AKUSAZIO FALTSUAK
Egunez egun jolasa galarazten zuen etxerako lan pilaketa ohitura zen bezala, udan ere —gure probetxurako, aisiaren eta norberarentzako denbora propioaren bekatutik aldentzeko— irakasgai bakoitzaren egiteko zerrenda luzeaz betetzen genuen motxila. Egiteko horiek guztiak hurrengo kurtsoaren hasieran eman behar genizkien irakasleei, gure lana bete genuela egiazta zezaten. Era berean, egiteko horietatik gehien-gehienak zuzendu barik botatzen zituzten zakarrontzira, Nagiaren Bekatu Kapitala ez baitzen irakasle eta mojengan pentsaturik ezarri. Hala ere, hustasun intelektuala lantzen zuen eskola hartako anni horribilietan inoiz edo behin irudimena airera askatzeko aukera ere aurki zitekeen. Horietako bat Hizkuntza eta Literatura ikasgaian izan genuen.
Zazpigarren kurtsoan erromantizismoa ikasi genuenez, kondaira bat idatzi behar izan genuen Becquerren Rimas y leyendas obraren estilora. Gustura egon nintzen istorioa asmatzen, berbak aukeratzen, esaldien erritmoa zaintzen... Harro eman nion irakasleari lana eskura eta, zergatik ez esan, nik egindako lana ona zela berretsiko zuen aprobazioaren zain egon nintzen hurrengo egunetan.
Azkenik heldu zen eguna. Ohitura zuen bezala, irakaslea banan-banan joan zen notak ozen esaten klase osoaren aurrean, alfabetikoki. Gómezen atzean, González. “Suspentsoa”.
Arrazoia: kopiatu izana.
Pulpitutik epai hotza. Togarik ez zuen behar. Frogarik ere ez.
Ez nuen ezer esan. Ez eskolan, ez etxean. Eskolan ezer esatea alferrikakoa zatekeen. Irakasleak ez zeukan nire kontrako frogarik, baina nik neure alde frogatu ezinezkoa zen egia baino ez neukan. Egia eta egia hori entzunarazteko boteretik guztiz aldentzen ninduten hamaika urte. Etxean lotsagatik. Ez suspentsoak ematen zidan lotsa, baizik eta sinistua izan ez izanak sorrarazten zidan ahalkea.
Ez dut kondaira hartatik askorik gogoratzen, salbu eta protagonistak, amaierako klimaxean, zeharkatu beharreko atea. Detaile guztiz irudikatu nuen neure buruan ebanozko ate hura. Oraindik ikus dezaket. Handitasuna, dotorezia eta gurutzatzeak ekarriko lukeen amaiera zirraragarria iradokitzen zuten berba konkretu, landu eta misteriotsuz deskribatu nuen.
Horrexegatik zen ebanozkoa. Amaiera beltza iragartzen zuelako. Epaile jaunak arrazoiak omen zeuzkan: hamaika urteko ze umek daki ebanoa zer den eta, are gehiago, zeren metafora den.