hori dator. Beste guztia, endredoa. Ez naiz ari asaldura mental batez, larriduraz baino, inoiz ez delako arras eta betiko desagertzen bizitza osoan lagundu digun galderatxoa («Zer edo nor behar dut neure burua aurkitzeko?»). Biziaro bakoitzean kapaz izan garen arren erantzun balekoa emateko, galdera horren sorburua den irrika, asegaitza denez gero, zirika hasten da berriz helduaroan.

        Iraultza intimo hori barnebiltzen duen sasoiari adin arriskutsua deitu zion Karin Michaelisek XX. mendearen hasieran, izenburu horretako nobelan. Berrogeitaka urteko emakume batek senar maitatia eta bizimodu erosoa lagatzen ditu uharte huts batera erretiratzeko. Etxe bat eraikiarazi du bertan, eta gutunen bidez gauzatuko du kanpokoekiko komunikazioa. Gutunotan, emakume batzuek klimaterioan izandako aztorapen psikikoez mintzatzen da; eta bere koadernoan, besteak beste, isiltasunaren ikaskuntza deskribatzen du. Ez du, inondik ere, depresio-zantzurik. Bakardadea aukeratzen du, errotikoa, «besteen» modukoa ez izateko. Eromena ez da bidea.

        Gertatzen da bakardadearen abaroan ez ezik, inoren konpainian aurkitu nahi izaten dela poz-arnasa (nahiz eta ondotxo jakin hori baino errentagarriago eta eraginkorragoak direla elikadura osasungarria, lan serioa eta jarduera fisikoa). Eta sinistuta gaudenez honezkero arrazoi gutxiago dugula beldurra sentitzeko edo norberarentzat garrantzizkoak diren gauzak egiten ez saiatzeko, alegoriak eta teoriak asmatzeari ekiten diogu gure jokamoldea arrazoitze aldera.

 

 

Klimaterio. Zeharo adierazgarriak Plazido Mujikaren hiztegian climatérico hitzaren euskarazko ordainak: gaitz, gaizto, galgarri, arriskuzko, galbidezko. Gaztelaniazko crítico hitzaren adieratzat ematen ditu, gainera. Grazia berezia topatzen diet galtzearen ideiarekin zerikusia duten adierei, nire katramila hauen nondik norakoa kontuan hartuz gero. Galtzearen adierak zein baino zein grafikoagoak baitira: lehenago geneukan zerbait nahi gabe nonbait uztea; zerbait alferrik gastatzea; zerbait desagertzea; eta zerbaiten eraginez beste zerbait hondatu, suntsitu edo ezereztea.