Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
GAZTATXO KAXAREN TEORIA
Egia esateko, bigarren mamografiaren diagnostikoa ona izan zen. Arretaz jagon beharreko kaltzifikazioak ziren mantxa biak, ez tumoreak (eta fini episodio hau, hainbeste planta, ezerezean geratutako alarma batengatik). Alabaina, bitartean neure estatistikak egin eta gero, gaztatxo-kaxaren teoria enuntziatu nuen:
— Bizitza gaztatxo-kaxa bat da —esaten nuen—, baina atal guztiek ez dute iraungitze-data bera. Nirean, badira ordezkatu beharreko lau: bikote-bizitza, lanbidea, bizilekua eta poesia (sinetsi ala ez, momentu hartan antzu nengoen, nahiz eta lasterrera, aipatzen ari naizen gertaera guztiak ernal-indar literario oparoa bilakatu zitzaizkidan); beste hiru atalak fresko daude: semea, lagunak eta neure utopia.
— ...?
— Andreago eta jabeago izatea.
— A! Baina gaztatxo-kaxek zortzi atal ez dituzte edukitzen? —galdetzen zidan hurreko jendeak.
— Demagun zortzigarrena komodina dela, gauza berrientzat gordetako tokia, aldaketak ontzat hartzeko gaitasuna... ura izateko ahalmena. Be water, lagunak.
Orain lotsa ematen dit nire jarrera axal horrek. Zenbat aldiz ez nintzen barregarri geratuko. Areago M.renaren ondoren, konprobatu dudanean buruarekin egiten diren hausturak eta bihotzarekin egiten direnak ez direla aldiunean ez eta aldi berean uztartzen.
Erruki diet (eta mirespen poxi bat) beren gaztatxo-kaxaren tapa inoiz zabaltzen ez dutenei, kukumarroa kentzen saiatu ere egiten ez direnei, emazte, ama eta alabaren mozorroak (karakterizazioak) hain egokitu zaizkie soinera, hainbeste denbora eta ahaleginen ondoren. Beren zorionaren alfak eta omegak zehatz mugatuta dituzten horiei, txalo bero bat. Hala ere, ilea moztu edo tindatu arren, ideal aitorrezinak ez ote die azkura egingo buruan. Agian erostetxe handietan aurkituko dute sublimazio-bide zilegizkoa. Ausardia modu bat behar baita hertsaturiko sentimenduei azalera irteten uzteko, baita argitasun modu bat ere, berebiziko galderaren terminoak aldatzeko (hau da, «Zer edo nor behar dut neure burua aurkitzeko?» itauna «Nola nahi dut bizi orain?» bihurtzeko). Adrienne Richek Adrienne Richi galdetu bezala: «Zer egiteko asmoa duzu geratzen zaizun bizi-denborarekin?». Erantzuna ate ezezagunaren bestaldean dagoela sumatzen delarik, arre edo iso, nork zer egingo du, bataren edo bestearen ondorioak inondik inora konparatzekoak ez izaki.
Ezagutzen ditut amorantea adin honetan hartu duten emakumeak. Esan didate hori egitea beren buruari errespetua edo balioa erakusteko era bat iruditu zaiela. Gehienetan, afera horixe izaten da lehena eta bakarra, eta helburu arkitektonikoa izaten du nolabait, egunerokoaren armazoiari eusteko zutabe osagarri bat eskuratzea. Maitasuna ere izan liteke bultzada. Batera zein bestera, biziraupen-kontua omen da: B harremana A bizimoduaren sostengua da; eta B egokiera ostendu beharra, A egoera artatzeko pizgarria.
Askok ezkutatu egiten dute pasarte hori, altxorra larrean lurperatu zuenaren eredura. Gutxi batzuek ematen dute argitara, beste irtenbiderik egon ezean, edota senarra uzteko gertu daudenean (senarrak berak utzi ez baditu, jakin eta batera; nahiz eta badiren senar entregatuak ere, gertatutakoa ahaztu eta berriro hutsetik hasteko prest, emaztea beragatik, edo seme-alabengatik). Banakaren batek poltsikoan sosik ez duela alde egiten du, ezer eskatzeke eta ezer azaltzeke. Salbuespenak salbuespen.
Gizonezkoei dagokienez, inpresioa daukat asko eta askori eramangarriago egiten zaiela gazta-pusken kalitateaz ez artegatzea honako baliabide hauei esker: futbola, garagardoa, mus-partidak, kanutoak, kirola, txokoko afariak, arrakasta edo botere publikoa eta putetxeak. Salbuespenak salbuespen.
Carolyn G. Heilbrunek honela azaltzen du Nola idatzi emakume baten biografia saiakeran: «Emakume gehienek maitatu beharra bihurtzen dugu gu geu maitatuak izateko beharra eta, beraz, gizonengandik eta seme-alabengandik itxaroten dugu haiek, euren bizitzetan murgilduta daudela, eskain diezaguketena baino gehiago». Egunkarian murgilduta zoriontsua den gizon baten ondoan emakume frustratu bat egoten da normalean. Jakina, egunkariaren tokian, beste substantibo batzuk jar litezke. Esan nahi baita: gizon baten zoramen-adorazioa ez bada emakumea haren barnean biltzeko bezain indartsua, emakume horrek erretxinduta bukatuko du, goiz edo berandu, eta hortik aurrera, auskalo zer etorriko den. Alice Munroren ustea da hori Sekretuak oihuka bildumako ipuin batean. Liburuaren izenak aski esaten du.