Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

POZOI TANTA BAT

 

— Ikusi egin nahi zaitut.

        — ... Erdi lotan nago.

        — Ez esan gezurrik, argia daukazu balkoian. Banoa.

        M. eskaileran gora sentitu dut. Atea irekiz gero etorriko zen arriskuaren jakitun izanagatik, zoliagoa izan da M. hainbeste denboran begi-bistan ez izatearen minsorra. Begiak ere izaten dira urgura.

        Ez dut besarkatu, ez nau besarkatu. Konplimenduzko berben tokia isiltasun egongaitz batek hartu du. Hemen M., betiko begirada deslai eta guzti. Horixe da M.k niretzat duen peligroa, begirada hori, bere saroia izateko gogoa ematen didana.

        — Okindegira noanean, edo portura jaisten naizenean, egunero, zure etxepetik pasatu eta «Non ote dabil Meibi? Zer moduz ote dago?» pentsatzen dut. Esatera etorri naiz, jakitea nahi dut.

        Ezpainak estutu ditut. Gaitzespena irakurri du nire keinuan: jokoaren arauak beste batzuk dira orain. Begi-begietara hitz egin dit.

        — Egun hartan, hondartzan, lehen aldiz berba egin genuenean, zeu zinen han egon behar zuena.

        Pozoi-tanta bat egarri denari, ez da zilegi.

        — Faltan hartzen zaitut —jarraitu du.

        — Neuk ere bai, baina zer esan nahi du horrek...

        M.ren mineriak ezin ditu estali azken hilabeteotako miseriaren zuloak. Ezin du ordezkatu haren ahotik sekula entzuterik izan ez dudan esaldi puta hori («maite zaitut». Hain zaila da esaten? Dena den, nahiago ez entzun, «neure erara maite zaitut» epel bat entzun baino).

        Ez dakit zer nahi duen. Batzuetan aingura bila ibiltzen gara, lasta eske, zehatz jakiteke zergatik. Inoiz ez dut jakingo maiteminak, atsegintasunak edo esker onak ekartzen duten nigana. Edota guztien multzoak. Esan diot:

        — Ez larritu, lehenagotik ere ohituta gaude-eta malamaneran egoten, bai zeu, bai neu.

        Erraza zatekeen tentazioan jausi eta erresistentzia handiagoa agertzea M.ren zintzotasuna proban jartzeko. Baina taktika zentzugabea deritzot, azpildura zalea izan ezean.

        Desengainua islatu da M.ren masailetan.

        — Ez duzu halabeharrean sinesten, badakit. Baina berba egin behar dugu —ekin dit.

        — Bihar goizean, hondartzan.

 

 

Oharra: Bitarte honetan langabeziak gora egin du. Hedabideetan kakaraka dabilen krisiak jendeari ukabila itxiarazi dio sosek poltsikoetatik ihes egin ez diezaioten, beste jende asko hipermerkatuen kanpoaldean pilatzen den artean, edukiontzietatik elikagaiak eskuratzeagatik. GKEen arabera, baliabideak ez dira nahikoak, ezta hurrik ere, laguntza eske doazen ilarei arreta egiteko. Badira aitona-amonen etxera bildu diren familiak, haien pentsioa beste diru-iturririk ez dutelako.

        Fikzio politiko bat da krisiaren epizentroa, finantza-erakundeek asmatutako burbuila toxiko programatua. Noiz egon da kapitala kontrola galtzeko prest? Popatik.

        Ez dut hori bat-batean aipatzen gizarte kutsatu honen salaketa egiteko erantzukizunak xaxatu nauelako (demagogia litzateke, gainera, neure bizi-tankera kontuan izanez gero), baizik eta ahalkizun dudalako nire garramura izatea idazki honen grabitate-zentro aldagaitza egunak joan, egunak etorri. Nolabait, zikin sentitzen naiz hain neurekoia izatearren. Onartzen al duzu desenkusarik? Ezezkoan bazaude, ez zaitez joan hurrengo orrialdera. Bidal nazazu pikutara.