Poesia kaiera
Poesia kaiera
William Butler Yeats
itzulpena: Juan Kruz Igerabide
2022, poesia
64 orrialde
978-84-17051-86-0
William Butler Yeats
1865-1939
 
Poesia kaiera
William Butler Yeats
itzulpena: Juan Kruz Igerabide
2022, poesia
64 orrialde
978-84-17051-86-0
aurkibidea
 
Hitzaurrea

 

      “Konkista, zailtasuna, ahalegina”. Hiru izen horiek erabili zituen Seamus Heaneyk William Butler Yeatsen sormenaren aiurria deskribatzeko. Yeats (1865-1939), izan ere, ahots poetiko bere-berearen bilaketa etengabean aritu zen 50 urte eta dozena bat inguru poesia liburuko ibilbide luzean. Ordura arteko ingeles poesia viktoriarrarekin hautsi, eta, bere militantzia politikoarekin bat,  irlandar herriari poesia berri bat eskaintzeko ahaleginean jardun zuen. Irlandar Literatur Pizkundea deitu izan denaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, bere proposamen poetikoengatik ez ezik antzerkiaren alorrean egindako ekarpenarengatik ere: Dublineko Abbey Antzokiaren sortzaileetako bat izan zen, eta han taularatutako dozenaka testu dramatikoren egilea. Irlandako bardoa da Yeats, eta halaxe ulertu zuen berak ere bere rola. Nobel saria jaso zuenean —historiako lehen irlandarra izan zen Nobel saria jasotzen, 1923an, sinbolismo handiz, Irlandako Estatu Askea eratu eta hurrengo urtean—, halaxe adierazi zuen: “Nago sari hau gizabanako gisa ez baizik eta irlandar literaturaren ordezkari gisa jasotzen ari naizela”.

      Eta hala ere, ez ziren beti bat etorri Yeatsen gurari eta interesak eta garai hartako Irlandako gizartearenak. Behin baino gehiagotan ageri zaigu poeta zapuztuta eta minduta bere herrikideen artean ikusten duen arduragabekeriagatik. Bestalde, Yeats, gizon suharra, grina handiz eman zitzaien bizitzan zehar sortu zitzaizkion askotariko interesguneei, gehiegikeria eta teatraltasun ukitu batez ere bai zenbait poematan, eta pentsatzekoa da interesgune horietako batzuk urrunak eta eszentrikoak gertatuko zitzaizkiela irlandar irakurleei, batez ere okultismoari eta esoterismoari lotutakoak.

      Euskal idazleen artean itzala izan du eta du Yeatsek.  Joseba Sarrionandiak haren hainbat poema jaso zituen Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan (Pamiela, 1985), eta badira hango eta hemengo aldizkari eta webguneetan Koldo Izagirrek, Andolin Eguzkitzak, Josu Lartategik, Luigi Anselmik eta Hedoi Etxartek argitaratutako itzulpenak ere. Antologia honek, lehen aldiz, Yeatsen gai eta obsesio errepikatuenen bilduma osotu bat eskaintzen du: irlandar folkloreko kantu eta elezahar berreskuratu eta eguneratuak, mitologia zeltako heroiak eta haien balentriak, Maud Gonne iraultzaile independentista eta Yeatsen musa idealizatuari behin eta berriro egindako aipamenak, orduko gertakari politiko esanguratsuenen irakurketak, zahartzeari buruzko gogoetak, mistizismoaren bidezko espiritualtasun zaharberritu baten bilaketa...

      Yeatsen asmo berritzaile eta hausleek eta haren izaera kartsuak neurri gabeko molde askeak erabiltzen zituela iradoki balezakete ere, ez da hala: “Pasiozko gai baterako pasiozko sintaxi bat behar dudanez, hizkuntzarekin batera garatu diren metro tradizional horiek nire egitera behartzen dut neure burua. [...] Kontserbatzeko, antzinako gatza da onena”. Poesia ingeleseko askotariko molde tradizionalen ezagutza zabala zuen Yeatsek, eta aberastasun eta zorroztasun nabarmenak erakutsi zituen alderdi formaletan. Eta Juan Kruz Igerabideren itzulpenak bikain jasotzen du Yeatsen bertso-lerroen kadentzia eta sonoritatea.

Isabel Etxeberria Ramírez