JABETZAZ (II)
Aimarrek ez zuen Agurne maite, batzuetan kontrakoaz konbentziturik bazegoen ere. Aimarrek Agurne nahi zuen, Agurnerentzat pertsonarik bereziena bera izatea nahi zuen, bere atentzioa izan nahi zuen, beste guztiengandik berezituko lukeen harreman estuagoa nahi zuen, guztietatik bera aukeratua izatea nahi zuen.
Horregatik ausartu zen egun batean Agurneri musua ematen, Agurne ikutzen, Agurnerekin aferatxoa izaten. Boterea dastatu nahi zuelako. Aimarrek Alazne maite zuen edo, behintzat, horixe esaten zion bere buruari Agurne maite zuela bururatzen zitzaionean. Alaznek bai maite zuen Aimar eta Aimarrek bazekien Agurnek ez lukeela sekula maitatuko.
Agurnek ez zuen Anartz maite. Menderakuntza. Jabetza. Boterea. Horixe maite zuen. Agurneren ahoan mesedeak aginduak baino ez dira. Berak betetzea nahi duen eran beteko ez direla jakinda, zor bihurtzen dituenak. Zor txikiekin gogorarazten dio Anartzi ezin izango duela sekula zor eternala kitatu.