AUTOBUSA
Aurreko atsoak aitaren egin du autobusa mugitzen hasi bezain pronto. Atzo antipsikotikoak hartzea ahaztu nuela konturatu naiz. Ez ditut gaurko ametsak gogoratzen, halere. Liburua atera dut. Zahartzen naizenean ez naiz bakarrik egongo, liburutegi ederra, behintzat, izango dut. Eztulka hasi naiz. Listua kontrako samatik joan zait. Karamelua ez. Eskerrak. Aitaren eztul berbera izan da. Erretzailearena. Bentanatik astoak ikus ditzaket. Eta ardiak. Eta zaldiak. Eta ahuntzak. Txori bat. Txoriek berba egiten didate eta ez diet sekula ulertzen. Santzen zarata baino ez dut bereizten. Liburura bueltatu beharko nintzateke. Liburuak apalategietan ikuste hutsak bakardadea samurtzen dit. Haserre nago. Oso haserre. Atzoskolak masakratzeari utzi beharko nioke. Atzoskol luze eta gogorrak nahiko nituzke. Gorriz margotuak. Andoniren aurpegia zarramazkatuko nuke horrela. Tripak zarata atera dit. Hutsik dago. Gorroto hau, borborrean daukadan indar hau, probetxuzko zerbaitera bideratu beharko nuke. Letrekin adiskidetu berri naiz. Hain adiskideturik ezen orain ez baitaukat denborarik buruan dabilkidan guztia idazteko. Letrek ez ninduten salbatu. Militantziak ere ez. Osatuko nauen zerbaiten bila beti, aurrera, transzendentziaren xerka. Biziari zentzunen bat emateko ahalegina. Osatu: “bete”, bizkaieraz “sendatu” ere esan nahi du. Eta liburu guztiak elektroniko eta hotzak direnean? Euskara ulertuko dut zaharretan edo ahaztuko zait? Beldurgarria izango litzateke nik idatzitako zerbait esku artean izan eta zer esan nahi duen ezin asmatzea. Ama hizkuntza badakit ez dudala ahaztuko, baina ikasitako guztia ahaztu daiteke. Gazteleraz amestuko dut berriro? Chomskyren teoriekin amestu nuen lehengo egunean. Tabernako barran. Chomsky hizkuntzalariaren ekarpenak azaldu nizkion bati. Gezurra badirudi ere, inork gutxik daki Chomskyk iraultza ekarri ziola hizkuntzalaritzari. 1. Hizkuntza guztiek egituraketa berbera daukate. 2. Izakiok jaio orduko egituraketa hori buruan daukagu programaturik. Ardoa edaten ari ginen. Liburuen pisua igartzea gustuko dut. Usaina ere bai. Hanka lokartu zait. Ordu honetan normalean ez da honen autobus txikirik etortzen. Beharbada erlijioak eta superstizioak konpartitzen duten funtzioaz idatzi beharko nuke. Bai, gure esku ez dauden gauzak kontrolatzeko ahalegina baino ez direla biak. Eta kostunbrismoaz. Iluntzean. Edo beste batean. Nonbait irakurri nuen esaldi oso polita, sinestunak zazpi aldiz berraragitu behar badira ere, ateook hiru bider baino ez ditugula behar, denbora gehiago ematen baitugu jainkoarengan pentsatzen. Korapilo modukoa daukat tripetan. Berriro kostatzen zait jatea. Hestegorrian ile marapilo batek traba egingo balit legez. Katuei horrelakoak gertatzen ei zaizkie. Katuak gorroto ditut. Andonik sutu egiten nau. Zelan esan zidan baietz? Baietz! Laga behar izan nuela orduan! Ezin dut burutik kendu. Asteburu osoa etxean emango dut. Idatzi behar dut. Bueno, idatzi nahi dut. Arropa zuria garbitu, hori bai da beharra. Zigarroa amatatu berri dut eta berriro piztu. Non daukat burua, ba? Sortzeko burutik jota egotea ezinbestekoa al da? Horrela delakoan nago. Gutxieneko desoreka bat seguru beharrezkoa dela. Hala ere, nor bere zoroak bizi du. Zoramen hori onartzean eta erabiltzean ote datza kontua, orduan? Más Platón y menos prozac liburua. Nori otu zitzaion filosofia autolaguntza dela? Ze ostia da autolaguntza? Hori bai, agian filosofiak edo filosofia terminoaren erabilerak dirua eman duen lehenengo aldia izan da ditxosozko best seller hori. Pare bat psikologo ezagutzen ditut, nahiko hurretik, baina ez espezialista moduan, eskerrak, burutik guztiz eginda daude eta. Beti pentsatu izan dut holakoek Psikologia ikastea erabaki zutela ea horrela euren burua konpondu ahal zuten. Antza, ez dabil horrela kontua. Zuzenbidea ikasten zutenek pena ematen zidaten. Liburukote itzelen artean, lauzpabost koloretako errotulagailuez dena azpimarratzen. Dena buruz ikasten. Eskola eta institututik irten eta unibertsitateak pentsamendua askatzea zuela helburu uste nuen. Idealismo petral honek akabatu egingo nau. Seguru. Ez daukat asmorik idealismo hori neuk akabatzeko. Erraz bereizten ziren dirudunak eta langileen alabak. Modan zegoen Enpresa ikasketak egitea. Askotan gogoratzen dut Gotzon Garate, irakasle kuttuna. Beste batzuk ere bai. Onerako zein txarrerako. Doktoretza ikastaroan azken hauetako bat zera esatera ausartu zen, erdarazko maileguetan hasierako “s-” euskaraz “z-” bihurtu zela “s-”rik ez geneukalako protoeuskaraz. Seguruenik ez dakizu hau zelako zentzubakokeria den, baina itzela da. Gure Gotzon-Motzonek Por quién doblan las campanas oparitu eta barruan “egunen batean horrelako liburu on bat idaztea” opa zidan. Liburua ez zitzaidan gustatu. Onena titulua eta, gainera, John Donneren pasarte batetik hartua. Metallicaren For Whom the Bell Tolls kanta. Zelan zekien Gotzon Garatek noizbait zerbait idatzi behar nuela? Ez nion sekula ezer esan. Neska errepublikarren irudia higuingarria da. Babesa behar duten animaliatxoak, bera, gizona, gudari ausarta. Neska errepublikarrari arradatutako buru gainetik eskua pasatzen dionean, irudi hori ezin dut burutik kendu. Benetan eman zidan nazka. Lotara joan beharko nintzateke.