AMETSA
Odola ahurka batzen ari naiz, Bereterretxeren khantoreko Margaritaren antzera. Maria Santzen pena beltza daukat bihotzean, baina.
Odola ukondoetara arte jausten zait, hamaika adardun erreka bailitzan. Batzuk salbatuko dira, beste batzuk zerraldo eroriko. Batzuk salbatzeko, beste batzuk hil beharko dira. Neure ametsa da. Ez naiz ni hildakoen artean izango.
Berriro sartu ditut eskuak bidoi barrura, eragin egin dut, buru bat atera dut azkenik. Gure larruen bila datozen horiei eskaini diet opari. Handik irteteko atea seinalatu didate.
Atea gurutzatu dut geziak saihesturik. Irteera baimendu izanak ez du, ordea, tregoarik ekarri. Beste aldera heltzea lortu dut. Nirekin batera beste batzuk salbatu behar ditut, baina atearen bestaldean ez dago zin egindako salbamendurik. Geziak saihestu ditut berriro etorri naizen lekurantz. Hildakoak alde bietan, hildakoak zubi azpian.
Hegazti zuri eder boteretsu bat hartu eta burua samatik banatu diot tenkada sendoaz. Odola dario. Aurpegira isuritako odola garbituko nuke, eskuak, besoak, arropa, odolez blai izango ez banitu. Ez dago beste aterik, ez dago nora jo. Hildakoak besterik ez. Aurrera jarraituko nuke, aurrera non den jakingo banu.
Aurrera jarraitu dut, noiz amaituko zain. Odola izerdi bilakatu da eguzkiak gelako leihotik iratzarri nauenerako.
Albatrosa erailtzeagatiko madarikazioa: bizian hilda bizitzea. Coleridgeren marinel zaharraren baladan bezala.