Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
Aurkibidea
Kristalezko begi bat objektu bat da
Efektu dermikoak: maskorra eta sarea
Mamografia batek nola eragin zuen kalearen alegoria
Kristalezko begi bat metafora bat ere bada
Okularistikaren historia laburra
Kristalezko begiak patologia kongenitoen kasuan
Txoriak, hotza eta hegal hautsiak
Monoftalmia eta eguneroko bizimodua
ITZALA
Eguzkiak ingurua argitu arren, itzala pittinka barneratzen zaizu poroetatik, zainetarako bidean. Ezpainak estutzen dituzu izurri tankerako horri hesiren bat jartzearren, baina kokatu zaizu ahoan, piku bigunegi baten moduan dardaraz duzun hobian. Hedatu zaizu aho-sabaira ilunaren latorri-zaporea. Mihia pasatzen duzu hortzetatik, lehor dituzu papilak.
Sudur-hobiak umeltzen zaizkizu. Musuzapiari atximur eginez baretzen zara (poltsikoan aurkitutako zapia lehenago burututako beste batailaren baten lekuko objektiboa da). Hankak astuntzen zaizkizu. Ez duzu lurrean etzatea besterik, umil, txakurra ugazabaren jipoia hartutakoan bezala. Badakizu hobe dela aurka ez egitea, den-denean zabalduko zaizula muinetaraino, eta zeure izatearen eremu ezagun eta ezezagunekin nahastuko dela ore trinko eta antzekaitza osatu arte.
Halako batean zirkin egingo duzu, hozkirria sentitzean. Luzaro egon zara alfonbran botata. Nekez zutundu zara. Zure gorputzak leihotik sartzen den argia xurgatu eta silueta bat proiektatzen du, orpoetan jaiotzen dena. Soslai makurra da, barruko masak erditutakoa. Horregatik, itzala galdu zuten harako haien istorioak datozkizu gogora, haiei buruz zer esaten den, ez zeruan ez lurrean tokirik topatu ez zuten arimak direla gerizak.
Mahai-tresnen tiraderari begira geratu zara. Nahiko zenioke aiztoa sartu zeure itzalari, erdibitu edo ebaki. Ez duzu nahi zurekin egoterik, inora laguntzerik. Ezinezkoa da, hala ere, norberaren itzaletik askatzea.
Beste itzal batzuk oroitu nahi zenituzke: mahats-parra batena, edo izkirena ume baten hondartzako baldean, edo zeure buruarena gazteagoa zinenean. Baina denak mudatu dira, eta arrotz, margul eta iheskorrak dira orain. Eta zuk zeure itzalpean hartuta irauten duzu, kristalezko flaskoan horma joka dabilen erlamandoaren antzera.