GERRAZ (I)
Erbesteratutako siriarrengatik jende onak errukia sentitzen du, hainbesteko errukia ezen euretako askok aspaldiko domund-ak ordezkatu dituzten SMSak bidaltzen baitituzte. Sasoi bat egon zen zeinean Kosovoko albaniar erbesteratuen errukia ere sentitzen zuten, orduan SMS kontzientzia garbitzaile merkeak existitzen ez baziren ere.
19 urte iragan dira Kosovoko 92.000 albaniar errefuxiatu beste herrialde batzuetara ebakuatu zituztenetik. Estatu espainolak armadaren boeing hegazkinak ere erabili zituen bere lurraldera hainbat eramateko. Kosovoko serbiar errefuxiaturik, halere, ez zen inon ageri, ez zen inon aipatu, ez ei zen existitzen. 19 urte iragan dira NATOk, Solana espainiar ministro ohia buru, Jugoslavia bonbardatu zuenetik, 19 urte Kosovo gainean pobretutako uranioz hamar milaka bonba bota zituenetik. Baina hori 1999an izan zen. Orain, mundu guztiak dakienez, Kosovoko albaniar guztiak delitu eta lapurreta egileak baino ez dira, mafiari lotuak. Horrelaxe dio, behintzat, 2018. urtean 1999ko prentsa berberak.